En directo

Nafarroa Arenak gainezka egin zuen Fermin Muguruzak eskainitako emanaldirako.
Nafarroa Arenak gainezka egin zuen Fermin Muguruzak eskainitako emanaldirako. (Iñigo URIZ | FOKU)
Amets Aznarez eta Jon Elizalde "Jontron" ibili ziren tronboiaren atzean.
Amets Aznarez eta Jon Elizalde "Jontron" ibili ziren tronboiaren atzean. (Iñigo URIZ | FOKU)
‘Maputxeak’ kantuarekin hasi zuen kontzertua Muguruzak.
‘Maputxeak’ kantuarekin hasi zuen kontzertua Muguruzak. (Iñigo URIZ | FOKU)
Bilbon iaz hasitako jaiari amaiera eman zioten Nafarroa Arenan.
Bilbon iaz hasitako jaiari amaiera eman zioten Nafarroa Arenan. (Iñigo URIZ | FOKU)
Chalart 58 perkusioaz arduratu zen.
Chalart 58 perkusioaz arduratu zen. (Iñigo URIZ | FOKU)
‘J'accuse’ kanpainaren aldeko pankartak, ikusleen artean.
‘J'accuse’ kanpainaren aldeko pankartak, ikusleen artean. (Iñigo URIZ | FOKU)
Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Fermin Muguruza: 40 urte oholtzan, mila istorio eta antifaxismoa oinarri

Bilbon iaz hasitako ospakizun urteari bukaera eman dio gaur Fermin Muguruzak goraino beteta zegoen Nafarroa Arenan. Hiri buruzagiko manifestazioan Palestinari elkartasuna adierazi eta genozidioa salatu ostean igo dira oholtzara Fermin Muguruza eta bere taldea.

 

Garaiz zabaldu dituzte Nafarroa Arenako ateak. Palestinaren aldeko elkartasun manifestaziotik iritsi dira asko eta jendea gutxika gutxika sartu da eremura. Sartu orduko lehen irrintzia entzun dugu; txalo zaparrada atzetik. Pantailetan 40’ minutu rocken mezua: «Barrako etekin guztiak Etxera eta Harrera Elkarteei bideratuko zaizkie, egin topa haien alde!». Gernika Palestina elkartearen bandera palestinar erraldoia oholtzatik gertu eskegita ikusi dugu, gainerakoan Anoetan baina aldarrikapen pankarta gutxiago, «Gora borroka antiarrazista», «Euskal Herriak burujabetza, eskubideak denontzat» edota «Askatzera lotuak, 1975-2025» kartelak ziren ikusten ziren bakanak.

20:00ak eman orduko kontzertu aurretik arena kanpoan jendea agurtuz zegoen Hofe oholtzan agertu da. Sareetan aurreko egunetan kontzertu honen parte izango zela ezin sinetsita zegoela zion eta amets bat betetzen zuela. Bada, kolore laranja nagusi zela eta Jangitz Larrañagaren perkusio hotsekin hasi da bere emanaldia. Alde batetik bestera korrika Igotz Mendez ‘Hofe’ eta Llucia Pla baxuan sendo. ‘Ian Curtis’ kantu indartsua izan da kontzertua zabaldu duena.

‘Kurosawa’ abestiarekin jarraitu du eta une horretan konturatu gara Markos Gallach ez zegoela eszenan, itxuraz hirukoan dabil azken aldian Hofe. «Korrika asko egiten dut eta itota nabil oholtza puska honetan», esan du Hofek ‘Kurosawa’’ abestia bukatu denean eskerrak eman bitartean. Kiliki ere agertu da oholtzanm kolaboratzera pare bat abestitan, tartean, ‘2 esku 2 laban’ hit kutsuko abestian . Denbora askorik ez zenaren jakitun, geratu gabe eskaini ditu gainerako abestiak saioak iraun duen 42 minutuan. Tarteka bisual landu batzuk ere aurkeztu ditu atzeko pantailan, eta, egiari zor, aurreko talde bezala aritzeko, potentzia handian eskaini du bere musika Hofek pixkanaka betetzen ari zen Nafarroa Arenan. «Eskerrik asko Fermin, te queremos. Arena bat Iruñean, sekulan ere ez nukeen imaginatuko», esan du esker ona adieraziz.

