Zuzenean

Negua izango balitz bezala, mantarekin tapatuta agertu zen Izaro.
Negua izango balitz bezala, mantarekin tapatuta agertu zen Izaro. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)
Abesti erdian kendu zuen manta, musikaren berotasunarekin bat eginez.
Abesti erdian kendu zuen manta, musikaren berotasunarekin bat eginez. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)
Publikoarengana gerturatu zen abeslaria.
Publikoarengana gerturatu zen abeslaria. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)
Eszenatokia aproposa zen BECen zeuden guztiek ikuskizuna ondo ikusteko.
Eszenatokia aproposa zen BECen zeuden guztiek ikuskizuna ondo ikusteko. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)
Izaro pianoan eseri zenean iritsi zen une intimo bat.
Izaro pianoan eseri zenean iritsi zen une intimo bat. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)
Jokin Pinatxo (Janus Lester) izan zen gaueko lehen gonbidatua.
Jokin Pinatxo (Janus Lester) izan zen gaueko lehen gonbidatua. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)
Konplizitate osoz abestu zuten ‘edzddh’ abestia.
Konplizitate osoz abestu zuten ‘edzddh’ abestia. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)
Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

«Cerodenero» mendia jaitsita, hibernatzeko aroan sartu da Izaro

Ia bi urte iraun duen birari amaiera eman dio gaur BECen Izarok. Bi ordu inguruko ikuskizuna eskaini du abeslari mallabiarrak, dagokion neurriko ikuskizuna eskainita. Mendiaren jaitsiera eta espedizioaren amaiera iritsi dira, lozorrora doa Izaro, ea nolako itzulera izaten duen.

Zazpietan puntuan zabaldu dituzte Bizkaia Arenako ateak Izaroren bira amaierako kontzerturako. CUBEC! Formatuan topatu dugu espazioa, pista erdian oholtza eta zabalera adinako luze den pasarela luze bat erdigunean duela, publikoak uneren batean kasik 360º-ko espektakuluaren sentsazioa izango duela aurreikusten da. LED pantaila panoramiko bat oholtzaren gaineko aldean, laukizuzen estu bat eta altabozetan euskal musika protagonista; entzun ditugunen artean, Oihaneko Zühainetan, Urretxindorrak, Benito Lertxundi, Diabolo Kiwi, Juan Carlos Perez, Ruper Ordorika… Pista eta harmaila gutxika-gutxika betetzen joan dira harik eta zortziak jo duten arte.

Baztango aperitif atsegina

Olaia Inziarte arduratu da gaurkoan beroketa lanak egiteaz, askorentzat konbo perfektua dena osatzeko aukera eman du Izarok oronoztarra aurretik jarrita. ‘Zerrautsa’ diskoa aurkezteko plaza ederra izan du Inziartek eta ez du aukera pasatzen utzi. Ilunpean sartu dira taldekide guztiak zirkulu erdiko formatuan eta kolpera hasi dute emanaldia, ’Ibili hadi argi’ kantua izan da emanaldia hasteko aukeratu duena. Pianoan eserita zela, protagonismo berezirik gabe, horrela hasi da Inziarteren kontzertua. Eskerrak emanaz hasi du lehen hitzartzea Olaiak, «Izarori eta bere lantalde guztiari aukera hau ematearren» eta bertaratuei «une goxo bat pasatzea» opatu die.

‘Ravean xuabe’ etorri da atzetik, titulutik aldentzen den kantua raveak ezagutu ditugunon iruditeriarako. Rave osteko arratsaldeko ilunabarretik gertuago dagoen kantua akaso, nostalgia eta sentimendua baitario abestiari. Telonero lanetan aritzeko, oso zaindutako ikuskizuna izan da hasieratik, argiak ederki baliatuz (eder jolasetan, eder eszenografian lurrean jarrita zeuden girnaldek ematen duten berotasuna ere) eta soinuaren oreka ere ongi baliatuz. Eta bigarren hori ez da erreza izaten halakoetan, espazioa etengabe aldatzen baitoa jendearen etorriarekin.

