En directo

Akerbeltz erromeriarekin 200 kontzertu baino gehiago eman ondoren, Jon Castañedak, Jonkass izenez ezaguna, bere proiektu pertsonalari ekin dio, Paradisu Zinema Bekaren laguntzaz sortu den lehen diskoarekin: ‘DAM’ (2025).
Bilboko Poza Lizentziatuaren kaleko Elkar dendan aurkeztu du Jonkassek bere lehen lana astearte honetan, musikari zumarragarrak eta Andres Camio ‘Jitu’ Elkar argitaletxeko musika arduradunak emandako prentsaurrekoan. Diskoa, hain zuzen, EHZ festibalak, Antxeta Irratiak eta Elkar argitaletxeak Iñigo Muguruzaren omenez antolatzen duten Paradisu Zinema Bekaren bigarren edizioa irabaztearen emaitza da.
Jonkass hunkituta agertu da prentsaurrekoan, «ospatzeko eguna» zela azpimarratuz. Azaldu du diskoa bere ibilbidearen laburpena dela nolabait, eta bertan batu dituela azken urteetako bizipenak eta sentipenak. Bere esanetan, ‘DAM’ diskoak «laburbiltzen du ni naizena».
Diskoaren izenak esanahi propioa du. Musikariak azaldu duenez, siglek ‘Drogazale, Adardun, Marikoia’ esan nahi dute. «Horiek izan dira oholtza batera igo nintzenetik askotan entzun ditudan hitzak», jakinarazi du. Hala ere, horien esanahia irauli nahi izan du, identitatea eta askatasuna aldarrikatzeko modua da: «Zergatik ez hori hartu eta nire ikur bihurtu? Lotsa gabe, DAM». Zentzu horretan, uste du euskal musikagintzan «purpurina eta luma» gutxi egon dela.
Istorio pertsonalak
Lan berriak hamabi abesti biltzen ditu eta estilo musikal askotarikoak uztartzen ditu, hala nola reggaetoia, elektronika, balada eta baita «rumbita» ere. Kantu bakoitzak artistaren bizitzako pasarte bat irudikatzen du, eta askok leku zehatz baten izena daramate. Horien artean, Bilboko Kafe Antzokiari eskainitako lehen singlea eta Alarma Morea taldearekin egindako ‘Andaluzia’ nabarmendu ditu; baita Xabi Solanoren laguntzarekin grabatutako ‘Bob Espok’ ere, Kepa Junkera omentzen duen bertsio berezia.
Behin diskoa kalean, Jonkass berriz ere prest dago oholtzetara itzultzeko, oraingoan bere kantu propioekin. Azaldu du bere burua «zuzeneko artista bat bezala» definitzen duela. «Eguna heltzeko eta erakusteko desiratzen nago», konfesatu du. Horretarako, teklatuak, gitarrak, bateriak eta baxuak osatutako banda batekin ariko da.
Hain zuzen, bere lehen kontzertuak jada iragarri ditu: azaroaren 7an Bilborocken, Somak taldearekin batera, eta abenduaren 6an Ahotsenean, Durangoko Azokan. Bilboko emanaldia doakoa izango da, aforoa bete arte. Jonkass pozik azaldu da prestatu duten ikuskizunarekin: «Zerbait ezberdina eta oso landua prestatu dugu. Diskoa entzun daiteke, baina zuzenean ulertuko da hobeto».
Camiok gogorarazi duenez, Paradisu Zinema Bekan Jonkassen proiektua hautatua izan zen 18 proposamenen artean, eta sariak bere proiektua bultzatzeko aukera eman dio. Argitaletxeko musika arloko arduradunak nabarmendu du horren emaitza izan dela «disko bat alaia, dibertigarria eta dantzagarria». «Lehendabiziko diskoa izateko, zoragarria da», nabarmendu du Camiok.

Rozalén y Fernando Velázquez publican una versión del villancico ‘Hator hator’

El rock escocés homenajea al artista norteamericano Dennis Hopper

X. edizioko kartela iragarri du 40 Minutu Rockek: Brigade Loco, Merina Gris, Neomak...
«Lau pistako grabagailu batean genituen ideiak berreskuratu ditugu»


