En directo

Iraia Cambra - Iker Gurrutxaga

Mugimendu askorik ez, baina proposamen zinez interesgarriak BBK Liveren lehen egunean

Lehen eguna beti izaten da lasaia BBK Liven, baina aurten bereziki nabarmendu den zerbait izan da hori bertaratuentzat. Dena dela, etxekoetatik hasi eta nazioarteko izarretaraino, proposamen zinez interesgarriez gozatzeko aukera izan da Kobetamendin.

Belen Aguilera kataluniarrak eszenaratze berezia eskani du BBK Liven.
Belen Aguilera kataluniarrak eszenaratze berezia eskani du BBK Liven. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hogeigarren urteurrena du aurten Bilbao BBK Live jaialdiak eta, egiari zor, gaur ez dugu aurreko urteetako mugimendurik nabaritu jaialdiaren atarikoan eta lehen orduetan. Osteguna beti da lasaiagoa Kobetamendiko jaialdian eta gaurkoan hori argi geratu da. Dena dela, nabaritu zitekeen publikoaren aniztasuna urterokoa dela, adin guztietako jendea, atzerritarrak ere presente eta moda tendentzia berrienak ere agerian Bilboko zelaietan.

GAR izan da aurtengo jaialdia zabaldu duen taldea. Hogeita hamarren bat lagun negutegian eta Jon Garcia, taldeko sortzailea bera, bakarrik oholtza erdian, gitarra eta bere ahotsarekin emanaldiari hasiera emanaz. Atzetik batu dira besteak, boskotea osatuz; rock formazio ohikoa teklatuarekin. Bateria kolpeak bikain entzuten ziren, garbi-garbi, musikan goxotasuna eta potentziaren arteko nahasketa ederra sortzen zelarik bertan. ‘Oraina eskuetan’ diskoa aurkezten izan da Gaztea maketa lehiaketako azken irabazlea.

«Ez da ordurik onena, baina hemen gaude» esan du Garciak, askok aipatu izan dugun horri erreferentzia eginaz, izan ere, GAR bezalako euskal taldeek ordutegi zentralagoak hartzeko aukera merezi dute. Dena dela, pozik agertu da Garcia kontzertu ostean NAIZ Irratiko mikroaren aurrera.

Kontrastez betetako hasiera

Zelaian eta baso inguruan jende asko freskotasun bila ibili da lehen orduetan, sargori baitzen Bilbo inguruan. Hodeitza ere agertu da, baina euri mehatxurik ez, zorionez, jaialdiaz gozatu nahi zutenentzat. Gauerdian hori ere aldatu den arren.

Hala, Sara Zozayaren proposamen intimista eta esperimentala izan da bigarren oholtzako lehen platera. Ikuskizuna espaziorako doitu zuen Zozayak, ohiko proiekzioak erabili ordez naturako irudiak jarriz LED pantailan. Soineko zuri berezi batekin jantzita eta haizetakoek ile luzea mugitzen ziotela, begiak itxita abestu ditu lehen konpasak. Estilismoa eta jantziteria mimoz zaindu dituela aitortu digu kontzertuaren ostean, «orduerdiko emanaldiaren atzean ordu pila batetako lana» dagoela nabarmenduz eta «lan-taldearen babesa sekulakoa» dela azpimarratuz. 

Atrezzorako telebista zahar ugari jarri dituzte oholtzan, garai desberdinetakoak. Pantailan bere irudia ere ikusi ahal izan dugu, zuri beltzean eta granoarekin ere erabiliz, estetika bitxi eta mistiko batean. Jendea festibalera hurbilduz zebilen oraindik, gutxika-gutxika, baina donostiarrak bere magnetismo horrekin harrapatu ditu guztiak oholtzaren parean. Batzuk eserita, besteak zutik eta baten bat etzanda ere bai. Areto batetik halako oholtza handi batetara aldea badago ere, eta bere emanaldian gau giroa eskertzen bada ere, bikain defendatu du bere proposamena Zozayak.

Zuritik beltzera pasatzea bezalakoa izan da Radio Free Alice, eguneko lehen australiarrak, entzutera joan garen unea. Indie eta surf estiloa uztartuz erritmo dantzagarrietan ibili gara haiekin. Energia bizia haien musikan, nahiz eta kantu geldoago batzuk ere eskaintzen zituzten. Sei urte oholtzetan daraman taldea da Melbournekoa eta indiea zer den bikain ulertzen duena, gaur egun soinu grabatuak jaurtitzeko konplexurik ez izatearen ausardia horrekin. Instrumentuak ere aldatuz ibili dira, baxuak saxoa hartu, abeslariak gitarra utzi eta baxua soinean jarri… interesgarria haien musika. Eta, azken urteotan beste batzuk egin bezala, taldekideetako bat Athleticen kamiseta soinean zuela kontzertu guztian.

