Zuzenean

Euriak markatu du Azkena Rock Festivalen 23. edizioko hirugarren eguna, eta pena itzela izan da, hiru egunetan ezbairik gabe osoena izan baita oholtza gainean ikusi dugunean jarriko bagenu fokua.
Denboraz lehen hasi da EH, Mertxe! talde arabarra, 17:28an, iritsi garenean (takillan gauzak utzi eta abar) 3. kanta jotzen ari ziren, ‘Jakingo bazenu (zein ederra den zu rock and rolla dantzatzen ikustea)’, 2022ko ‘Lo sabes bien’ diskotik. Martin Capsularen Silver Recordings estudioan grabatua izatea ez da kasualitatea eta hori bera kontatu digute kontzertu ostean egin diegun elkarrizketa laburrean.
Ibai Verlaine taldeko abeslari eta gitarra-jotzaileak esan du beren buruari eskaini nahi zietela abesti hori, duela 16 urtetik publikoan izan direlako eta festibalaren parte aktiboa izan direlako betidanik. Rock klasikoa, energia dosi altuarekin, punk ukitua emanaz Arabar Errioxatik, 10 urte oholtzan eta fandome pixkat ere bai azpiko aldean «Eh,eh,eh Mertxe!» koreatuz.
«Destinuak eraginda gitarraren soka apurtu» eta bere lehen gitarrarekin jo behar izan duela aipatu du Verlainek ‘No quiero salir’ 2024ko singlea jo atarian. Bitxia izan da, gitarra hori bera ere jausi eta apurtu egin baitzaio gerora, hirugarren gitarra bat erabili behar izateraino.«John Fogertyren pare», esan digu txantxetan oiondarrak. Disko berria grabatu berri dute Italian, orain zuzenean jotzeko prestatzen ari dira eta urtea bukatu aurretik kaleratzea da haien nahia.
Une horretan eguraldia aldatzen hasi da, berotik freskotara pasa gara, baina ez genuen uste gerora halako deskalabroa izango zenik.
EZEZEZ, uda eta kontzerturik freskoena
«Eskerrik asko etortzeko, irailak 19 Kafe Antzokia» jartzen zuen kamiseta soinean hasi du Unai Madariaga EZEZEZeko abeslariak kontzertua. Duela bi urte BBK Liven eraman zuen kamiseta bera da, eta, a zer kasualitatea, aurtengorako ere balio izan diola, egun berean ariko baitira Bilboko musikaren tenpluan. ‘Dariokdio’ beren 2023ko ‘Katuzaldia’ diskoko kantuarekin ireki dute emanaldia.
‘Kabakriba’ diskora egin dugu salto segidan ‘Static Txomin’ energikoarekin eta atzetik etorri da ‘Noraezean’ kantu jostaria. Denbora gutxian jende asko pilatu da oholtzaren bueltan. Pena eguneko euskal talde bakarrak elkar zapaltzen programatu izana beste behin.
Disko batetik bestera saltoka ibili gara ‘Dutxita’ lasaiagoa eta ‘Zaldizoro’ energikoagoa etorri baitira segidan. Lurrean bueltaka ibili da ordurako Unai eta Alvaro Olaetxeak baterian egiten duen erritmoko lana txapela kentzekoa izaten ari zen lehen abestietan. ‘Ez da iristen’ kantuarekin behetik gorako horietako bat egin dute, diskoan bezain besteko energia eta rollo ona transmititzen baitu zuzenean taldeak. Izan ere EZEZEZ zuzenean ikusteko banda horietakoa da, disfrutatzekoa, eta aukerarik ez da faltako uda honetan ez jaialdi handietan ez eta Euskal Herriko txoko txikienetan ere. Horrek ere asko esaten du taldeari buruz.
«Hija de puta Cherie Currie» esan du bizpahiru aldiz oholtzatik Unaik. Gaurko boikota deituta zegoen abeslari estatubatuarrari, sionismoaren eta Israelgo estatuaren defentsan aritu izan dela zabaldu ostean. Ausart abeslari bilbotarra.
Abiadura azkarreko ‘Laberinto club’ etorri da gerora, dinamikekin jolas egiten duen ‘Etxetxo’ psikodelikoagoa jo dute atzetik eta arnas moduko bat izan da berriz ere energia dosi garrantzitsua etorri baita bertsio batekin (ez dugu ezagutu, baina oso ezaguna zen). Tarte horretan gitarra zerura hiru aldiz bota du gutxienez Unaik, sustoa hartzeraino (ia jausi zaio horietako batean). ‘Marmitako’ single dibertigarria etorri da gero, publikoak gogotik kantatu duena. ‘Kalekume’ kanturako gitarra kendu du soinetik eta bukaeraraino abestuz soilik segi du Madariagak. Zentzua zuen une horretan izateak, bai baitu rap giroko zerbait abestiak.