‘Kontatuko banizu’ abestiak eman dio segida eta, gero, zutik jarri, gitarra zintzilikatu eta ‘Zenbat okupatzen du?‘ eskaini du, Natxo Feliperenarek diskoan parte hartu zuen abestia, «Aupa Natxo!» egin du oihu Olaiak eta jendeak ere txalo egin du une horretan, bai behintzat pistan zeudenek. Lehen diskan sartu-irtena egin dugu ‘Gereziak’ kantuarekin, behetik gora egiten duen abesti horietakoa da, taldeko kide bakoitzak bere ekarpena modu politean egiteko aukera ematen duena. Txalo zaparrada itzela jaso du abestia bukatzean.

Disko berrira itzuli gara ‘Never be like her’ abestiarekin, pianoan eserita eskaini duen kantua. Abesterakoan barrua mugitzen duen abestia da hau, modulazioarekin, erritmoarekin, metrikarekin… jolas asko egiten baitu Inziartek honetan. Taldea aurkeztu du azken txanpan sartu aurrtik, eskertuta agertu da berriz ere eta jendeak ere esker ona bueltan eman dio txalo zaparrada batekin.

‘Haserre hauek’, ‘Naturala’ (hemen txlaparta moduko bat atera dute erdira eta musikarietako bik belauniko jo dute, beste bi musikari teklatuaren bueltan ibili diren bitartean), ‘Tilin-talan’ (zerutiarra, ortzadarraren koloreek oholtza jantzi duten momentua gehituz) eta, bukatzeko, ‘Eman abisua’ etorri da, bukaera kolosal eta guzti, ia 45 minutuko saio bat osatuz.

Elurrari bezala, desizozte garaia

Udaberri betean, kanpoan gaurkoan bezperatan baino freskoago egiten duen arren, eta elurrak urtzen ari direneko datatan etorri da ’Cerodenero’ disko negutiarrari agur esateko momentua. Mendia jaitsiko genuela iragarri zigun, eta urak ere horixe egingo du hemendik aurrera: errekak nola, urak hala. Animaliak hibernaziotik esnatuko diren garaia den arren, Izarok kontrara, lozorrora egingo du gaurkoa eta gero, ordea.

21:08etan hasi da Izaroren emanaldia, bideoklip batekin eta bertan azkenaldian sortu dituen kantuak entzun dira. ‘Cerodenero’ pelikularen gehigarri moduan ulertu zitekeen, perla bat eskuan zuela agertu da, irribarre jostari bat eginaz bukaeran Izaro. Txalo zaparrada, iluntasuna, eta diskoari hasiera ematen dion ’Zero’ abestia eskaintzen ahsi dira oholtzan. Izaro podium batean, gabardina bat janzten eta garaiko bideoklip luzearen, edo pelikularen, hasiera bera eman dio Izarok. Aurretik genuenak halako itxaropena sortzen zuen.

‘Iparraldera’ etorri da atzetik, diskoari jarraipena ematen dion abestiarekin. Podiuma mendia zela ohartu gara argiztapena aldatzean. Musikari bakoitza bere oholtzatxoan kokatuta, zirkulu erdian eta Izarok mendia jaitsi du, poztasuna transmititu du lehen unetik mallabiarrak. Begiradan hunkidura bat nabaritu zaio lehen unetik. Kamerarekin jostari ibili da, harrapaketan ari balitz bezala, dena neurtuta zegoela zirudien arren, inprobisaziorako tarterik ere izan da, barre espontaneo bat ere jaurti baitu Izarok.

Hitza hartu du eta kamera lanetan arituko den Julen aurkeztu digu, pasarelan aurrera egin duen bitartean, publikoa agurtuz igaro duen pasarela. Pianoan eseri da pasarelaren bukaeran eta isiltasun konplize batekin egin du topo, ikusleak ere ahapeka ‘edzddh’ (ez dakit zenbat denbora daramadan hemen’ kantua abesten hasi diren arren. Minari egin dako kantua. Eta hor agertu da Jokin Pinatxo, Janus Lester, gorri gorriz jantzita, gaueko lehen kolaboratzailea. Sekulako indarra hartu du, amorrua kanporatzeko elkarrekin oihuka abestu dute eta publikoak bat egin du unearekin. Besarkada estu bat eman eta agurtu da Pinatxo beratarra oholtzatik.