Las Petuniasekoekin ere dantzarako aukerarik izan da, nahiz eta estiloz post-punketik gertu egon. Naxker ekarri digute burura, eta pentsatu ere pentsatu dugu ea zergatik ez duten merezi haiek halako plaza bat. Dena dela, giro atsegina sortzeko ahalegina egin dute, publikoarekin gertukotasuna agerian utziz. Emakumez osatutako talde madrildarra, feminismoa ardatz duena, 2024an ateratako estreinako ‘Creo que soy de porcelana’ diskoa aurkezten izan da Bilbon. Hamazazpi urte zituztela martxan jarritako taldea, bidea egiten ari da.

Popa nagusi lehen iluntzean

Belen Aguilera abeslari kataluniarrak oholtzaratze berezia eskaini du, sirena baten moduan jantzita agertu da, eta haren musikariek ere estetika berarekin agertu dira oholtzara, urdin pastel eta more koloreen artean. Eszenatokian, barku baten piezak ikus zitezkeen, Aguilera itsaso gaineko unibertso batean kokatuz. Dena, bere azken lana den ‘Mediterrania’ EParekin lotuta. Hala ere, bere abesti ezagunenetarako tarterik ere izan da emanaldian.

Bere aingeru-ahotsak liluratuta utzi ditu entzuleak, eta txalo eta oihu artean hartu dute artista hasieratik. Biolin, biolontxelo, piano, bateria eta dantzariez ondo inguratuta, Aguilerak San Miguel oholtzak eskatzen duen neurriko showa eskaini du. Jende ugari gerturatu da emanaldira, eta nabarmena izan da publikoak kontzertua gozatu duela.

Atzeko pantailetan agertzen ziren irudiek ere indartu egin dute zuzenekoaren unibertso bisuala, musikaren eta eszenografiaren arteko lotura sendotuz. ‘Copiloto’ singlearen unean, ikus-entzuleek indartsu abestu dute, eta gauza bera gertatu da ondoren iritsi diren ‘Dramático’ eta ‘Otra suerte sería’ kantuekin ere. Artistak berak hunkituta zegoela aitortu du oholtza gainean, eta horrelako jaialdi batean aritzea amets bat zela berarentzat. Mecano talderen ‘Hijo de la Luna’ bezalako kantuen bertsioren bat ere eskaini zuen bere ahots zerutiarrarekin.

Dani Fernandezen txanda izan da ondoren. Eszenatoki nagusian harrizko oholtza bat eraiki du, eta bere atzean zituen sei musikariak aldapa moduko batean kokatu ditu. Besoa hautsi ostean, osasuntsu eta indartsu agertu da Fernandez, pop-rockaren energia bete-betean ekarriz Bilbao BBK Livera.

‘Joderme la vida’ abestiarekin ireki du kontzertua, gitarra solo ikusgarri batek lagunduta, eta publikoak gogotsu hartu du hasieratik: oihuak eta saltoak nagusitu dira lehen akordeetatik. Aurten argitaratu du ‘La última canción’ singlea, baina bere abesti ezagunenetarako tartea ere izan da, tartean ‘Todo cambia’, ‘Clima tropical’ eta ‘Si tus piernas’.

Oholtza nagusia handiegi gera dakioke artista bati batzuetan, baina ez da halakorik izan Fernandezen kasua. Bere presentziak eta publikoaren erantzunak indar hori goian mantendu dute kontzertu osoan zehar. Extremoduroren ‘Si te vas’ abestiaren bertsio bat ere eskaini du, eta une horrek beste ñabardura bat eman dio emanaldiari. Jendez gainezka zegoen kontzertua, eta argi geratu da pop-rockak baduela lekua Bilbao BBK Liven.

Sorpresak eta gaueko erreginak

Don Westen konpainian idatzi dugu GARArako lehen kronika. Bagenekielako nor zen, baina soul musika goxoa eta beroa eskaini du australiarrak, eta, ikusiko ez bagenu, beltza zela ere sinistuko genukeen. Iluntzerako konpainia aproposa ezbairik gabe Westena. Halako batean, sorpresan, mendi magalean kokatutako oholtza txiki batean Alcalá Norte taldekoak ere agertu dira. Emanaldien artean tarte bat bazela jabetuta ginen, baina iragarri gabeko kontzertua eta ezohiko tokian eskaini dute madrildarrek. Dena dela bitxia zen egoera, soinu ekipoa oholtza nagusikoa zelako. Musikariak aurreko aldean eta musika atzetik zetorrela. Beren giro jostariarekin pozarren izan dira ikusleak.

