MUSIKA

This browser does not support the video element.

Kolpez kolpe, gora herria! Geurea da garaipena!

Estadio bat betetzeko erronkari heldu zion Fermin Muguruzak iaz, aurten oholtzan 40 urte betetzen zituela ospatzeko. Ez zen erronka makala, euskarazko proiektu batek ez baitzion aurretik halako bati heldu. Bada, heldu bazion heldu, gaur 30.000 lagun batu dira guda dantza erraldoi bat osatuz.


Anoeta estadioko ateak berandu zabaldu dituzte, 17:45 aldera, segurtasuneko pertsonalaren gorabeheraren bat tarteko. Ia ordubeteko itxaronaldia egin dugu, baina ederki entzuten zen Stepi Selektahren musika. Bera izan da kontzertuen arteko espazioak betetzeaz arduratu dena. Despistaturen bat edo beste ere bai, nondik sartu behar zen ez zekitenen zerrenda ez zen laburra, nahiz eta nahikoa argi azalduta egon guztia. Ohikoa den zerbait era berean, euskaldunok estadio rock formatura ez baigaude hain ohituta. Are gutxiago gure taldeak direnean.

Baina 18:00etan puntual ekin die beren emanaldiari Niña Coyote eta Chico Tornadok. Eta, bitxia bada ere, hauek bai badakitela zer den estadio batean jotzea. Euskal Herrian bakarrak ez badira, bakarrenetakoak izango dira bi estadiotan jo dutenak, duela urte gutxi San Mamesen izan baitziren Metallicaren kontzertua zabaltzen. ‘Atea’ diskoa kaleratu berritan, plaza ederra beren lana aurkeztu ahal izateko.

Aldarrikapenak nahi beste

Eta plaza dotore jarrita zegoen, mezuz josita estadioa. ‘Etxera’, ‘Palestina aske’, ‘Guardetxea defendatu’, ‘Genozidioa stop’, ‘Euskal Herria, harrera herria’, ‘Inor ez da ilegala’, ‘Euskalduna bazara, hitz egidazu euskaraz’, ‘Iñigo Cabacas eta Aitor Zabaleta gogoan’, ‘Baxoa euskaraz’, ‘Eraso matxistarik ez’, ‘Txiki eta Otaegi, 1975-2025‘, ‘Guggenheim Urdaibai gelditu’, ‘Turistifikazioari stop!’ eta abar luze bat irakurri zitezkeen estadioaren bueltan.

Dotore jarria zegoen plaza, mezuz josita estadioa: ‘Etxera’, ‘Palestina askatu’, ‘Euskal herria, harrera herria‘, ‘Iñigo Cabacas eta Aitor Zabaleta gogoan’...

 

Jendea pixkanaka sartu da estadioan, hau ere ohikoa halakoetan. Azpiegitura potentea jarri dute okasiorako. Soinu ekipoa estadio batek eskatzen duen neurrikoa eta pantailak ere tamainakoak, inork xehetasunik galdu ez dezan. Oholtzan apaingarri askorik ez, baina argi ekipo esanguratsua ikusten da. Musika izan dadila protagonista.

Kontzertu laburra baina indartsua eskaini du bikote donostiarrak, ‘Fuck the police’ kantua Fermin Muguruzari berari eskainiaz, gonbidatu izanaren esker ona adierazteko. Aurkezleek, Oihana Barrenak eta Sambou Diabyk, eman diete sarrera oholtzara eta haiek agurtu dituzte, motor beroketa lanean aritu dira biak. Tarte horretan banatu digute Mondra & Roll jaialdiko eskuorria eta, sorpresa etorri da, uztailaren 6an, Monterron parkean, Fermin Muguruzak kontzertua emango duela jakin baitugu, Nakar eta Añube taldeekin batera. Manu Chaorekin egin zuten bezala, egun bat luzatuko dute aurtengoan ere Arrasateko jaialdia, beraz.