Menditik kostaldera, Easora

Berriz ere pianoan eseri da eta «astiro-astiro nahi dut joan hau ez bukatzeko» esan ostean, ‘Delirios’ 2018ko ‘Eason’ diskoko abestia eskaintzen hasi da, publikoarekin batera abesten hasi den abestia. Akorde sotilak eta denak elkarrekin aurrera. Momentu oso intimoa halako espazio handi batetarako. Konplizitatea bikain bilatu du Izarok, izan kamerari begira, izan publikoari begira.

Zuriz eta beltzez koloreztatutako soineko berezi bat soinean, bota luzeak eta ilean txirikorda pare bat zituela atera da oholtzara, horri arreta jartzerako lau abesti pasa diren arren. «Duela hamar urte hasi nintzen zuzenekoak eskaintzen, tabernetan, eta orduan ezagutu nituen Iker eta Haritz (Lauroba) eta gaur ondoan izateak laguntzen nau urduritasunak baretzeko. Eskertu beharrekoa da, batzuetan perspektiban jarri behar delako bidean eduki duguna», esan du Izarok. Ianire Aranzabe ‘Esanezin’ gonbidatu du oholtzara, ‘Er(h)ori’ abesteko elkarrekin. Disko berean segi dugu beraz, Izarok gitarra lepotik zintzilikatuta abestu duen kantuan. Erregistro berri batean entzun dugu Altzagarateko neska gaztea, bere tinbre hori kantuaren mesedetan jarriz eta tesitura ezohikoago batean. Izarok esan bezala, «ea bide luzea egiten duen bere proiektu zoragarri honekin».

Dantzatu, madarikatuok!

Jaiotz Osa koreografoarekin lanean hasi zen duela ia hiru urte Izaro proiektu hau aurrera eramateko eta bideoklipean ondoan izan zituen dantzari guztiek lagundutu dute gaurkoan oholtzan Izaro. Mendi igoeran atseden hartu du Easori begira Izarok, igoerako azken bi kantuak dantzan eman baititu. ‘X eta besteak’ eta ‘Campamento base’ indartsuak etorri dira eta berriz ere bideoklipean murgildu gaituzte pantailaren erabilerari esker. Jaiotz Osaren konpainiatik orotara sei izan dira (Paula Parra eta Rafke Van Houplines tartean, ohikoak birako beste hainbat momentutan ere), Izarorekin zazpi, dantzan aritu direnak. Hau zen bira honek hasieratik eskatzen zuena, eta, zorionez, bukaeran bada ere, eman digu.

Bi kantuetan taldeak egin duen lan musikala ere balioan jarri beharra dago, zuzenean bikain defendatu baitituzte abesti elektronikoenak.

Momentu berezi bat iragarri du Izarok eta benetan hunkitu da Olatz Salvador aurkezterakoan, «lagun handi bat da eta nire etxea berea da eta bere etxea nire sentitzen dut». Prest dagoen galdetu eta ‘Libre’ abesten hasi da Izaro. Garazi Esnaolak minorretara eraman du pianoan kantua, beste giro bat sortuz armonia berezi horrekin, gero atzetik kantua bere bertsio ohikoeneara eramanaz. Jendeak saltoka eta txaloka abestu du abestia, publikoak maite duen ereserki horietakoa da hau.

Gailurra eginda

Berriz ere dantzariak oholtzara agertu dira ‘Ixildu mese’ kantu laburrerako, bada halako trantsizio kantu bat diskoan bertan eta hemen ere hori irudikatu nahiz izan du eta argi gorriekin tindatu dute gailurrera iritsi direneko une hori.

