Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Gorka Urbizuk eskuratu du euskarazko urteko disko onenaren garaikurra 2025eko MIN Sarietan

Sari potolorik gabe geratu dira euskal artistak hainbat kategoriatan izendatuta egon arren MIN Sarien hamazazpigarren edizioan. Euskal Herriko Maukarekin dabilen Alcalá Norte taldeak lau garaikur pilatu ditu.

Gorka Urbizuk eskuratu du euskarazko disko onenaren 2025eko MIN Saria.
Gorka Urbizuk eskuratu du euskarazko disko onenaren 2025eko MIN Saria. (NAIZ IRRATIA)

Paula Vazquez galiziar aurkezle entzutetsuaren gidaritzapean ospatu da MIN Sarien banaketa gala Madrilgo Principe Pio antzokian astearte gauez. Euskal artista ugari izan dira bertaratu direnak, batzuk sarien peskizan eta beste batzuk gonbidatu bezala. 

Guztien artean Gorka Urbizu nabarmentzen zen, hiru izendapenekin iritsi baita Madrilgo ekitaldira. Ekitaldia Marlena taldekoen musikarekin hasi da, pop-rock proposamena Madrildik. Atzetik etorri dira beste hainbat talderen emanaldiak ere sari eta sarien artean eta bigarren tokian Hinds taldea igo da oholtzara, ‘Viva Hinds’ lanarekin 102 kontzertu mundu osoan eman dituen lau emakumez osatutako banda. Hirugarren ikuskizuna Herrialde Katalanetatik iritsitako Figa Flawas proiektuarena izan da. Dantzariak, Karibeko perkusioa eta musika urbanoa nahasten dituen proiektua. Laugarrena Metrika eta D'Bastok eskaini dute, dantzariekin hauek ere, Chill Mafiaren agur kontzertua zabaldu zuen duela gutxi BECen Metrikak. Segidan, Carlos Ares taularatu da, saria eskuratu berritan eta publikoa poltsikoan zuela, aurtengo udako jaialdietako izen propioa izango omen da Aresena eta BBK Liven ere arituko da. Bosgarren eta azken zuzenekoa, berriz, lau sari eskuratu dituzten Alcalá Norte taldekoena izan da.

Dena dela, eta hasierara itzuliz, iazko aurkezle Lalachus eta aurtengo Paula Vazquezen bideodei batekin eman diote sarrera Paula Vazquezi. Izenekin nahasten dela aipatu du maiz, aldez aurretik barkamena eskatuz, baina egiari zor ez da behin ere nahastu aurkezlea galak iraun duen denboran. Itzalaldiaren txisterik ere ez da falta izan eta aipatu dute MIN Sariak 2020an itxialdia baino bi egun lehenago egin zirela azkenekoz Madrilen eta oraingoan itzalaldiaren biharamunean. 

Sari potoloetan esku hutsik

Lehenengo saria Zaharak eman du, urteko ekoizpen onenaren saria. Izendatuen artean Gorka Urbizu zegoen, beno, Jordi Matas eta Joan Pons hobeto esanda, haiek ekoitzi baitzuten diskoa. Zaharak ekoizleen artean %10 soilik dela emakumea nabarmendu du bere hitzartzean, «erreferente falta dagoelako eta koprodukzioan aritzen direnean desagerrarazi egiten direlako». Hamasei urtetan saridunik ez da izan kategoria horretan, baina aurten Sandra Delaporte eta Sergio Salvi izan dira irabazleak ‘Los Lobos’ kantuagatik. Salvik, gainera, esan du Delaportek egin duela ekoizpena, berak ezetz. Eta, atzetik, Sandra Delaportek esan du emakume asko direla ekoizpenean dabiltzanak itzalean. Urbizuren lana, saririk gabe kategoria horretan, beraz.

Musika klasikoaren atalean ere  bi izendapen genituen euskal musikarientzat, ‘Homeland’ Judith Jaureguiren lanak jasotakoa eta La Ritirataren ‘Fandango’, baina kasu honetan ere urrun joan da saria, Back to Folialen ‘Concerto 1700’ izan baita sariduna.

Júlia Neddermann, Juditen ahizpak, diseinu grafikoan zuen izendapena, Juditek berak kaleratutako ‘Artean’ diskorako egindako lanagatik. Baina kasu honetan Vega artistaren Ignis diskorako Estudio Famasek egindako lanagatik eskuratu dute saria Paula Marin, Vega, Sara Condado eta Dora Palominok.

Grabazio urbano onenaren baitan Ben Yarten ‘Guerra Mundial’ eta Chill Mafiaren ‘Agur eta ohore x allá va la despedida’ zeuden izendatuta, baina hemen ere ez dugu saririk ekarri etxera, Lia Kali izan baita irabazle ‘Qué te debo’ lanagatik.

Urteko disko onenaren izendapena ere bazuen Gorka Urbizuk ‘Hasiera bat’ lanagatik, eta honetan ere etxekoek saririk ez, beno, erdizka Balaunka, Mauka, Airakakoen bulegokoak diren Alcalá Nortekoek laugarren saria eskuratu dutelako behin kategoria honetara iritsi garenean.

