Live

Latzenek Azpeitian eman zuen larunbat honetan ‘Denboraren orbainak’ birako Euskal Herriko azkenaurreko kontzertua. Atabalen emango dute datorrena, eta ez da sarrerarik kontzertu horretarako.
Latzenek Azpeitian eman zuen larunbat honetan ‘Denboraren orbainak’ birako Euskal Herriko azkenaurreko kontzertua. Atabalen emango dute datorrena, eta ez da sarrerarik kontzertu horretarako. (Gorka RUBIO | FOKU)
Lehen abestitik Aitor Uriarte eta Yerko Ortiz egurrean gitarretan.
Lehen abestitik Aitor Uriarte eta Yerko Ortiz egurrean gitarretan. (Gorka RUBIO | FOKU)
Sekulan ere ez ziren izan aurretik Azpeitiko tenpluan. Bada, iritsi baziren iritsi, a zer nolako hasiera izan zuen kontzertuak.
Sekulan ere ez ziren izan aurretik Azpeitiko tenpluan. Bada, iritsi baziren iritsi, a zer nolako hasiera izan zuen kontzertuak. (Gorka RUBIO | FOKU)
Batez besteko adina altu samarra, nostalgiko asko, baina zoratzen izan ziren guztiak.
Batez besteko adina altu samarra, nostalgiko asko, baina zoratzen izan ziren guztiak. (Gorka RUBIO | FOKU)
Baterian sekulako energia beste behin Gorka Lazkanok. Izerditan blai dagoeneko eta galtza motzetan, bateriatik jaiki, lehen lerrora gerturatu eta mikrofonotik etxekoak izan zituen gogoan.
Baterian sekulako energia beste behin Gorka Lazkanok. Izerditan blai dagoeneko eta galtza motzetan, bateriatik jaiki, lehen lerrora gerturatu eta mikrofonotik etxekoak izan zituen gogoan. (Gorka RUBIO | FOKU)
Joxemari Azpitarte eta Aitor Uriarte, elkarrizketan.
Joxemari Azpitarte eta Aitor Uriarte, elkarrizketan. (Gorka RUBIO | FOKU)
Guztia argi jolas itzelarekin egin zuten, bikain soinu zein argi teknikariak.
Guztia argi jolas itzelarekin egin zuten, bikain soinu zein argi teknikariak. (Gorka RUBIO | FOKU)
Kuartz bikoa taularatu zen beroketa lanak egitera. Garaiz hasi ziren Behe Nafarroatik etorritako Oihan Delavigne eta Ibes Mongabure ‘III’ diskoa aurkezten.
Kuartz bikoa taularatu zen beroketa lanak egitera. Garaiz hasi ziren Behe Nafarroatik etorritako Oihan Delavigne eta Ibes Mongabure ‘III’ diskoa aurkezten. (Gorka RUBIO | FOKU)
Bonberenea Ekintzaken eskutik etorri zen Kuartzen diskoa 2024ko udazkenean eta sekulako indarra du haien proposamenak.
Bonberenea Ekintzaken eskutik etorri zen Kuartzen diskoa 2024ko udazkenean eta sekulako indarra du haien proposamenak. (Gorka RUBIO | FOKU)
Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Orbainak ondo sendatuta ekin dio bide berriari Latzen taldeak

Sarrera guztiak aspalditik salduta zituztela iritsi ziren Azpeitiara Latzen taldeko kideak. ‘Denboraren orbainak’ biraren baitan Euskal Herrian emango duten lehen aurkezpen kontzertuetako azkenaurrekoa izan da gaurkoa. Bartzelonan arituko dira bi aste barru oñatiarrak.

Azpeitiko Sanagustin goraino beteta zela eskaini du bere kontzertua Latzen taldeak.
Azpeitiko Sanagustin goraino beteta zela eskaini du bere kontzertua Latzen taldeak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Kuartz bikoa taularatu da beroketa lanak egitera. Metal zale askorik ez lehen instanteetan, 22:30ean garaiz hasi baitira Behe Nafarroatik etorritako Oihan Delavigne eta Ibes Mongabure ‘III’ diskoa aurkezten. Bonberenea Ekintzaken eskutik etorri zen diskoa 2024ko udazkenean eta sekulako indarra du haien proposamenak. Disko horretako ‘Harribeltzeko erregina’ kantu mistiko bezain indartsuarekin ekin diote emanaldiari. 

Stoner doinuekin segi zuten ‘Kuartz’ lehen diskoko ‘Xutik hilak’ eta ’II’ diskoko ‘Etxeko zakurra’ kantutzarrarekin, nahiz eta bigarren honek bestelako lurraldeak ere esploratzen dituen. Bideoklipa zorogarria den arren, zuzenean nola defendatzen duten ere txapela kentzeko modukoa da. Ez baita sekulan ere erreza halako kantak bikoan defendatzea. Bidenabar, bi kantuetan kapitalismoaren aurkako mezu nabarmenak jaurti ditu abestuz Ibes Mongaburek.