Mikel Irigoyen baxu-jotzailearen Enyaren kamiseta eta Baskoniaren galtzak zituen soinean, look berezia. ‘Puntofinal’ dantzagarria, idazteari utzi eta dantza egin dugu une batez. Nabarmentzekoa emakume asko zegoela publikoaren lehen lerroan. Andamioan gora igo da gero Unai ‘Zikin’ kantuan, altuera dezentetik salto egin eta taldearen izena daraman kantutzarrarekin bukaera etorri arte. Momentuz, Azkenako kontzerturik dibertigarrien eta osoena izan da, eta horrela geratuko da gure usterako, euriak kalte egin baitie gainerakoei.
Richard Hawlleyren sofiztikazioa
Bi minutu berandu baina sekulako potentziarekin agertu da oholtzara ingelesa. Uztaielan Bilbon izango den Pulp taldean aritutako musikariak ‘She brings the sunlight’ kantuarekin ekin dio emanaldiari. Seikotean, hiru gitarra eta horietako bat 12ko stratocaster itxurako dotore bat, teklatuak, baxua eta bateria. Backlinean diru asko zegoela nabaritzen zen. Azken diskoko ‘Prism in jeans’ jo du segidan, aurrekoetan ere egin izan duen moduan.
Richard Hawleyk dotoreziaz nabigatzen du 50eko hamarkadako rock'n'rollaren soinu klasikoaren b aldean. Ez energikoenean, hori bai. Hawley kroner torturatu eta okerra da. FM irratietako baladaren maitale bat rockaren historiako lehen singleen ildoan ainguratuta bizi dena. Uste bezain dotore agertu zen Mendizabalako eszenatoki nagusian, ametsetako ekipo batez hornitutako banda soil bezain errespetagarri batekin batera.
Bere fonotekara gehitutako azken ondarea errepasatu du emanaldiaren lehen zatian, errepertorioko klasiko goraipatuenei tarte gutxi eginez. ‘Open up your door’ tarte horretako unerik interesgarrienetako bat izan da. Hawley torlojueran bira bakoitzean zerutik geroz eta gertuago jartzen den crescendo horietako bat etorri da hor, etxeko marka. Belusezko soinua, James Bonden soinu-bandaren eztarria eta 90eko hamarkadatik erreskatatutako gitarrak, Screaming Trees eta Mark Lanegan gogoan.
Izen bereko eta, ziurrenik, bere lanik onena den ‘Coles Corner’ diskoak ere iluntasun onirikoarekin eta garai harekin amets egiteko balio izan du. Hawleyk, batzuetan, galtzailearen irudiari abesten dio bertan, izan ere, ‘Coles Corner’-en portadan, antzoki baten atean, lore-sorta bat ageri zen. Kontrazalean, loreak zakarrontzi batean zeuden. Horratx metafora.
‘Leave your body behind you’ kantuak giroa elektrifikatu du, zerua bera ere hodeiz betetzen eta euria mehatxatzen ari zela etorri da. Erasokorregia iritsi gabe, gitarra indartsuez abusatu du rockeko estandarretik gertuen dagoen kantuan.
Hortik betaurreko ilun, ametsezko harmonia eta ondo zimendatutako crescendo-en kroner-alderaino joan da. Baina publikoak ‘The Ocean’ klasikoa faltan bota du. Pena denak ase ezin izana.
The Birds, The Beatles… The Lemon Twigs
60etako musikaren esentzia du ezbairik gabe The Lemon Twigs taldeak, instrumentuetan, erritmoetan, melodietan eta polifonian.
Kantu laburrak jotzen dituzte, konturatzerako dozena-erdi bat entzun ditugu, tartean ‘My Golden Years’, ‘The one’ eta ‘In my head’. Brian and Michael D'Addario anaiak dira taldeko liderrak, baina laukotean aritzen dira zuzenean. Instrumentuz aldatu dute ‘Anytime of day’ kanturako eta teklatuaren soinua azpimarratzekoa izan da hor. Esperimentalagoa den balada bat etorri da segidan, baina martxa egin behar izan dugu, elkarrizketak genituelako egiteke. Hor etorri omen da The Birds taldeari omenaldia egiteko coverra 2014tik oholtzan dauden New Yorkekoen partetik.