Palestinarekin elkartasuna

18:55ean Palestinaren aldeko argazki erraldoia egitea zen nahia, eta egin, egin da, baina estadioan oraindik ere ez zen nahikoa jende eta atzeratu egin dute argazkiaren ordua. Eguraldiak ez du lagundu halako ekimen eder bat lehengoan aurrera ateratzen. Baina kaskagogorraren fama badu euskaldunak eta emaitza dotorea lortu da beranduago, bakoitzak eskuan bandera bana zuela.

DAM taldea iaz ere izan genuen Euskal Herrian, Fermin Muguruzarene eskutik etorri baitziren 40 Minutu Rock jaialdira. Hiru ahots eta musikaren arduradun batek osatzen du laukoa, ingelesa eta arabiera nahasten dituen taldeak eta lehen unetik 40 urte ospatzen dituela eta Ferminen aldeko oihuak eskatu dituzte. Hip Hop berezia, doinu arabiarrak baitira haien oinarrietan. Ez da harritzekoa Fermin Muguruzaren begiko taldea izatea. Euria tarteko, pistako jendeari harmailan egoteko aukeratu luzatu diete, eta eskertu dute hori bertaratuek. DAM taldekoek pistan geratu direnei horrela esan diete: «zuek bai adore handikoak!»

Des-kontrolek punk doinuak ekarri ditu, esperotakoa baino 20 minutu beranduago, DAM taldeak oholtza utzi eta gero. Euriak sortutako eragozpenei azkar eman diete erantzuna antolakuntzatik. Arrasateko taldearen inguruan atzerritarrei hizketan ere aritua da Muguruza Azkena Rocken kontestuan. «Etxean nahi ditugu, duintasunez eutsi» zion mezua atzean zutela eskaini dute 40 minutuko emanaldia.

Eta, nolabait ere, une honetan konturatu gara Fermin Muguruzak landu izan dituen ertzak batu dituztela, hein batean, aukeratu dituen artistek. Punka, rock gogorragoa, dub eta reggae doinuak eta hip-hopa, ska doinuak soilik falta izan dira irundarraren 40 urteak laburbiltzeko. Baina bere tartean etorri da hori, 21:30ean hasi baita Fermin Muguruzaren emanaldia, eguraldiak eragindako atzerapenaren ondoren.

Ferminen txanda

Estadioan pixkanaka aurpegi ezagunak ere agertzen ikusi ditugu. Garbiñe Biurrun, Joseba Tapia, Nerea Loron ‘La Furia’, Iñaki Bengoa, Ruper Ordorika, Iñigo Argomaniz, Jon Plazola, Julen Goldarazena ‘Flako Fonki’, Haimar Arejita, Aitziber Garmendia, Julen Idigoras, Nøgen taldekoak…

‘Maputxe’ kantuarekin hasi da emanaldia taldekideek eskainita, kanpoan jendea sartzeke zela. Atzetik sartu da Fermin Muguruza «Ongi etorri akelarre antifaxistara!« oihu eginaz ‘Urrun’ abestu aurretik. ‘Brigadistak Sound System’ diskoko ‘Eguraldi lainotsua hiriburuan’ abestiarekin segi dute aurrera, polizia gehiegi dagoela salatzen duen abestia, euskaraz eta frantsesez abestua. Arrazoirik falta ez zaion kantua ezbairik gabe. Ea noiz galtzen duen gaurkotasuna. «Datorren urrian zazpi ekintzaile epaituko dituzte Korrikarekin batera hainbat migrantek Bidasoa gurutzatu zutelako» gogoratu du Ferminek Kortaturen ‘Hay algo aquí que va mal’ abestu aurretik. Kantuen arteko zubia bikain egin du Muguruzak, batzuk moztu nahi duten zubi horri berari aipamena eginaz.

