Hatortxuren «senari eutsita» sortu dute ASKE musika eta elkartasun jaialdi berria
Hatortxu Rockek bere ibilbideari amaiera eman zion uztailean eta, «dena eginda ez dagoela jakitun», garai eta testuinguru garaikideei egokituta sortu da ASKE jaialdia. Abenduaren 27an ospatuko da Atarrabian lehen edizioa eta lehen 1.000 sarrerak ordu eskasetan amaitu dira.
Hatortxu Rockek 30. edizioarekin agurtu zuen bere ibilbidea iragan den uztailean, milaka eta milaka euskal herritarren aurrean eta arrakasta nabarmenez. Ordukoa «auzolan ariketa erraldoia» izan zela iritzita eta «sen horri eusteko» bokazioz sortu dute orain ASKE musika eta elkartasun jaialdia.
Prentsara bidalitako ohar batean gogora ekarri dute uztailaren 27 hartan egindako ekitaldi jendetsuan esandakoa: «Elkartasun eta auzolan erakustaldiaren beharraz jakitun, genuen onena emana amaitu genuen Hatortxu Rocken zikloa. Eta orain, dena eginda ez dagoela jakitun, etxean ez gelditzea erabaki dugu. ASKE jaialdiaren bitartez erantzungo diegu garai eta testuinguru berriak parez pare jarri dizkigun erronkei», ziurtatu dute.
Hartara, neguan irekiko dute bide berria, musika eta elkartasun jaialdi berri honi eskutik helduta. «Gure jendearen askatasuna aldarrikatzetik gentozela esan genuen. Aurtengo abenduaren 27tik aurrera aske izateko jaio garela esatera igoko gara oholtzara. Herri honen eta bere jendearen askatasuna aldarrikatzera» nabarmendu dute.
Hatortxuren arrastoari segika Atarrabia izango da ASKE jaialdiaren eszenatoki ere, eta berau «askatasunaren aldarri» bilakatzeko lan egingo dutela ziurtatu dute, «soinu hotsek hedatu dezaten gure deiadarra». Egungo egoera soziopolitikoari erreferentzia eginez, «egoerari aurre egiteko unea» dela ohartarazi dute, «ez baikara haien hitzetan, ikurretan, mapetan, gorputzetan... haien bizitzetan kabitzen! Herri hau herri egiten dugunon artean egingo dugu, auzolanean».
«ASKE bihurtuko dugu aurrerantzean herri honen elkarrekintzaren ospakizun. Eginez eta ekinez, soinu banda jarriko diogu jendeak Euskal Herriak behar duena egin dezan eta gure herria jendeak behar duena izan dadin. Aske izateko jaioak baikara», esan dute.
Sarreren aurrerapen berezia
Momentuz ez dute jaialdi berri honetan parte hartuko duten musika talde edo bestelakoen izenik aurreratu, baina aurreratu dute «laster», iragarriko dituzte agertokira igoko diren «artisten izenak eta sorpresak».
Ostiral honetatik aurrera, baina, ASKEren lehen edizioaren lehen 1.000 sarrerak ordu eskasetan agortu dira. Azkenik, azaldu dute jaialdiaren atarian eta sare sozialen bidez zabalduko dutela jaialdiaren inguruko informazio guztia.