Gailurrean etorri da Baiucaren eta Oreka TXren unea ere, ‘Xorieri’ elkarrekin lehenengoz zuzenean eskaini duten unea. Galizia eta Euskal Herria lotu dituen unea. Izaro dantzariekin eta ondoan koroak egiten Ianire Aranzabe, Garazi Esnaola eta Olatz Salvador, galdera-erantzun formatuan. Polifonia ederra osatu dute guztien artean. Pasarelaren erabilera bikaina egin dute, azken muturrean zeuden Baiuca eta Oreka TXkoen segidan, dena betez, banako lerroan eta makurtuta bukatu baitute dantzari guztiek. Une gorenetako bat, ezbairik gabe. Aipatu beharra dago hilabete luzez landutako dantzen unea bikain gainditu duela Izarok, fisikoki bikain, teknikoki ere bai, uneoro eskuko mikrofonoarekin abestuz, gainera.

Aldapan behera, pausoz-pauso

Dantza bukatu eta segidan, gailurretik dena begiratzera iritsi zenean bertso moduko bat idatzi zuela kontatu digu. «Eskubideak ukatzen dizkigute emakumeoi hori horrela dela onartu gabe», esan eta pospoloarekin metafora bat osatu du atzetik: «Emakume gazteen argazki intimoak sare sozialetan zabaltzen direnean, meme bat ikusi izan dut, pospolo ilara bat, bata bestearen segidan su hartzen eta pospolo batek atzera egiten du, kate hori etenaz. Norbait ausartu behar da beti halakoak eteteko.. Nik imaginatzen dut herri utopiko bat, non hainbeste desikasi eta ikasi eta gero, sua heltzen denean, zeren, sua hortxe dago, ez dela ezer egongo sua hartuko duenik», mezu potentea bota eta bertsoa abestu digu ahots hutsez Izarok.

Oholtzako izeberga, mendia, azkenekoz erabiliko dutela gaur eta etxera itzuliko dela kontatu digu segidan, talde guztia bertan eseri da. Taldeari eskertza moduan idatzitako ‘Ordu bik eta laurden’ eskaini dute elkarrekin, kaleratu duen azken abestia. Akustikoan eskaini dute, momentu konplizea eskainiz. «Ez dakit zer egingo dudan datorren urteetan zuekin hainbeste denbora egon gabe», esan eta «prest zaudete?» galdetu die abestia jotzen hasi aurretik. ‘Limoiondo’ kantuarekin horiz tindatu da oholtza, Entzun nuen lehen alditik ‘Blowin’ in the wind’ kantua burura ekartzen didan arren, eta gaur hori gertatu den arren berriz ere, jendeak ederki asko abestu du kantu honen errepika ere: «Entzun ondo, limoiondo». Hau ere polifonia ederrean, Garazi Esnaola eta Iker Laurobaren ahotsekin jantzita. Pena Julen Barandiaran ‘Txiki’ baxu-jotzailea eta Mattin Arbelaitz bateria-jotzailea ez direla abestera animatu gaurkoan.

Kataluniaren konexioa eta Palestina gogoan

Operación Triunfon ‘Escriurem’ abestia agertu zen unea gogoratu du Izarok, Miki Nuñez eta Martin Urrutia oholtzara gonbidatu aurretik. Izarok eta Nuñezek «elkarrekin ahal duten guztietan» abesten dutela esan digu mallabiarrak, eta gaurkoan hori ere ospatu nahi zutela, «ospatzeko eguna delako gaurkoa». Katalunieraz eta euskaraz egindako abestia, 2024an abestu zuen Urrutiak Operación Triunfon, ordukoan Chiara Oliverrekin. Hiruen arteko elkarketaz gozatu ahal izan dute, une bakar horietako batean, gaur BECen elkartu direnek.

«Ez dakizu zer egin dezakezun, baina nik uste dut gutxienez hau gertatzen ari dela etengabe esatea, begien aurrean izatea, garrantzitsua dela. Honen arduradunek merezi dute zigor bat, eta Palestinak behar du libre«, aldarrikatu du Palestinako bandera soinean jantzita zuela Izarok. ‘Errefuxiatuena’ pasarela bukaeran abestu du, publikoak lagunduta eta ilunpetik agertu den Pello Reparazekin. Oholtzara igo da arbizuarra eta halako une kolektibo bezain solemne bat sortu dute, Palestinaren aldeko oihu bihurtu en horretan.