Azken akelarre antifaxista

Kontzertua hasi aurreko minutuetan horrela esan digu Alessandro Martins ‘Suneo’ Chill Mafiako kideak: «Hau bai dela historikoa, bai niretzat behintzat, ‘Azken guda dantza’ nire haurtzaroko soinu-bandaren parte da». Bada 21:02ean sartu dira oholtzara musikari denak eta Fermin Muguruzaren lan guztien azalak errepasatu ondoren ohikoa den ‘Maputxeak’ kantuarekin eman diete hasiera dagoeneko ia beteta zegoen Nafarroa Arenako akelarreari. Miryam de la Fuente ‘Matah’-k eman dio sarrera ‘Urrun’ kantuan, ilea solte zuela (ezohikoa egin zaigu), eta Ferminek bertaratuei horrela esan die: «Ongi etorri bira honen azken akelarre antifaxistara!». Beste proiekturen bat etorriko ote da honen atzetik? Jendearen nahiagatik balitz, ziur baietz.

«Fuck you policeman!» oihu argia Matahk ‘Et combien de voitures de Police?’ kantuaren atarian, Brigadistak Sound System 1999ko diskoko abestia. Begirada, dena dela, Vic Navarretek erakartzen zigun etenik gabe. Nola egiten duen dantza kubatarrak baxua jotzen duen bitartean. «Datorren urrian zazpi ekintzaile epaituko dituzte Korrikarekin batera hainbat migrantek Bidasoa gurutzatu zutelako», esan zuen Anoetan Ferminek eta gaur gogorarazi du datorren astean izango dela haien epaiketa eta jendea auzipetuak babesteko kontzentrazioetara batzera animatu du irungo musikariak. Haien aldeko pankarta erraldoi bat ere zabaldu dute publikotik une horretan.

Ohiko taldea igo da oholtzara, bira guztian ondoan izan dituenek lagundu dute, baina gaurkoan bi tronboi-jotzailerekin, Jon Elizalde ‘Jontron’ eta Amets Aznarez, biak aritu baitira haizezko instrumentuari putz eta putz. Keinu polita komandanteak bere taldearekin izan duena. Halako batean ‘Pasaiako brigada’ kartel erraldoia ere ikusi dugu, Negu Gorriaken garaitik datorren logoarekin. ‘Hay algo aquí que va mal’ kantuarekin lehen pogo txikiak sortzen hasi dira, ska-punk kantuek, Kortaturen garaikoek, beti dute halako efektua Fermin Muguruzaren publikoarengan.

Aritz Lonbide ‘Lonbi’-ren saxoak nola luzitzen duen ‘Balazalak’ kantuan, hori izan da segidan eskaini duen abestia eta sakontasun berezia ematen dio Lonbik, baita Nafarroa Arenako akustika onak ere. ‘Asthmatic Lion Sound Systema’ diskoko kantua hori. Kortaturen Iruñeko kontzertu bat 1987an izan zela aipatu ostean, gaur berriz ere lehen lerrora jendeari etorri izana eskertu eta ‘Linea de frente’ abestia eskaini dute atzetik. Abiaduraren ostean, ‘Ulrike Meinhof’ abestiarekin barealdia, karga politikoaren indarra jaisten ez duen arren abesti horretan. Ezkerrak nazioartean izan dituen erreferente eta gatazken berri ematen baitigu beti Muguruzak bere abestietan. Historia liburu interesgarri bat ondu liteke irundarraren kantuen hitzak obra bakarrean pilatuko bagenitu.

‘In-komunikazioa’ kantuan zenbat gozatu dugun Chalart 58-ren perkusio festarekin eta Lide Hernando eta Matahren ahotsekin. Haize sekzioari ere luzitzeko tartea ematen dion kantua, aurretik aipatutakoez gainera, Igor Ruiz ‘Fino’-ren tronpeta ere nabarmen entzuten baita kantuan. Kontuz, eta Gloria Maurellek baterian egindako erritmo aldaketek eta Xabi Solanoren triki soloak ere talde guztia bikain olioztatuta iritsi dela erakutsi digute gaurkoan. Baita teknikariak ere, soinu eta argietan bikain aritu direlako. Pantailetan taldekideen irudirik ez hasieran, akaso hori izan da faltan sumatu duguna. Baina, tira, distantziak ere ez dira hain luzeak eta etenik gabe astintzen egon diren Palestinako banderak ere begirada oholtzara erakartzen zuen.

Nelson Mandelaren irudiak erakutsi eta ‘Desmond Tutu’ abestiari sarrera eman dio Matahk biran azkeneko aldiz, hegoafrikar apezpikuaria Kortatuk eskainitako kantua jotzeko. Teknikariak ere oholtza bazterretik taldekideak animatzen ikusi zitezkeen.