Eguraldiagatik arriskuan egon diren pantailetatik (konpondu egin behar izan dituzte Des-Kontrolen kontzertuaren atarian) etorri dira irudi dotoreak segidan, ‘Balazalak’ kantua janzteko. Denetariko irudiak hitzei kontestua jarriz 2008ko ‘Asthmatic Lion Sound Systema’ diskoko abestiari. Aldarrikapenekin segi du aurrera Muguruzak: «Irutxuluko Hitzak esan moduan, Kortxoeneko teilatutik Anoeta estadiora. Ez dugu ahazten zein den lehen lerroa, badakigu non dagoen. Bihar Guardetxea defendatzen edota turistifikazioaren aurkako manifestazioan!» Hori esan eta ‘La linea de frente’ 1986ko ‘El estado de las cosas’ diskoko Kortaturen abestia etorri zen. Publikoa zinez bero eta erantzuten egon da lehen unetik dantzan eta abesten. Irudi ederra eskaini du Anoetak.

«Hau ez da kontzertu bat soilik, hau herri baten antolatzeko gaitasuna da, faxismoaren kontra!», aipatu du Muguruzak oholtzatik

 

Bakarkako bidera egin dugu salto hurrengo kantuekin berriz ere. ‘Berlin-Ulrike Meinhoff’ reggae kantua etorri da lehendabizi Chalart 58 taldekidearekin ‘Black is beltza’ pelikularako egindako kantua. Eta, gero, 2002ko ‘Inkomuikazioa/Komunikazioa’ diskoko ‘In-Komunikazioa’ etorri da. Orduan honakoa esan du Muguruzak: «Hau ez da kontzertu bat soilik, hau herri baten antolatzeko gaitasuna da, faxismoaren kontra!». Horratx lehen ska kantua, bere ibilbidean garrantzia izan duen eta falta zen generoko kantua. Taldekideak bikain, haize sekzioa eta ahotsak goia lehenengoz jo duten unea izan da. Ez dituzte alferrik hainbeste entsegu ordu eta kontzertu eman elkarrekin. Dantzariak ere hor agertu dira lehenengoz oholtzara.

Kantuen egokitzapena

«Free Nelson Mandela» koroetan eder abesten ari zirela etorri da Kortaturen disko homonimoko aroan, 1985ean, sortutako ‘Desmond Tutu’. Kontu bitxi batetaz jabetu gara une horretan, Kortaturekin Jamaikako doinuak azkartu zituen bezala, orain bere 80etako kantuak Jamaikako abiadurara jaitsi dituela Muguruzak.

‘Big Beñat’ zetorren unean halako geldialdi bat egin dute eta Juantxo Arakama eta Bad Sound System taldeko Moro igo dira oholtzara Fermin Muguruzari omenaldi barra batzuk eskaintzera. «Euskara bizirik dago!» egin du oihu Arakamak. Behin hori eta gero festak aurrera segi du Korrikaren 12. edizioko kantuarekin.

Bakarkako bideko beste klasiko bat atzetik ‘Azoka eguna’, 2006ko ‘Euskal Herria Jamaica Clash’ diskoko kantua, diskoari berari izena ematen dion kantuarekin jarraitzeko. Aipatu publikoan Palestinako bandera kontzertua hasi eta buka astintzen egon dena ere, Ferminen sasoia aipatu dugu, baina harena ere ez baita makala!

Kortaturen arora itzuli gara berriz ere ‘A la calle’ kantuarekin. «He visto las calles arder otra vez» dio kantuak, gaur egun surik ez kalean, baina sumindutako jenderik ez da falta kaleetan. ‘La familia Iskariote’ abestiarekin lotu dute abestia eta une horretan ikusi ditugu pantailan bai Gloria Maurel bateria-jotzailea eta baita bira honetako fitxaketa ere, Lide Hernando, gitarra astinduz eta abestuz, hori ere izan daiteke ‘back to the roots’ bat egitea.

«Duela bost urte eta erdi Iñigo anaia zendu zela, eta bai, euria ari du, baina hor, zuen artean eta hemen sentitzen dut inoiz baino gehiago», gogorarazi du Fermin Muguruzak familiakoei ‘Bizitza zein laburra den’ kantua eskainiaz. Lide Hernandok eman dio kantuari sarrera eta gero Ferminek eta biek abestu dute abesti hunkigarria.

