En directo
«Iruditzen zait sorkuntza, bizitza bezala, oximoron handi bat dela»
Bere herriko Musika Eskolan egin zituen piano eta musika-ikasketak Garazi Zabaletak (Beasain, 1987). Beste ikasle batzuekin talde bat sortu zuten. Sugan-ekin hasi zuen nerabezaroan bere ibilbidea, gero soinu-bandetan murgildu zen, eta egun musika garaikidearen konplexutasunak miatzen dabil.

Garazi Zabaletaren azken sorkuntza, ‘Oximoron’ izeneko metal boskotea, KamBrass taldeak estreinatuko du bihar Kursaalen, Musika Hamabostaldiko Musika Garaikideko Zikloaren barruan.
Noiz erabaki zenuen konpositorea izan nahi zenuela?
Oso gaztetxoa nintzenean hasi nintzen abestiak egiten, baina barne mugimenduari irteera bat emateko modu bat besterik ez zen, aske sentiarazten ninduen jardun bat besterik ez. Ez nuen inoiz pentsatu ogibide bihurtuko nuenik. Hainbat esperientzia bizi ondoren, 28 urterekin, inflexio puntu bat bizi izan nuela esango nuke: nolabaiteko krisi bat. Orduan jabetu nintzen konposizio gradua ikastea aukera bat izan zitekeela eta, aldi berean, musika lehen planoan jartzea erabaki nuen. Goi Mailako Kontserbatorioan sartu nintzenetik gaur arte, ibilbide profesionalak izan duen bilakaerarengatik, nire lekua topatu dudala sentitzen dut. Gainera, iraganean emandako pauso bakoitzak bere egitekoa zuela ulertu dut; nolabait, guztiak zentzua hartu balu bezala da orain, eta hori oso lagungarria da denerako.
Zure prestakuntzan telekomunikazio ingeniaritza, pedagogia, musikaterapia eta Berklee-ko ikasketak daude. Nola elikatzen du jakintza tekniko horrek zure sorkuntza lana?
Ikus-entzunezkoari lotutako ingeniaritza ikasi nuenez eta ondoren soinuan gehiago espezializatu nintzenez, gerora bateragarria suertatu zait musika ekoizpenarekin. Hezkuntzan betidanik izan dudan interesak bultzatuta, pedagogia ikasketak egin nituen urrutiko unibertsitate batean, Kontserbatorioan nengoen bitartean. Horrek hezkuntza aholkularitza batean lan egitera eraman ninduen, baita alor berean autonomo modura jardutera ere. Gaur egun musika eskola batean lan egiten dudanez, oso aberasgarriak zaizkit ezagutza eta esperientzia horiek. Bestalde, Berkleeko online ikasketak aspaldi egin nituen, zinemarako musikan sakontzeko. Musikaterapian, aldiz, berriki murgildu naiz, musika eskolako beharrei erantzuteko batik bat. Zerk eta nola eragiten digun bereiztea ezinezkoa da, baina kontuan izanda sormena gugandik ere elikatzen dela, pertsona bezala hazten joatea ezinbestekoa iruditzen zait. Azkenik, esango nuke kreatibitatea pertsonatik harago dagoen zerbaitetik ere badatorrela.
«Iraganaren kontzientzia ez da inoiz pasiboa, eta ez gintuzke menpean hartu behar: ez luke gutaz elikatu behar»
Zein dira konpositore gisa gehien aztertu dituzun gaiak edo teknikak?
Beharbada, ikus-entzunezko alorretik datorkidan eraginagatik, musika programatikoari eutsi ohi diodala jabetu naiz; nolabaiteko mimesiak eraikitzea gustuko dudala, alegia. Horretarako gai edo kontzeptu aproposak topatzea izaten da askotan zailena, baina ideia bat gorpuzteko burua astintzea, marko teoriko bati atxikitzeko, konposizioaren partea interesgarrienetakoa egiten zait; obra idaztea bezainbeste asetzen nau. Arlo teknikoari erreparatuz, poliestilismora jotzen dudala esango nuke, ez bada atrebentzia hitz hori erabiltzea.
Musika modernoa ere landu duzu, abestiak eta soinu bandak konposatuz. Nola uztartzen dira bi alderdi horiek –klasikoa eta herrikoia– zure sorkuntza prozesuan?
Esango nuke prozesuan zehar arloak bereizita mantentzen ditudala, edo behinik behin horretan saiatzen naizela. Azken finean, proiektuak edo enkarguak markatzen du konposizio eremua, estetikari dagokionez. Dena den, elkarren hartu-emana interesgarria izan daiteke.
Ba al dago zure musika hizkuntzaren dimentsio berri bat aurkitzeko aukera eman dizun obra edo proiekturik?
Konposizio Gradu amaieran aurkezten den proiekturako idatzitako orkestrarako lanak, ‘Gar-u-(hi)na’ izenekoak, nondik jo nahi nuen argiago izaten lagundu zidala esango nuke: musika garaikidean trebatu nahi nuela konturatu nintzen. Estetika honek entzute arretatsuagoa edo zorrotzagoa eskatzen duen bezala, sormen prozesuak berak ere hala eskatzen duela esango nuke, eta pieza edo obra bakoitzaren idazmenak etengabeko ikaskuntzara eramaten zaituela, nire kasuan behintzat.
Beasaingo Udal Musika Eskola ere zuzentzen duzu eta Igartza Musika zikloa antolatzen duzu. Nola orekatzen dituzu kudeaketa eta irakaskuntza sormenaren bultzadarekin?
