En directo

«Aldarriek, oihuek, elkartasunak… gutxitan izan dezakete zer ospatua, baina ospatzekoa izan daiteke aldarri bat, oihu bat, elkartasuna adierazteko herri bat dagoela ikustea». Esaldi horrekin abiatu du 40 Minutu Rock jaialdiko antolakuntzak 2026ko edizioko kartelaren iragarpena. Otsailaren 21ean, hogei talde igoko dira Durangoko Landako Gunean jarriko dituzten oholtzetara elkartasun taupada horrekin bat egitera. Gune Nagusian Bridade Loco, Merina Gris, Neomak, Les Testarudes, Kiliki, Naxker, Ezezez, Nafarroa 1512, Zeker, Non Servium, Marte Lasarte, EH Sukarra eta Zea Mays ariko dira. Eta karpan, aldiz, Chicabet & Rocky Violencia, Matah, Sembrando Kaos, Labar, Adur, DJ Pibikens eta Kene zuzenean ikusteko aukera egongo da.
Edizio berezia izango da, gainera, irekitzear den urte berrikoa: hamar urte beteko ditu jaialdiak. Zentzu horretan, antolakuntzatik gogora ekarri dute 2015ean abiatutako elkartasun jaialdiari lema Eñaut Elorrietak ahotsa jarri zion ‘Malen’ abestitik hartu zutela: ‘Berrogei minutu, milaka taupada’. «Lema horrekin hasi zuen 40 Minutu Rockek ibilbidea. Helburua garbia zen: euskal preso, iheslari eta deportatuak Euskal Herriratzeko mezua zabaltzea», nabarmendu dute, eta harrezkero aldarria moldez aldatu dela aipatu dute. «Herriaren mezuak anitzak izan dira. ‘Itzala Argitzen’, ‘Elkarrekin arnasteko ordua da’, ‘Bagatoz, badatoz’, ‘Oihuka astiduz orratzak’ eta ‘Indarrak batuz, askatasunerantz’ lemak izan dira urteotan jaialdiak erabili dituenak, eta aurtengoak horiek guztiak batu gura ditu, herriak taupaka jarraitzen duela adierazteko», esan dute.

Jaialdia ospatu den hamarkada honetan euskal preso, iheslari eta deportatuen egoera aldatzen joan dela ere ekarri dute gogora: «Herriaren indarrari esker dozenaka batzuen baldintzak hobetzen joan badira ere, oraindik hamarnaka batzuk dira ziegetan edo erbestean, senide eta lagunengandik urruti bizi direnak. Hartara, 40 Minutu Rocken mezua moldez aldatzen joan bada ere, milaka bihotz horiek helburu berdinarekin jarraitzen dute taupaka».
Taupada bizirik
Hamar urteotan 40 Minutu Rocken bidez «herriak bizirik jarraitzen duela» frogatu ahal izan dela jarri dute balioan, jai giroaren abaroan «mezu ugari» zabaldu baitira, hein handi batean jaialdia posible egiten duten boluntarioei esker. Makrojaialdien nagusitasunaren garaiotan, 40 Minutu Rockek bere erroa auzolanean finkatua duela ziurtatu dute, «interesik bako lanetik abiatuta, herritik eraikia, herriari eskaintzeko».
Zentzu horretan, gogora ekarri dute iazko udan pairatutako material lapurretaren aurrean «herriak berak babesa» eskaini ziola 40 Minutu Rocki, ekarpen ekonomikoak eginez. Hargatik, jaialdiko antolakuntza taldeak «eskerrik beroena» luzatu nahi izan die «edizio bakoitzean elkartasunaren izenean eta inongo irabazi asmo barik lan egiten duten zein laguntza eskaintzen duten guztiei. Eskerrik asko bihotzez, zuek barik ez litzateke 40 Minutu Rock posible izango!».
Harpidedunentzat deskontuak
Hamargarrena, beraz, edizio berezia izango da 40 Minutu Rockentzat, eta bertan izan nahi dutenentzat sarrerak jada eskuragarri daude BIBE atariaren bidez. Aldez aurretik erosiz gero 25 euroan lor daitezke, eta egunean bertan 30 euroan. NAIZeko harpidedunek, baina, %40ko beherapenarekin eskuratu ahalko dituzte abenduaren 16tik aurrera, Harpidedunen Txokoan.
Fisikoki erosi nahi dituenarentzat, Durangoko Azokan ere eskuratu ahalko dira, Artekale kaleko 12. atariaren alboan, eta epe laburrean Euskal Herriko puntu ezberdinetan ere erosi ahalko dira.
Gauzak hala, antolakuntzatik otsailaren 21ean Durangora etortzeko gonbita luzatu dute: «Jaialdiak dei egiten dio euskal musikaz, musika aldarrikatzaileaz eta jai giro sano batez gozatu gura duen herritar orori».
«Zibilizazioa bera da barbarierik handiena munduarentzat»

Elkarrek izan duen «etika falta» salatu dute Hertzainak taldeko hiru kidek

Rozalén y Fernando Velázquez publican una versión del villancico ‘Hator hator’

El rock escocés homenajea al artista norteamericano Dennis Hopper