Euskara, kategorizatu behar da?

Euskarazko album onenaren saria Eusko Princess eta Ben Yarten eskutik jaso du Gorka Urbizuk. «J.K. Rowiling jódete, que seguimos vivas», esan du aurretik Eusko Princessek, transen eskubideen aldeko aldarri moduan. Olatz Salvador, Ezpalak, Janus Lester, Gorka Urbizu eta TOC ziren izendatuak azkenean Urbizuk eraman duen sari honetarako izendapena zutenak. Oholtzatik ateratzerakoan, Ben Yartek «Muerte a Israel» esan du, galak iraun duen denboran Palestinar herriarekin egon den elkartasun keinu bakarrean.

Saria eskuan, Urbizuk gogoetarako tartea ere zabaldu du, euskara bera kategoria aparteko batean egon behar ote den galdera luzatuz jendeari. Hegemonikoak diren hizkuntzekin ez dela halakorik egiten eta hori kuestionatzera eraman du jendea. Beranduago, letra onenaren saria eskuratu du Nacho Vegasek, ‘Los Años Nuevos’ kantuagatik eta Gorkaren hariari tiraka honakoa esan du: «Asturieraz idatziko banu, akaso ez nukeen sari hau irabaziko, hizkuntza gutxitu hau ez delako sekula kontuan hartzen, eta badu eszena eta kultura aberatsa, nahiz eta ez izan ofiziala. Independente da UFI, baina hemen erreakzionarioenen pare jokatzen dutela esan dezaket». Bikain, Vegas.

Aldarrikapenen sekzioa utzi gabe, Carla Varona UFIko (Unión Fonográfica Independiente) presidenteak hitz egin duenean ere izan da halakorik. Emakumeen presentzia falta dela aldarrikatu du industrian. Talentua soberan dagoela baina aukerak falta direla gaineratu ostean, «berdintasuna ohiko bihurtu dadila» gaineratu du. Horrez gainera, Madril beti izan dela musika independentearen babesleku eta azken 24 ordutan elkarrekin arraun egin dutela sari banaketaren bueltan zirenek aipatu du, hori dela «konpromisoa, komunitatea eta musika independentea».

Gainerako sarituak

Gainerako kategoriatan aipatzekoa izan da gorantz doazen artisten izendapena zuten bik kategoria orokorragoetan eskuratu dituztela sariak, horietan guztietan nabarmenena Alcalá Norte talde madrildarra izanik. Lau sari pilatu dituzte eta unerik dibertigarrienak ere haien eskutik iritsi dira. Balaunka eta Maukaren artean daramate haien diskogintza eta managementa, Euskal Herriko bulegoa beraz. «Kanpoko jendearekin ere egiten dugu lan eta hauen aldeko apustua argia zen guretzat», esan digu Maukako langile den Iñaki Larrañagak.

Honakoak izan dira beste kategoriatako sarituak:

– Bideoklip onenaren saria Pablo Maestresi, Ferran Palauren ‘Plora aquí’ kantuarena.

– Elektronika grabazio onena Claraguilar artistaren ‘Figura’ kantuari.

– Artista berriaren saria Alcalá Norteri.

– Katalunierazko disko onenaren saria Maria Jaumerentzat, ‘Nostàlgia Airlines’ diskoagatik.

– Galegozko disko onenaren saria The Rapants taldeari, ‘La Máquina del buen rollo’ diskoagatik.

– Flamenkoko diskorik onenaren saria Perrate y Za! taldeari, ‘Jolifanto’ diskoagatik.

– Jazz diskorik onenaren saria David Sanchori, ‘Mind in progress’ diskoagatik.

– Rock diskorik onenaren saria Alcalá Norteri, lehen disko homonimoagatik. 

– Pop disko onenaren saria Carlos Aresi, ‘Peregrino’ diskoagatik.

– Zuzeneko onenaren saria Vetusta Morlari, ‘Figurantes para valientes’ diskoaren aurkezpen birako azken kontzertuagatik.

– Publikoaren saria, estreinakoz eman dena, Cepedari.

– Ohorezko MIN saria, SOM Valencia ongintza kontzertuei.

– Sustraietako musikan egindako diskorik onenaren saria Tarta Relena kataluniarrei, ‘Ès pregunta’ diskoagatik.

– Urteko kantu onenaren saria Alcalá Norte taldeari, ‘La Vida Cañón’ kantuagatik.

– Urteko nazioarteko diskorik onenaren saria Fontaines D.C. taldeari, ‘Romance’ diskoagatik.

– Urteko artista onenaren saria Biznaga taldeari.

Musika Bulegoa sariak laster

Maiatzaren 14an izango da hurrengo hitzordua musika sariketei dagokienean. Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izango da hitzordua, Euskal Herriko Musika Bulegoa sariak banatuko baitituzte bertan 2024an Euskal Herrian egin diren musika proiektu interesgarrienak txalotzeko.