Berriz ere ‘III’ diskora egin dute salto laugarren abestian. Riff sentikorragoa nolabait ere eta bateria pausatuago batekin abiatzen den kantua, Mongabureren abesteko gaitasun eta indarra nabarmen uzten dituen pieza, nahiz eta pausa horretan indar deskarga dosiak badiren. Bertaratuen buruen mugimenduan nabari zitekeen hori. Argi aldetik ere ikuskizun ederra eskaini dute, atentzioa ematen zuelarik aurpegiak ikusteko argi zuririk ez zutela erabiltzen, kontrako argi indartsuen itzalpean geratuz bi musikariak. Hautu estetiko bitxi bezain ederra.

Elementuak jaurtitzeko konplexurik ere ez dute, nahiz eta oso sotilak izan. Kororen bat edota perkusio elementu txikiren bat, ‘Odolak su gabe diraki’ kantuan entzun daitekeen moduan. Zuzeneko musikari ematen diete garrantzia eta diskoan ere hargatik erabiltzen dituzte elementuak neurrian. Berriz ere debuteko diskora egin dugu salto jarraian, ‘Suntsitu’ abestiarekin, soinuetan stonerra baina erritmoetan hard rockeroa den kantua. Betetzen joan da Sanagustin kontzertuak iraun duen denboran eta giroa bero-bero zela bukatu dute Kuartzekoek, tartean ‘Alta’ azken diskoko singlea edo ‘FOMO’ bezalako kantu esanguratsuak eskainita. Hasiera ona gaualdi luze batetarako.

Itzulera eta a zer nolako hasiera

Aitor Uriarterekin izan ginen aurreko asteartean MusikHaria saioan eta hark esan zigun sekulan ere ez zirela izan aurretik Azpeitiko tenpluan. Bada, iritsi badira iritsi, a zer nolako hasiera izan duen kontzertuak. ‘Denboraren orbainak’ azken diskoko kantu akustikoarekin introa sartu eta ‘Txori txarrak’ abestiarekin ekin diote emanaldiari. Aretoaren oihartzunak kutxaren soinua zinez berezi entzunarazten zuen. Lehen abestitik Uriarte eta Ortiz egurrean gitarretan.

Baina segidan pasa gara ‘Kontzientzia ala infernua’ diskoko kantu energikoenetako batetara. ‘Bat gehiago’ kantuak beti du zerbait berezia Latzenengan eta publikoak ere bikain erantzun du abesti honetan. Bataz-besteko adina altu samarra, nostalgiko asko, baina zoratzen izan dira guztiak. Metalak herri honetan beti izan ditu zaletuak eta hauek erreferente argia izan dira bide horretan. Disko bereko ‘Mamuak baztertu’ etorri da segidan, sendo talde oñatiarra eta publikoak hau ere gogotik abestu du. Lazkanoren bonboen abiadura nabarmentzekoa hemen, bera izan omen zen nolabait ere taldearen itzuleraren hazia erein zuena lokalean sartuta eta forma bikaina eskuratu du denbora honetan bateria-jotzaile ezkerrak. 

Lehen energia deskarga horren atzetik ‘Ardi Larruz’ bigarren diskoko abesti parea etorri da. ‘Aukera baten bila’ eta ‘Mila esker’ izan dira bi horiek, lehen atsedenera arte etenik gabe iritsiz bost abestiren ostean. Sistemari kritika zorrotza egiten dio lehendabizikoak, «Ilea moztu, itxuraldatu, behar izan zenuen, behin eta berriz arotik pasa beste masaila eskaintzen», dio kantuak. Metal munduan ibili den askori lan merkatuan sartzeko izan dituen arazoen inguruan hizketan dabilen abestia. Urteak pasa arren, irudiaren diktadura horrek presente segitzen du. Bigarrenarekin, berriz, zaletuei eskerrak emateko modua dela uste bada ere, bizitzan kolpeak eman dizkieten horiei ironikoki eskerrak emateko mezuz josita doa. Baterian sekulako energia beste behin Gorka Lazkanok eta enegarren solo zirraragarri kontzertuaren hastapen honetan Yerko Ortizek, taldera batzen azkena izan denak. Guztia argi jolas itzelarekin, bikain gaurkoan bai soinu zein argi teknikariak.

Bigarren pasartea

Publikoarekin hartu-eman txiki baten ostean, akorde aski ezaguna etorri da. ‘Torturaren artea’ kantua, zezenketen aurkakoa eskaini dute, zezenketak oso gogoko dituen Azpeitian. Iristerakoan datozen inauterietan egingo diren sokamuturretarako hesiak ere kokatuta zirela ikusi dugu alde zaharrean. Sanagustinen, ordea, denak oihuka ziren kantuak iraun duen denbora, kantua berena sentitu eta barrutik abestu dute bertaratu diren 600 pertsonek. Uriartek ere ahotsa dotore kokatu du nota altu bakoitzean, denbora bere kordetatik pasa izan ez balitz bezala.

