En directo

Puntual ekin diete jaialdiari lehen egunean, ordutegiarekin asmatu dutela esan daiteke aurtengoan, ateak 18:30ean zabaldu eta 19:00etan hasi baita Bodega talde estatubatuarra eta iaz baino jende dezente gehiago hurbildu da lehen orduan. New Yorketik iritsitakoa lehen taldea, formazio bitxian. Egiari zor, eta antolatzaileek berek esanda, askoz ere beranduago jo zezakeen talde horietakoa da, baina estiloaren baitan finkatzen dituzte oholtzak eta ordutegiak, ez izenaren edo jarraitzaile kopuruaren arabera, eta hori txalotzekoa den zerbait da.
Itzul gaitezen Bodega taldearen emanaldira. Lehen lerroan bi gitarra-jotzaileak, haietako bat abesten eta taldeko emakume bakarra, zentralitatea hartuz, abestuz eta txarles platera joz. Bigarren lerroan bateria-jotzailea zutik, bonboaren ordez tinbal apal bat joz eta platera bakarrarekin, eta baxu-jotzailea. Oinarri erritmikoa taldearen gibelean, beraz. 1960-70etako giroko musika egiten dutela zirudien arren, beranduagoko indie mugimenduan ere kokatu genezake, surf ukituekin, dantzagarri eta dibertigarria. Sinte bereziak entzun dira tartean eta tempoekin jolas ugari egin dute. Horren adibide ‘Pick up the check’ abestia, ‘All inside aquarium’ lan berrikoa. Gitarren jolasak (tremoloaren erabilera fina eta baita wah efektuarena ere, nabarmentzeko bi elementu bezala), eta hustu-bete joerarekin, kantu luzexka dotore bete dute bost taldekideek.
Bat-batean ‘Nortega’ taldeaz mozorrotu dira, txisteren bat eginaz kontatu digute hori, eta hardcore kantu sorta bat eskaini dute, «erreginaren gazteluan» zeudela baliatuz; tokiari eginiko erreferentzia garbia. Rock progresiboko kantu luze batekin etorri da azken aurrekoa, instrumental dezente eta intentsitateak gora eta gora egiten zuen abestia. Zinez interesgarria Bodega New Yorkeko taldea, Euskal Herriari aipamen bat edo beste eginaz kontzertuan, gainera. Beti eskertzen den keinu mota gure jaialdietan.
Antzoki ezkutuaren magia
Llucia Plaren proposamen soniko berezia izan dugu segidan antzoki ezkutuan, Miramar Jauregiaren barruko gela batean. Mursegorena esan genuen izan zitekeela espazio hori baina ez, kataluniarrarena izan da espazioa lehen egunean. Baxua, klarinetea, efektuak, programatutako soinuak… bakarlari oso berezia ezbairik gabe eta Boga Bogaren txoko honen esentziarekin bat egiten duena. Oso ausartak dira beti ere halako artistei aukerak ematen. Bere memorietatik bidaia bat bailitzan ekin dio emanaldiari Ampostakoak. Ikus-entzunekoen munduan dabil eta antzematen da, pelikula baten soinu banda izan zitekeelako eskaini digun emanaldikoa.
Bedroom pop proiektu bezala uler genezake Plarena, intimista bai, baina erritmoa ere baduena, ez espero zitekeen bezain atmosferikoa. Emanaldia hasi eta gutxira kontatu digu, ‘Cantar i parlar’, aurkezten ari den lana bere amonaren etxean topatutako kasete batetik abiatzen dela, bera abesten eta hizketan ikasten ari zela 1996an grabatu zutenekoa, bi urte baino ez zituela. Beraz, hasierako ustea erabat bete da.
Perkusioko elementuak ere tartekatu ditu abesten zuen bitartean, eta zinez interesgarria da instrumentuekin duen harremana. Batzuk eserita eta besteak zutik zirela, eskertuta agertu da eta Donostiara berriz ere laster itzultzeko gogoz. Azken abestia erabat programazioen gainean eta pedalekin jolasean eskaini du. Katalunieraz abestu du kontzertu guztian, azken kantu honen zati bat kenduta, Rebecaren ‘Duro de pelar’ klasikoa baitzuen tartean.
Hirugarren artista, hirugarren hizkuntza
Ilunabarrarekin batera eta Santa Klara uhartearen eta Urgull mendiaren tartean kokatzen den oholtzan ekin dio Rachid B artistak bere emanaldiari. Marokon sortutako eta Madrilen bizi den musikariak gitarra eta ahotsa baino ez ditu baliatu bere musikarako, kultura arabiarra eta espainiarra hain urrun ez daudela erakutsiz kantuz kantu. Arabiarrez abestu du, eguneko hirugarren hizkuntza (bost entzun dira gaurkoan guztira sei emanalditan). Emanaldi intimoa eskaini du, jendea gastronomiaz gozatzen ari zen bitartean. Izan ere Elkano gaztaguneko produktuak, Klandestina bodegako ardoak eta Arenales tabernako jakiak dastatzeko aukera izan dute bertaratuek.
Hegoafrikatik Euskal Herrira
Bakarka hasi da Alice Phoebe Lou bere emanaldiarekin. Hainbat kantu eskaini ostean, taldea gehitzen joan da pixkanaka. Pop musika atsegina, indiearen unibertsoarekin nahastuta, ezti eta goxo, intentsitate neurrikoan, bere ahotsaz behar den bezala disfrutatzeko. Proposamen sotila, baina publikoa poltsikoratu duena, jaialdiaren gertutasunak horretan ere laguntzen baitu. Azken kantuetan beste bat ez eskatzeko ere esan du Alice Phoebe Louk, ez dutela antzerkirik egingo eta bi soilik geratzen direla, gozatzeko uneaz. Txaloka agurtu du jendeak artista afrikarra.