Indarra eta hunkidura orekan

‘Newroz’ kantua bukatu eta ‘Big beñat’ kantua eskaintzen hasi berritan, geratu egin dira gaueko lehen gonbidatua agertu da oholtzan, Juantxo Arakama. «Gora Raimundo el Canastero, askatasuna Yakovlev 42rentzako!» egin du oihu hainbat esker barra eta aldarrikapenez jositako hitzetan, soinean euskal eskola publikoaren aldeko jertsea jantzita zuela. Behin tolosarraren barrak entzunda (diskoa dakar urriaren 10ean, datorren ostiralean), ‘Big beñat’ bukaeraraino jo dute. 1999tik 2006ra pasa gara, ‘Euskal Herria Jamaica Clash’ diskora, ‘Azoka eguna’ kantuarekin.

Berriz ere barealdia, eta beharrezkoa, Muguruzak bera arnasa hartu dezan. Hori da hori dantza egitea 62 urterekin! Diskoari izena ematen dion kantua etorri da atzetik eta Matah-k ilea bildu du une horretan, izan ere bero egiten zuen Nafarroa Arenan, kanpoan fresko egonagatik ere.

«Gaur Iruñean izan gara 50.000 lagun Palestinari hauspoa ematen eta argi dugu kaleak berreskuratu behar ditugula!», egin du aldarri Muguruzak ‘A la calle’ kantua jotzen hasi aurretik. Segidan etorri da beste eromen momentu horietakoa ‘Nicaragua sandinista’ ereserkiarekin, denak «despierta, dispara, un gringo en tu casa!» oihukatuz. Iñigo Muguruza anaia gogoan izan zuen beste behin ere Ferminek eta Lide Hernandok gitarra eta ahotsean beste behin ere bikain defendatu zuen ‘Bizitza zein laburra den’ abestia, 2020an Ferminek Iñigoren omenetan kaleartu zuena, eta hari eskaini diotena bira guzti honetan.

Segidan Matah eta Lidek  ‘Down in the river pray’ abestiarekin berriz ere barrua bete digute, barruraino sartzen baita haien kantatzeko modua eta abestia. Saxo hotsak eta haize sekzioaren indarra, perkusio eta trikiak lagunduta, ‘Black is beltza’-ri sarrera emateko.

Lehen bengala piztu da ‘After boltxebike’ kantuan, izan ere kantu hau bira guztian izan da jendartea asko piztu duena. Errepika indartsuek badute amorrua kanpora ateratzeko joera bat eta horretan betidanik maisua izan da Fermin Muguruza.

Memoria historikoa landuz

«Kortaturen kontzertu baten ostean, 1988an, Iruñean istiluak izan ziren eta hiri gerrilaren dantza izan zen goizaldera arte Iruñeko karriketan. Orduko ultra-eskuineko prentsak Fermin Muguruzari egotzi zion horren errua, nahiz eta Eguzki irratian kontrakoa esan. Gerora, Negu Gorriaki betoa jarri zion Iruñeko Udalak eta ‘Azken Guda Dantza’ eta 10 urte beranduago lortu genuen itzultzea, DUT-ekin egindako biran. Gogora ditzagun garai hartako abesti batzuk», esan eta ‘Hiri gerrilaren dantza’ kantua etorri da, «Emaiok Vic» baten atzetik.

‘Bidasoa fundamentalista’ abestiak eman dio jarraipena, Muguruzak DUT taldearekin egindako ‘Ireki ateak’ diskoko abestia. 1997an idatzitakoak oraindik ere gaurkotasunik ez du galdu, tamalez, irudi berak errepikatzen ez badira ere aurrerapen gutxi egin baita irailaren 8an Hondarribian eta emakumeek bazterkeria pairatzen dute urtez urte, ustez gobernuko kolore aldaketak egoera irauliko zuela pentsarazten zuen arren.

NG Badator

Negu Gorriaken garaira berriz ere jauzi, ‘Gure jarrera’ diskoko ‘Lehenbiziko bala’ kantuarekin Nafarroa Arena saltoka jarriz. Abesti honetan dagoeneko taldekideak ikusi ditugu pantailetan, oholtza gaineko energia arena guztira zabaldu dutelarik.

«Negu Gorriak taldean 5 taldekide ginen, Iñigo egun ez dago, baina bazen beste taldekide bat ere, eta bira honetan gonbidatu genuen, hainbat tokitan eta gaur ere hemen da Jon Maia. Baina gaurko saiorako bertsolari bat gehiago gonbidatu nahi genuen, azken denboratan lagun egin dena eta ezagun egin dena CAFen sari bati uko egitearren. CAFek eraiki nahi duen trenbidea beste harresi bat delako Palestinarentzat, hemen da Saioa Alkaiza!».