Hunkiduratik eromenera

‘Nicaragua sandinista’ beti izan da ereserki bat Euskal Herrian, garai haietatik izan du atzerriko kausa nobleekin bat egiteko beharra Muguruzak eta gure herriari halakoekin konektatzeko sortu ditu, belaunaldiz belaunaldi transmititzen joan direnak. Abesti honekin sentitu dugu transmisio hori, Anoetak ahobatez egin baitu oihu, gazte zein heldu.

«Ahotsik gabe geratzen nintzen eta hor lagundu ninduena gonbidatu nahi dut oholtzara», Olana Liss etorri da oholtzara: «Eskerrik asko opari honengatik, 10 urte dira Donostiak hartu ninduela eta ederra da hemen izatea». ‘Down in the river pray’ abestia eskaini dute, Apalatxeetako afroamerikarren ereserkia, Afrikan eta Extremaduran baititu jatorriak Lissek. Baina oholtzan segi du Lissek taldearekin, ‘Black is beltza’ abesteko. Momentu ederra benetan. Eta keinu polita Olana Liss euskaldunen mapan kokatzeko, disko eder askoak eginak baititu abeslari honek.

‘After Boltxebike’ kantuarekin berriz ere erritmoak gora egin du, baita jendearen ukabilek ere

 

Kortaturen ‘Kolpez kolpe’ diskoko ‘After Boltxebike’ kantuarekin berriz ere erritmoak gora egin du, baita jendearen ukabilek ere, errepikan guztiek igo baitute Anoetako pistan ukabila zerura. «2001ean, hemen ondoan ospatu genuen Galindoren aurkako garaipena, eta gaur hemen ospatu behar dugu berriz ere garaipen ura eta bizitza dela handiena!». Baxuaren intro berezi bat eta segidan ‘Hiri gerrilaren dantza’ etorri da, pistan bengalak eta guzti piztu diren unean.

Jaizkibel konpainiaren irudiak pantailan jarrita eta «Ez zarete inoiz borroka honetan bakarrik egongo» mezua aldarrikatuz ‘Bidasoa fundamentalista’ kantu indartsua eskaini dute, garaian DUT taldearekin egindako abestia. Anoetan zen DUT taldeko kideren bat ere, gainera. Negu Gorriaken munduan segi dugu, ‘Gure jarrera’ 1991ko diskoko ‘Lehenbiziko bala’ kantua etorri baita atzetik. Bi proiektu efimero oholtzan, bi proiektu eternal Kortatu eta Negu Gorriak.

«Negu Gorriaken beste kide bat, musikaria ez zena, orain bai, bera ere auzipetua Galindoren aferan, bertso-hopean, zuekin Jon Maia!«, deitu du oholtzara eta segidilla luze-luze batean, «Zer moduz Bruce Springsteen, do you the right thing, gaur hemen The Boss Fermin!» esan du lehen zatian. Euskara, euskal kulturgileak, jendearen konpromisoa gogoan izanda eta, nola ez, Gora Herria esan eta Ferminen hainbat kanturen errepasoa egin ostean bukatu du bere saioa.

Atzetik igo dira oholtzara Mikel Txopeitia ‘Pintza’ perkusioetara gaurkoan (eta EZEZEZ taldearen kamiseta bat soinean), Mikel Kazalis ‘Anestesia’ baxuan (Lucio Urtubiaren kamisetarekin hau) eta Kaki Arkarazo gitarrarekin. Negu Gorriak elkartu dira Iñigo Muguruzaren izpirituarekin «nahiz eta zuek ez ikusi» Ferminek esan duen moduan. ‘B.S.O.’ kantua eskaini dute lehen tokian eta, atzetik, 1993ko ‘Borreroak baditu milaka aurpegi’ diskoko klasiko bat, ‘Itxoiten’ kantutzarra, beste une goren horietako bat eskainiaz. Lauak atera dira oholtza aurrean jarrita den probokadorera, eta txalo zarta ederra jo diete bertaratuek.

