Live

NAIZ

Udazkenean estreinatuko da Akelarre musika taldearen gaineko dokumentala

Akelarre musika taldearen ibilbideari errepasoa egiten dion dokumentala estreinatuko da udazken honetan. Dokumentalaren ekoizpen lanak amaitzen ari dela iragarri du Durangoko Bideografik ekoiztetxeak.

Amezketan egindako filmaketaren irudia.
Amezketan egindako filmaketaren irudia. (BIDEOGRAFIK)

«Akelarre bueltan da». Goiburu horrekin iragarri berri dute 70eko hamarkadan plazetara euskarazko musika eraman zuen taldearen gaineko dokumentalak udazken honetan ikusiko duela argia.

Akelarre eta Durangoko Bideografik ekoiztetxea dokumentalaren ekoizpen lanak amaitzen ari direla jakinarazi dute eta bertan taldearen ibilbidearen errepasoa egingo dela aurreratu dute. Edukiaren zehaztapen gehiago eman ez badute ere, filmerako grabaketak egiten hainbat hilabetez egon direla adierazi dute. Besteren artean, Astigarragako Oialumen, Aian, Amezketan eta Usurbilen egin dituzte grabaketak eta, ondobidean, dokumentala 2025eko udazkenean estreinatuko da.

Akelarreren gaineko dokumentalaren filmaketa, Aian. (BIDEOGRAFIK)

Akelarre musika taldea 70. hamarkadan sortu zen plaza taldea da. Euskara hutsezko errepertorioaren alde egiten lehenengotarikoak izan ziren eta euren rock abestiak ingelesezko taldeen euskarazko bertsioekin nahasten zituzten.

Euskal Herriko plaza gehienetan arituak dira Akelarrekoak eta hamasei disko argitaratu zituzten beren ibilbidean. 2005ean iragarri zuen taldeak plazaz plaza aritzeari utziko ziola, eta orduz geroztik bi bira egin dituzte. Azken diskoa orain ia hogei urte argitaratu zuten.

2017an bildu ziren berriro ‘Gauero zuzenean’ zuzeneko diskoaren 30. urteurrena ospatzeko, eta kontzertuak eman zituzten Gatikan, Astigarragan eta Hazparnen. Pablo Cabezak egindako elkarrizketa honetan Juan Markos Juaristi taldekidea Akelarreren ibilbideaz mintzatu zen. Besteren artean, urtean 150 kontzertu ematera iritsi zirela aipatu zuen, horrek ekarri zien nekea nabarmenduz.