Alkaizak Itoitz, AHTa, Aroztegia, LGTBIQ+ komunitatea… izan ditu gogoan bere segidillan eta «ukabilari ekin, gu Palestinarekin!» bukatu du, Nafarroa Arena guztia «Palestina askatu!» oihuka jarriz. Jon Maiak bere segidillan Netanyahu, Ayuso eta eguerdiko manifestazioa izan ditu gogoan lehen zatian, «Mundua alda dadin, gaur Iruñean San Fermin» gehituz bigarren zatian. Berriz ere Alkaizak hartu du testigua Sartaguda alargunen herria, Ezkabako presoak, erail eta torturatuak, Angel Berrueta… goan izanda «kanta ditzagun denak, zirenak eta garenak» bukatu du berea. Maiak birako toki denak gogoan izan ditu baita Ferminen ibilbidea ere, «Gora Iruñea zaharra eta Fermin bakarra» esanaz borobilduz bertsolarien tartea.

Atzetik oholtzara igo dira Mikel Txopeitia ‘Pintza’, Mikel Kazalis ‘Anestesia’ eta Kaki Arkarazo , Negu Gorriak osorik oholtzan jarriz, Iñigo Muguruzaren izpiritua beti baitago presente Ferminen emanaldietan. ‘B.S.O’ kantua izan da eskaini duten lehendabizikoa, «sutraiak, rock! rap! reggae!» oihukatuz, musika beltzaren aldeko mezu nabarmenean. 1991tik salto 1993ra, ‘Borreroak baditu milaka aurpegi’ diskoko ’Itxoiten’ kantura saltoa. Kaki Arkarazo eta Lide Hernando duoan sarreratik, eta irudi ederra eskaini dute Vic Navarretek eta Mikel Anestesiak, bakoitzak burua bere erara astinduz, Muguruzak amorrua kanporatzen zuen bitartean.

Presoekin elkartasuna

‘Albiztur’ fandangoarekin aldaketa etorri da Negu Gorriakeko kideak oholtzatik irten ostean. ‘54-46’ abestira pasa gara, ‘Brigadistak Sound System’ kantura eta norbaiti La Cigale aretoan, Parisen, barruraino iritsi zitzaion, sarean badagoelako emanaldi hartako bideoren bat. Abestian etena egin dute gogorarazteko gaurko tabernako etekinak preso, iheslari eta deportatuentzat direla, «topa egiten duzuen bakoitzean izan hori gogoan, eta orain egin dezagun oihu haiengatik, hurrengoan etxean nahi ditugulako». Bigarren zantzu bat Ferminen erretiroa oraindik urrun dagoela adierazten duena.

‘Etxerat’ Kortaturen kantuarekin presoekin elkartasunak aurrera segi du kontzertuan . «Raimundo El Canasterok bere epaiketa irabazi du, badakit hemen zaudetela, zorionak! Eta bada beste talde bat auzipetuta, nork eta Intxaurrondoko Guardia Zibilak. Talde hori Yakovlev 42 da eta haiekin gaude!», taldeko abeslari Endika Loiola igo da orduan oholtzara eta «ez gaituzte isiliduko!» oihu egin ostean «Zu atrapatu arte» eskaini dute. Gero antiarrazismoaren oihu den ‘Kolore bizia’ abestia eskaini dute, ‘Borreroak baditu milaka aurpegi’ disko eklektikoko abesti alaia.

Amaieraren hasiera

J Martinako Ane eta Kattalin Barcena ahizpak abesten zirela eta Quinndy eta Kuma dantzarien laguntzaz (bi hauek agertzen diren bakoitzean poztasunak hartzen gaitu) etorri da ‘Radio Rahim’ kantua, Barcenatarretan gazteena kufiya lepoan zuela. ‘Dub manifest’ kantuarekin energiak goian jarraitu du, lehertuta eta bero-bero zen giroa Nafarroa Arenan, kazetariok salbu, guztiak dantzan. Oso ona izan da Lady Gagari egin dioten keinua ere abesten, Lide Hernandok ‘Bad Romance’ kantuaren «I want your love, love, love, love», abestu dute. Zer nolako sorpresak dituzten kontzerturo.

Lehen etena egin dutenean pantailan Baregako tiro-eremuaren kontrako mezua agertu da «Gerra inperialistak hemen hasten dira» salatuz, Sustrai Erakuntza Fundazioaren 2028 Bardeak Libre mugimenduaren irudian.