Trikiti doinuak

Xabi Solanok ‘Azpeitiko fandangoa’ eskaini du segidan, Anoetako pistan asko dantzan jarriz. Atzetik etorri zen Toots & The Maytals mitikoen ‘54-46‘ kantua, Muguruzak bere eginda duena aspaldi eta publikoak ere ederki ezagutzen duena. «Lagunok badakizue, Martuteneko kartzela gertu daukazuela eta guk nahi duguna da egia, justizia eta erreparazioa, eta preso politiko guztiak bihar bertan etxean egotea. Hiru esatean, egin zarata, oihu, kartzelatik entzun gaitzatela!», esan du kantuaren erdian irundarrak, eta sekulako burrunda sortu da Anoetan. Besarkada bat Martutenen daudenei.

Kortaturen garaiko ‘Etxerat’ abestiak eman dio segida, garage rock eta rockabillyaren munduan dabilen abesti dantzagarria. Bikain ekarritako abestia. Diskurtsiboki kontzertuaren narratiba oso zaindua izan da Muguruzaren partetik.

«Sabemos que de 30.000 han venido 2.000 desde Madrid, desde ese cinturón rojo que dice a los fascistas que no pasarán. Por eso está aquí con nosotros de la banda Non Servium Karlos Animal!», hura aurkeztu eta ‘Zu atrapatu arte’ oihuka abestu dute 30.000 lagunek. Kantu labur bezain indartsua, amorrazioa askatzeko balio duena.

«Aitor Zabaleta ere gogoan, Zabaleta anaiak hemen daude. Zabaleta anaiak, Muguruza familiarekin batera, elkarrekin garaitezina», oihukatu ostean etorri da ‘Kolore bizia’ 1993ko abestia.

Azken txanpa

Azken zatiari sarrera ematearakoan Gorka Urbizu etorri da, «euskal musikak erraldoi batzuk ditu eta horietako bat» dela esan du Muguruzak. Urbizu bakarrik utzi dute oholtzan, ‘Maravillas’ abetu zezan gitarraren laguntzaz. Bertsio laburtu bat eskaini du ‘Redemption song’-en riff bat gehitu eta banda osoarekin ‘Radio Rahim’ jotzeko, keinu ederra, abestian bertan «Berri Txarrak» aipatzen baitu kantuak. Afrikako dantzak ere oholtzan izan dira, biran beste askotan bezala, Angola, Congo eta Nigerian erroak dituzten Quinndy eta Kuma ondoan izan baitituzte Muguruzak eta bandak.

‘Dub Manifest’ kantuan Hernandok bere inpronta utzi du, bere ahotsarekin beste ukitu indartsuago bat ematen baitio kantuari, garaian Sorkun Rubiok abestutakoarekin alderatuz. Eta kantuak berak ere beste bukaera bat du egun, 2000n kaleratutako ‘FM 99.00 Dub Manifest’ diskoan zuena baino askoz ere rockeroagoa. Leherketa horren ostean oholtzatik irten dira musikariak, bisaren aurretik.

Xabi Solano eta haize sekzioa, Aritz Lonbide ‘Lonbi’, Igor Ruiz ‘Fino’ eta Jon Elizalde ‘Jontron’ agertu dira oholtzan ‘Internazioanala’ joz bisaren sarreran. Segidan Oihana Barrena, aurkezle lanetan aritu dena, enborarren gainera igo eta aizkoran aritu da Areta Franklinen ‘Respect’ euskaratua, 1996ko ‘Salam Agur!’ diskoan etorri zena, ‘Errespetua’ jo duten bitartean. Kaleko arroparekin, martinsak oinetan eta hiru minutu azpitik enborra txikituz.

Fermin Muguruza Palestinako elastikoarekin atera da eta abestiaren ostean teknikariak eta langileak aurkeztu ditu: Anjel Katarain, Ania Rodriguez, Anartz Gisasola, Mikel Lizarribar, Iñigo Etxarri, Ander Barriuso, Maukakoak, Jimmy Jazzekoak eta garaian manager izan zuen Amaia Apaolaza ere izan du gogoan.

‘El último ska de Manolo Rastaman’ joz hasi dira, 1985ekoa, eta gogorarazi du Nafarroa Arenako sarrerak agortuta direnez, Arrasaten izango direla uztailaren 6an eta abuztuaren 14an Irungo Moskuko jaietan ere arituko direla. Orduan aurkeztu ditu oholtzakoak.