Egia esan, oso zoriontsua naiz gustuko ditudan lanak uztartzeko aukera dudalako. Lehen aipatu ditudan arrazoiengatik, musika eskola baten ibilbidea gidatzeko irizpideak baditudala esango nuke, eta lantalde txikiak atsegin ditut; horrek egiten dugunaren ondorioak antzemateko aukera ematen baitigu. Musika ziklo bat antolatzeari ere bere alde onak soilik ikusten dizkiot, martxan dauden taldeak ezagutzeko aukera ematen baitigu, besteak beste. Gainera, Xabier Zeberiok eta biok daramagunez zikloa, berari esker ditugun egitekoak oso bideragarriak bihurtzen dira. Beasaingo Udalak antolatzen duen Igartza Musika Zikloan estetika anitzei lekua egiten diegu; beraz, bereziki asegarria bezain inspiragarria suertatzen zait.
Nola sortu zen Musika Hamabostaldiaren enkargua ‘Oximoron’ idazteko? Zeri buruzkoa da obra?
KamBrass taldeko kideak nirekin harremanetan jarri ziren, eta ea Hamabostaldirako obra bat idatziko nien galdetu zidaten. Aipatu zidaten Luciano Berio konpositorearen 100. urteurrenaren inguruan prestatu nahi zutela programa; hau da, bere begiradarekin bat egin nahi zutela. Horretarako, Berioren ikuspegia argiago izateko eta testuingurua hobeto ezagutzeko, Hardvardeko Unibertsitatean eman zituen 6 hitzaldi jasotzen dituen liburua, ‘Un ricordo al futuro’, erosi nuen, eta bi ideia otu zitzaizkidan: batetik, izenburua eta, bestetik, abiapuntua. Berioren hitzetan, musika eraikuntzarako erabiltzen ditugun kontzeptuak –funtsean ezberdinak edo antonimoak– gatazkan dauden esperientziak dira, banaezinak izateaz gain, elkarren beharra dutenak. Horregatik, obrak ‘Oximoron’ du izena: egitura sintaktiko berean kontrako esanahia duten bi hitzen edo esamolderen konbinazioak zentzu berri bat sortzen duenean oximoron bat dugulako. Gainera, iruditzen zait sorkuntza –eta bizitza bera, oinarrian sorkuntza besterik ez duen unetik– oximoron handi bat dela.
«Pertsona bakoitzak babesten duen espazioari, zaurgarriena eta benetakoena sentitzen duen horri deritzogu intimitatea. Ganbera formatuan horrela ditugu instrumentuak eta interpreteak: biluzik»
Beriok ez du sorkuntza iraganik gabe ulertzen; haren ustez gai izan behar dugu balio digunaren memoria pizteko, ondoren, ukatu ahal izateko, paradoxikoki, zorrotza den erantzun espontaneo batekin. Izan ere, Heraklitok zioen bezala, ezin gara ibai berean bi aldiz bainatu. Iraganaren kontzientzia ez da inoiz pasiboa, eta ez gintuzke mendean hartu behar: ez luke gutaz elikatu behar. Ikuspegi akronologiko horren ildotik, obrak abiapuntua du Aita Donostiaren kantutegian jasotako eta 1914an Abaltzisketa inguruan identifikatutako izenik gabeko dantza batean.
Zergatik bereizten dira zure lanaren mugimenduak KamBrassek interpretatuko duen programako gainerako obren artean?
Programa honetan bost egileren obrak joko dituzte: Berio, Jackson, Guinjoan, Amman eta Gaza-renak. Niri bost miniatura sortzeko eskatu zidaten, aipatutako egileen obren arteko trantsizio gisa interpretatuko direnak. Hori izan zen eskaria hasieratik. Hala ere, aldi berean, obrak osotasunean ere funtzionatzea nahi zuten, beste ekitaldi batzuetan osorik jotzeko aukera izan dezaten. Hori izan da akaso erronkarik zailena. Trantsizio lan horiek oso presente izan ditut obra idazteko orduan, eta, ondorioz, programaren estetikara egokitzen saiatu naiz, betiere nire esentziari fideltasunez eutsiz. Miniatura bakoitzari jarritako izenek badute eduki osagarri hori deskribatzeko xedea: hasi, ari, hazi, adi eta handi.
Badirudi ganbera musikak leku berezia duela zure katalogoan. Zerk erakartzen zaitu gehien formatu intimo horretan?
Ba, akaso horrek berak. Analogia bat eginez, pertsona bakoitzak babesten duen espazioari, zaurgarriena eta benetakoena sentitzen duen horri deritzogu intimitatea. Ganbera formatuan aurrez aurre ditugu instrumentuak eta interpreteak: biluzik. Idazkera zehatza bezain xehea eskatzen duela esango nuke, baina iruditzen zait txikitasunetik eratzen den handitasunaren adibide garbia dela ganbera musika, entzulearentzat.
Duela hilabete batzuk pianorako kontzertu bat estreinatu zenuen Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin. Zer proiektu berritan murgilduta zaude orain, eta zer bide jorratu nahiko zenituzke konpositore gisa etorkizun hurbilean?
Zer nolako oroitzapenak! Badabilkit buruan proiektu bat Euskadiko Orkestrarekin gauzatzea gustatuko litzaidakeena; ikusiko dugu ea posible den. Orain, ganbera musikarako obra garaikide bat dut eskuartean, euskal mitologian oinarrituta dagoena. Zehazki soprano ahotsa, saxofoi tenorra eta akordeoi hirukoterako idazten ari naiz. Berriki, telesail baterako musika egiteko eskaria heldu zait, beraz, ikus-entzunezkoei berriro heltzeko aukera polita izango da, ikuspuntu esperimentalago batetik.

Landarbaso Abesbatzak urrezko bi sari lortu ditu Tokyo International Choir Competitionen

Ocho espectáculos para dar comienzo a la Quincena Musical donostiarra

«Bertsolaris y organistas tenemos una práctica en común: la improvisación»