Internazionala eta lehen bisa

Xabi Solano eta haize sekzioa sartu dira pare bat minuturen buruan berriz ere oholtzara ‘Internazionala’ joz, jendeak abesten zuen bitartean. Segidan Aretha Franklinen ‘Respect’ abestitik abiatuta 1996ko ‘Salam, agur’ diskoan egindako ‘Errespetua’ bertsioa eskaini dute. Urte hartako urriaren 3an, Egin egunkarian iragarri zuen Fermin Muguruzak bere eguneroko ‘Nire txanda’ zutabean taldeak disko honekin beren ibilbideari bukaera emango ziola, kontzerturik eskaini gabe.

Amaia Apaolaza izan dute gogoan azken zatian, Fermin Muguruzaren manager izana, «berea ere badelako garaipen hau», esanaz. Une horretan talde tekniko guztia aurkeztu du Muguruzak eta ‘El ultimo ska de Manolo Rastaman’ kantuarekin musikari guztiak aurkeztu ditu ohiturari segiz. Guztietan lehena Amets Aznarez izan da, zarrakazteluarra, tronboian aritu dena. Segidan Fino, Lonbi, Jontron, Vic Navarrete, Chalart 58, Gloria Maurell, Xabi Solano, Matah (kataluniera perfektuan) eta Lide Hernando ‘Bele’ ere aurkeztu ditu. Azken honek Chill Mafiari omenaldia ere egin dio ‘31014’ abestiaren zati bat abestuz, kolektibokoren baten harridurarako.

Palestinaren aldeko oihua den ‘Yalah yalah, Ramallah!’ etorri den unean dozenaka bandera palestinar aireratu dira Nafarroa Arenan. Euskal Herria Palestinarekin dago eta hori San Mamesen ere argi geratuko da azaroaren 15ean Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko lagunartekoan. Kneecap eta Bob Vylani ere elkartasuna adierazi nahi izan die Fermin Muguruzak, Palestinaren aldeko hainbat mugimenduren irudiak atzean zituen bitartean kantua bukatzean.

Azkenak eta etxera

‘Txoriak txori’ abestuz Nafarroa Arenan Xabi Solano eta Lide Hernandoren konpainian. Laboatik Monzonera bi akordetan, ‘Lepoan hartu’ Pantxoa eta Peiok ospetsu egin zuten kantua eskaini baitute Hernandok eta Solanok, publikoak gogotik abestu duen abestia. «Ekin eta bultza, denok batera», dio kantuak eta Bilboko kontzertuan euskaldunokin elkartasuna erakutsi zuen portugaldarra, Vasco, Iruñera gonbidatu eta ekarri du Fermin Muguruzak bere Ikurriña erraldoi eta guzti. Hura aurkeztu eta ‘Gora Herria’ ereserkia etorri da, dantzan eta saltoka jarriz mundu guztia. «Ni un paso atrás, solo para coger impulso» esan eta gaueko benetako pogo bakarra etorri da lehen lerroetan. A zer nolako energia dosiak diren Muguruzaren hiru orduko emanaldi hauek. Nekerik ez publikoan.

«Sobrinico Hofe» gonbidatu du oholtzara Ferminek eta Hofek «kantu hau Zaldibarren desagertu ziren bi pertsonentzat da, Zaldibar argitu joder!» esan ostean ‘Mierda de ciudad’ abestia etorri da, gu geroni ere oihuka jarriz. Moskuko kontzertuan izandako oroitzapenak azalera ekarri dizkigu, hunkidura, poza eta amorrua, dena batera.

Agurtzeko garaia iritsi denean, «kantu honek faxistak hiltzen dituela esan dezakegu» adieraziz «datorrela herri honen lehendakaria, Itziar Ituño» dei egin eta ‘Sarri sarri’ etorri da basauritarrarekin batera, hiru ordutik gorako akelarre antifaxistari ginga jarriz. «Azkenekoa da, beraz, beste buelta bat eman beharko diogu. Gloria, eman egurra», eta abestiari itzuli bat gehiago emanaz, Nafarroa Arena hankaz gora jarrita, mundu biraren bukaera iritsi da «Jo ta ke irabazi arte!» oihu artean. Batzuk aro bat nahiago, besteek bestea, baina argi dago 40 urtean ereserki sorta oso luzea sortu duela Irungo musikariak.

Jendearen erantzuna ere neurri horretakoa da, eta nahiz eta belaunaldi gazteenen ordezkari gehiegirik ez izan, halako erreferenteek oraindik ere kausa nobleen aldeko borrokak zentzurik badutela erakusten digute. 40 urtean eraldaketak eraldaketa lan handia dugula aurretik argi erakusten digu Muguruzak bere abestietan eta aurrera begira oraindik ere lana badugula egiteko. Nekearen zama arintzen lagundu digu bira honetan Muguruzak eta oraindik ere lanean jarraitzeko energia dosi bat eman. Jarrai dezagun borrokan, komandante.