‘Izatearen giltza’ abestiarekin barealditxo bat, berriz ere bigarren diskoan sartu-irtena eginaz. ‘Eutsi!’ abestia eskaini dute segidan, langile borrokari aipamena egiten dion kantua. Disko berrian dator kantua eta denborak orbainak uzten baditu ere, hau ez da orbain bat, hau zauri bat da; oraindik ere langile borrokak tinko iraun behar duelako harik eta zapaltzerik nahi ez badugu. Abestia bukatu eta argiak itzali eta halako isilune bat etorri da, Uriarte bateriaren altzoan eseri eta ‘Indarra’ eskainiz hasi dira. Gitarra duo dotore eta sentikorra biek ala biek eskaini dutena, berriz ere beren disko gorri mitikoan sartu-irtena eginaz. Halako une intimo baten ostean berriz ere ekin diote kantuari, bateria eta baxuaren laguntzaz, kantu instrumental honek duen benetako indar guztia deskargatzeko.

Berriz ere bigarren diskora egin dugu jauzi, ‘Ardi larruz’ irekitzen duten bi kantuak, ‘Itsutu’ eta ‘Traidorea’ segidan entzunaz. Bi kantu hauetan publikoa oso bero egon da. Askorentzat oharkabean pasa zen Latzen taldearen bigarren diskoa, biana argi dago taldearen zaletuek abesti guztiak bikain ezagutzen dituztela. Eta kantu hauetan lehen lerroetan jendea motibazio handiz ikusi dugu, taldekide guztiak hauspotuz.

Disko berritik kantu gutxi

‘Heroi direnak’ kantuarekin berriz ere hirugarren eta azken diskora itzuli gara. «Guretzat berezia den kantu hau ea badakizuen» egin die galde Uriartek bertaratuei eta balada moduko abestia eskaini. Erantzuna baiezkoa, publikoan bazen abestia bazekienik. Berriz ere gitarren elkarrizketak harrapatu gaitu abesti honetan, zuten soinua eta sortutako kantu eta kontrakantuak etxeko markakoak dira. Sentimendu berezi hori azalerazten duen kantu horietakoa, Latzenek hunkidura sortzen ere bai baitaki.

‘Memento mori’ singlea izan da disko berritik eskaini duten laugarren eta azkena. Bitxia, disko berri baten aurkezpen biran dituzten hamar kantuetatik lau baino ez eskaini izana. Publikoak besoak goian izan ditu errepika bakoitzean, buruak astinduz eta eztarriak urratuz.

‘Kontzientzia ala infernua’ lanera buelta eta ‘Mezua hil aurretik’ eta ‘Hiesa ihes’ kantutzarrak jo ostean, ‘Laztana’ klasikoaren unea iritsi da. Aurreko bi abestietan berriz ere abiadura eta indarraren uztarketez disfrutatu dugu bertaratukok eta baladan, berriz, mundu guztia hunkitu da. Baita Gorka Lazkano bateria jotzailea ere aurretik izandako hitzetan. Izerditan blai dagoeneko eta galtza motzetan, bateriatik jaiki, lehen lerrora gerturatu eta mikrofonotik etxekoak izan ditu gogoan, beren bizitzako helburu hau bete ahal izateko ezinbesteko babesa jaso izana eskertuz. ‘Lurra odolean’ kantua eskaini eta oholtzatik irten dira.

Bis apoteosikoa

Hiru kantu geratzen ziren azken takadarako. Maketan publikatu eta gerora ‘Hellmuga’ zuzeneko diskoan erregistratu zuten ‘Gu ez gara’ trasheroarekin hasi dute azken txanpa. Sekulako kantua da, are gehiago kontuan izanda taldearen lehendabizikotako abestia zela. Abiadura, teknika, indarra eta hitzetan pisua, dena duen abesti horietakoa da.

‘Metal erasoa’ indartsua eta ‘Ze ingo xu?’ ereserkiarekin eman diote ordu eta erdi luzeko emanaldiari. Hogei kantu eta hamaika bizipen utzi dituen emanaldia ezbairik gabe. Txalo zaparrada, txistu eta oihu sorta itzelarekin bukatu da festa. Euskal Herrian Atabalen emango dute datorrena, eta ez da sarrerarik kontzertu horretarako. Madrilen izango da, berriz, taldearen datorren kontzertua, otsailaren 27an eta beren webgunean eskura daitezke sarrerak. Bide berriari hasiera ederra eman dio Latzenek.