Etxeko atariraino

‘Las llaves de tu casa’ kantu jazzeroarekin iritsi gara dantzaren azken zatira, etxe atarira, gailurretik babeslekura. ‘Libre’ kantuarekin batera une horretaraino limoien aroko, ‘Limones en invierno’ diskoko kantu bakarra Aquí’ izan da, oso musikal giroko momentua eskainiz. Badu animaziozko musikal baten giro hori, ‘Bibidi babidi bu’ puntu hori kantuak. Nahiz eta beste giro batera eramaten gaituzten gero. Komikoa bezain sakona izan daitekeen abestia.

Kanariar Uharteetatik etorri da Valeria Castro, «limoien arotik ezagutzen dut, niretzako zaratatik alde egiteko pertsona bat da, agenda estua duena egun eta mundu mailako artista da» esan du Izarok. ‘Amiguita como tú’ grabatu dute bira amaiera honi begira eta gaurkoan BECen abestu dute elkarrekin, zuzenean lehenengoz.

‘Mi canción para Elisa’ etorri da segidan eta jendeak pozik entzun du albistea. Hildakoak izan ditu gogoan une honetan Izarok eta hau gaineratu: «Psikologo bati entzun nion dolua ez dela txikitzen, gure bizitzak handitzen direla haren inguruan. Beraz, gora gure hildakoak, gora gu eta gora bizitza!» Izan ere, abesti hau bere aitaren aldeko amonari idatzi zion, hura zen Elia, Arabako herri txiki batean sortua. Sekulako indarra du abestiak, bada ereserki moduko bat eta eztanda batekin bukatu da abestia, txalo zaparrada dotorea medio.

Azken txanpa

Trostan hasi dugu azken zatia, Olaia Inziarterekin kaleratu berri duen ‘Saldu genizun’ etorri baita. Elkarrekin hartuta gurutzatu dute oholtza, jendeak ongi asko ikasita ekarri duen abestia kantatzeko. Horrelakoetan ikusten da denbora gutxian abesti batek egin dezakeen bidea nolakoa den. Bogan daude bi artistak eta gaurko gauean argi geratu da hori.

«Gaurkoa eta gero, udan latinoamerikan biratxo bat egingo dugu eta gero atseden hartuk dugu, erretiroa disko berria konposatzeko. Faltan sumatuko zaituztet, Limoietan ez e? Baina oraingoan bai», kontatu du Izaro Andresek. Hori eta gero ‘Paris’ etorri da eta linternak pizteko eskatu du, nahiz eta hasieran ez den hori egiteaz gogoratu, «ez naiz Z belaunaldikoa-eta».

Talde tekniko guztia aurkeztu du azken abestia eskaini aurretik, gogorarazi du ‘Perlak’ EPa ere hor izango dutela nahi dutenek eskuratzeko moduan. Oholtzako kideak aurkeztean sekulako esku-zarta festa izan da. Azken bitxikeria moduan kontatu du urtebetez fisika ikasi zuela eta bertan fakultatean ezagutu zuela Xabier Medez Aretxabaleta, gaur Akelarre abesbatzarekin zuzendari lanetan igo dena. «Bera egun fisikan doktorea da eta ni kantautorea» esan du, barrez. 

Horrela etorri da azken kantua, Izarok, taldeak eta abesbatzak elkarrekin ‘Todas las horas’ abestuta. Konponketa eder horrekin eta modu nostalgikoan, goxo, agurtu du Izarok oholtza, taldearekin pasaerela gurutzatu eta denak agurtuz. Merezitako txaloekin agurtu dute entzuleek, publikoa zutik jarri da musikarik agurtzeko. Ea noiz datorren bueltan eta ea zer dakarren hurrengoan.