Paris Palomaren ahotsak erakarri gaitu gero San Miguel oholtzara. Hiruko formatuan agertu da, egiten duen musikarako harrigarria. Musikari gehiago espero genitzakeen. Dena dela folketik abiatu eta pop elektronikorainoko eskaintza du berea eta horrek nolabait ere justifikatzen du dena, lehen esan bezala, konplexurik gabe jaurtitzen baitira grabatutako soinuak ekipoetatik gaur egun. Nelly Furtadoren ‘Maneater’ kantuaren bertsioa izan da horren adibide. Estetikoki Florence Welch gogoratu digu eta Parisen, Frantziako hiriburuan, harekin abestu zuenez, izan zitekeen BBKren sorpresa bat, baina ez da halakorik gertatu. ‘Pre-Raphaelite’ abesti gozoa kantatu ostean, gizonezko haterrei zuzendutako ‘Good boy’ eskaini du. Paris Palomak aipatu du asko ez direla jabetzen sareetan iruzkinekin egiten duten kalteaz eta ezta demokraziari egiten dioten minaz ere, Elon Musk bezalako pertsonei babesa emanaz.

Hurrengo abestia izan da ‘Good Girl’, mundu estereotipatu honi eskainitako abestia. Palomak azaldu duen moduan, gaur egun gizarteak argal egon behar dugula esaten digu, baina horri garrantzia eman beharrean, denbora hori gure burua maitatzeko erabiliko bagenu, gizarte politago batean biziko ginateke. Bakoitzak tokatu zaion gorputza den bezala onartzen ikasi behar dugula azpimarratu du, bera ere horretan dabilela aitortuz. Kantu elektroniko nahikoa iluna, nahiz eta dantzarako aukera ematen zuen barrua hustuz eta burua astinduz. ‘Silhouette’ kantuarekin publikoaren parte-hartzea ere bilatu du, txaloekin konpasa jarraitzeko eskatuz eta ‘Labour’ abestiarekin amaitu du emanaldia.

Kolako piano bat zirudienera igota hasi du kontzertua FKA Twigsek, gerora telaz tapatutako oholtza bat zela konturatu garen arren, eta atzeko aldean teloi beltza zuen eskegita. Dantzariak batu zaizkio, zuria gorria eta beltza protagonistak ziren espaziora. Elektronika ilunak eta bere abesteko gaitasunak harrapatu gaitu dantzak eta gorputz adierazpenak garrantzia berezia zuten showan.

Elementu desberdinak baliatzen zituzten dantzarako eta mugimendurako, pole-dancea edota zabuarekin akrobaziak eginaz, eta musika ere hein batean zuzenean egiten zuten elektronika izanagatik ere. Techno une gorena etorri da segidan, giro aldaketa eta parranda giroa nagusi eszenatokian, Pinpilinpauxa konpartsaren gunea zela zirudien Bilboko Aste Nagusi betean. Christina Aguilera eta Charli XCX koktelera batean nahasiz gero, FKA Twigsen proposamen hau aterako litzatekeela esan genezakeen une horretan, nahiz eta ‘honda’ kantuan horri Niki Minajen unibertsoa ere batu dion.

Erropa aldaketak eta orrazkera aldaketak konstante bat izan dira ia ordu eta erdi iraun duen emanadlian. Abeslari aparta ezbairik gabe, lirikoa, elektronika eta musika beltza batzen dituena, bakoitzaren teknika modu ederrean erabilita. Baina dantzari apartagoa dela esango du askok ziurrenik. Egunak beharko ditugu gertatu dena liseritzeko.

Festa giroak aurrea segi du

Eskoziarren gaua izan da hortik aurrera Kobetamendin. Talking Heads taldean aritutako David Byrnek lehendabizi, eta Calvin Harrisek gero, bertaratuak dantzan jarri ditu, nahiz eta euriak ere mehatxatu duen gaua zapuzteko. Baina BBK Liven hori ez da arazoa izaten eta pozarren aritu dira dantzan batzuk eta bestean.

Bihar berriz ere talde eskoziar bat izango da protagonista nagusienetakoa, Belle and Sebastian taldea, nahiz eta Inglaterratik etorriko den Robbie Williams izango den argi eta garbi bigarren eguneko protagonista nagusia. Ea zer dakarren ostiralak.