Mursegoren fantasia
Mursego jendartean abesten zela hasi da bere saioarekin, oso liriko, eta kalejira moduko bat egin ostean igo da oholtzara, looperrarekin jolasean hasteko. Sustoa eman dio bidean bati baino gehiagori, ez baitzuen inork espero gisa horretan hasiko zuenik emanaldia. Bigarren abestia euskal kantutegi tradizionaletik hartu duela kontatu du eibartarrak, ‘Leizibatxo’, Hiru Trukuk ere garaian moldatua izan zena. «Iñaki dena ondo?» galdegin dio Iñaki Bengoari eta hark baietz esan orduko aurrera segi du kontzertuak. Soinuarekin lehen gorabeherak izan dituen unea ziur asko.
Txirulaz lagunduta ekin dio Arratian porru biltzean idatzitako koplak abesteari segidan, eserita. Hasieratik akelarre berezia ezbairik gabe Mursegorena, eta bertan dantzatzera animatu denik ere bazegoen hasieratik. Porruei buruzko audio bat bota du abestiaren hondarrean, bera porro bat erretzen ariko balitz bezala simulatuz. Oso performatiboa baita Mursegoren emanaldia.
Halako batean txeloa ere atera du, bere instrumentu nagusia. Une horretan barne soinuaz kexan hasi da, zaila zitzaiolako kontzentrazioa mantentzea, barruan bola egiten zitzaion eta hori kudeatzea zaila da musikarientzat. Santiago Motorizado argenitarrari ikasitako kantu espainiar bat eskaini du orduan txelo eta ahotsaz, gainerako elementuek sortzen zioten «bolarik gabe».
Los planetasek Donostiara eramaten duela aipatu du jarraian eta haien moldaketa bat jotzen hasi da, «Pitagoras, re sostenido eta hamar gutxi» bezalako terminoen artean… cumbia villera bat izan da eskaini duena eta tartean «Abiyua maite det» bezalako erreferentziak enzun dira. Gorpuzkingzek famatu egin zuen esaldia inondik ere.
Abanikoa atera du kantu hori bukatu orduko eta menopausiari buruz hizketan hasi da: «Poco se habla eta ez gaudela gaixorik», egin du aldarri. «Estoy hasta la polla? Si eres mujer y no lo tienes, cariño!», bota dio atzetik publikoko bati. Kneecap taldearen estiloko oinarri musikal bat egin duela aipatu du eta letrak gaia lantzen zuen: «menopausia, guztion auzia. Enpatia da bide bakarra».
Bukatzeko Kixki, Mixki eta Kaxkamelon pailazoek ezagun egin zuten ‘Kirikiriken’ kantuaren moldaketa etorri da. «Sabino Arana, entzuten ari bazara, zuretzako, ia dena zuri zor dizugu», bota du Mursegok. Chill Mafia, Rosalia edo Pi LTri ere erreferentziak egin dizkio kantutzar horren baitan, ginga jarri dio bere emanaldiari.
Cervatanaren geziak
Nahasketa zinez bitxia da Cervatana taldeak eskaintzen duena. Emanaldiaren hasieran Chimo Bayoren makina musika estiloko oinarri baten gainean abestuz hasi da Dandy El Piraña abeslaria, El Niño de Elcheren unibertsoa gogoraraziz hein batean. Baina hortik Rammsteinen mundura eraman gaituzte sinteekin, technotik igaro gara, anbientalagoak diren giroetara, egun Neomak bezalako taldeek egiten dituzten oinarri erritmikoetako perkusioetatik ere pasa gara kantaera flamenkoaren kutsu nabarmenaz. Eta Krautrockaren esentzia guztiaz ere gozatu dugu. Punka eta 90etako flamenkoan hainbeste entzun genituen sinteak nahastuta, Azucar Moreno eta konpainiak maiz erabili zituenak. Esan genezake beste nonbaitekoak ere badirela, baina kantaera flamenko horrek ezbairik gabe hori ekartzen zuen burura. Oinarri perkusiboak, ordea, punkik zikinenera eramaten gintuen.
Publikoa etengabean mugimenduan, eta Dandy el Piraña haiek berotzeko ahalegin etengabean. Gaurkoan, dantzari bakarra izan da oholtzan, baina a zer nolako dantzak egin dituen. Txalotzekoa ezbairik gabe Cervatanaren emanaldia. «Ondo segi, gora Euskal Herria!», oihu eginaz agurtu dira Extremadura eta Andaluziako musikariak. Lehen eguna bikain bukatu da Miramar Jauregian Boga Bogaren eskutik.
Bihar beste hainbeste eta gehiago, Easo Plazan hasiko baita eguna doako emanaldiekin, tartean izango dira Rudiger edota Labar. Mala Gestion taldea izango da Miramarren lehena, 2026ko izen berrien zerrendan nabarmentzeko modukoa. Baina bai Merina Gris eta baita Sebastian Tellierren emanaldiek ere zeresana emango dute, eta auskalo zer sorpresa duen gordeta Alai tolosarrak antzoki ezkuturako. Ez galdu.

La guerrilla sentimental de Silvio Rodríguez

«Anoetan, 1967an, sortu zen Xalbadorren mitoa, 7 minutuz txistu egin ziotenean»

Ketekalles, Latzen, Maruxak, Belako, Bull Brigade eta La Txama batu dira ASKE jaialdira

Euskal musikagintzaren inguruko hausnarketari ekin diote Badalabek eta kultur espazioek