Aipatutako haize sekziotik hasi ostean, Kubatik etorritako Victor Navarrete baxu-jotzailea eta 2003tik ondoan duen perkusio-jotzaile Chalart 58 eta Gloria Maurel bateria-jotzaile kataluniarrak (bere urtebetze eguna denez, Anoetak ‘Zorionak zuri’ klasikoa abestu dio une horretan). Kantuak aurrera segi du une horretatik aurrera errepika abesteko.

Arnasa hartu eta falta zirenak aurkeztu ditu, Xabi Solano (‘Lepoan hartu’ kantuaren zati bat abesteko aprobetxatu du bere unea), Miryam de la Fuente ‘Matah’ «sound systemen erregina kataluniarra» eta Lide Hernando ‘Bele’ «donostiarra, soularen enbaxadorea», eta abestia benetan ixterakoan gaurko egunean parte hartu duten gainerako taldeei ere eskerrak emanaz bukatu du Muguruzak.

Banatutako bandera palestinarrak igotzeko eskatu du Fermin Muguruzak eta ‘Yalah, Yalah, Ramallah!’ 2006ko kantua eskaini dute segidan

 

«Free Palestine» zioen bideo bat jarri dute pantailan, banatutako bandera palestinarrak igotzeko eskatu du Fermin Muguruzak eta ‘Yalah, Yalah, Ramallah!’ 2006ko kantua eskaini dute segidan. Banderak zeruan, denak dantzan hasi diren abestia. Kantuaren hondarrean berriz ere banderak igo dira eta DAM taldekoak gonbidatu ditu oholtzara Muguruzak, barra batzuk eskaini dituzte kantuaren zati bat horretarako prestatuta zutela.

Palestinaren aldeko oihu bateratu baten ostean, ‘Txoriak txori’ abestu dute, Solanok trikitia joz, hernaniarrak berak eta Lide Hernandok, beste 30.000 eztarrik lagunduta. Bigarrenez etorri da ‘Lepoan hartu’, Telesforo Monzon bergararrak idatzitako abestiaren unea, eta oraingoan bai, oraingoan publikoak ukabila zerura bideratuta, abestu du. Erromeria unea baliatuz, denak lurrera makurtu ditu Solanok eta azken biei sarrera eman die.

Eztanda egin eta agurra 

Klasikoetan klasikoenak ez badira, hortxe egongo dira Fermin Muguruzak gaurko emanaldirako aukeratu dituen azken bi kantuak. Horietako lehendabizikoa izan da ‘Gora Herria’, Jon Maiak berak ere parte hartu zuen abestia, gaurkoan halakorik gertatu ez den arren. Hori bai, herriak oihu eta dantza egin du, betiko moduan.

‘Sarri Sarri’ bukatzeko: «Hemen ospatu egiten dugu Joseba Sarrionandiak eta Iñaki Pikabeak ihes egin zutela kartzelatik»

 

«Euriak ere ezin izan du gurekin. 40 urte eta gero oraindik ere zentsuratzen saiatzen ari diren kantuarekin egingo dugu agur. Hemen ospatu egiten dugu Joseba Sarrionandiak eta Iñaki Pikabeak ihes egin zutela kartzelatik San Fermin egunean. Guk, badugu lehendakari bat, eta bere izena da Itziar Ituño», harekin abestu dute bukatzeko ‘Sarri, sarri’, Kortaturen kanturik historikoena «Martutenetik bertatik ere entzuteko moduan». Aurten uztailaren 6an ere izango da urteurren hori ospatzeko aukerarik, 40 urte beteko direnaren bezperan Arrasaten abestuko baitu ziur abestia Muguruzak.

Ia hiru orduz geratu gabe aritu da Fermin Muguruza, 62 urte bete dituen urtean, 40 oholtzan, sekulako forman eta nekaezinaren itxurarekin. Taldeak ere lan bikaina egin du, nola ez, euskal musikaren historian mugarri izango den kontzertu honetan. A zer nolako indar erakustaldia, Euskal Herriak behar ditu halakoak!