Flaming Lipsen show totala
Gaua sartzearekin batera, pantailan abestien hitzak eta laser argiak norabide guztietan agertu dira bat-batean GOD oholtzan. The Flaming Lips taldearen txanda iritsi da eta aurkeztu duten ‘Yoshimi battles the pink robots’ diskoari izena ematen dion kantuan hiru puzgarri izugarri agertu dira oholtzan, atzean erraldoiak bailiran dantzatuz jendea zutelarik. Disko hori jo dute osorik. Lasaia orokorrean nahiz eta elektronikoagoak ziren uneetan beste indar bat hartzen zuen guztiak.
Globo erraldoiak, letradun globoak, konfetia… denetarik egon da eta badakigu azpiegitura noren mesedetan jarri duten gaurkoan Azkenako GOD oholtzan.
Jendeari, barre oihu eta negar elkarrekin egitera gonbidatu ditu Wayne Coyne Oklahomako abeslariak oholtzako puzgarriak hustu bitartean. ‘In the Morning of the Magicians’ kantuarekin segi du aurrera, ahotsez justu samar zegoela nabaritu zaion unean.
Boskotea izan dira oholtzan, arrosa kolorea protagonista eta iruditeria bitxia lantzen. Abesti bakoitzak bazuen elementu bereziren bat arteari zegokionez. Kantu lasaiak eskaini dituzte, popetik gertuago rocketik baino, eta hori arriskutsua izaten da Azkenarako egiari zor.
‘Ego tripping at the gates of hell’ abestian baxuaren groove itzela nabarmendu behar, eguraldiak lagundu izan balu, iluntze idilikoa izango zen Mendizabalan, baina ekaitzak zapuztu du guztia, nahiz eta Coynek esan duen gerta zitekeen ederrena udako ekaitza izan dela. Egon ziren aurrekotik oroitzapen ederrak gordetzen zituela ere esan du eta zortedunak direla Gasteiza itzulita.
‘Are you a hypnotist??’ abestian diskotekako bola erraldoi bat aipatuz, eklipsea irudikatuz… ikus-entzunezko show itzela eskaini dute. Itolarririk gabe baina jende asko zegoen oholtzaren bueltan, dena-dela euriak berriz ere gogotik busti gaitu eta afaltzera joan gara. Halako batean Naiz Irratiko Bideokluba saioko sintonia ere abestu dute. Dotorea izan da emanaldia.
Andaluziako rocka
Derby Motoreta's Burrito Cachimba taldekoekin kontzertuaren atarian izan gara eta etxean bezala sentitu direla beti Euskal Herrian esan digute, bidean ezagun eta lagunak egin dituztela, Vulkekoak esaterako. Gogoko dituztela EZEZEZ edota Saldelcoche taldeak ere. Behetik gora egiten ari den taldea dira, baina nondik datozen ahaztu gabe segitzen dute.
Oholtzara sartu orduko jendea bero zegoen, txistu eta txalo artean hartu dituzte zaletuek. Triana edota Medina Azahara aipatu izan dituzte maiz beren erreferentzia moduan eta badute hortik, soinu oso bereziekin, metala eta kantu ‘jondoa’ nahastuz. BMX baten manillarra zegoen abeslariaren parean eta seikotea egurrean hasi da atzetik, hard rockeragoa den ‘Porseoana teeth’ kantuarekin segitzeko, baxua nahiko funkya den arren eta gitarraren wahk funk-rockera eraman gaitu. Flamenkoa rockarekin fusionatzean maiz gertatu izan da hori.
Beren azken diskoko ‘El Chinche’ etorri da segidan, bateriaren sendotasuna, tambourinearen grazia eta bi gitarren armonizazio dotorearekin. Blokean doaz, soinu ederra du taldeak, energia eta indar berezia. Disko bereko ‘Prodigio’ etorri da atzetik, efektu sorta bereziarekin gitarretan, oktaba desberdin asko entzuten ziren. Baxua konstante eta sinteen koltxoiek atmosfera gehitu diote guztiari. Bateria osaera sinplekoa, bi platera baino ez. Beno, gong bat ere bai.
Azken laneko ‘La fuente’ abestia etorri da atzetik, intro oso potente eta jendea abesten, palmak jo dituenik egon da publikoan. Aldaketa rockera egin dute. Berriz ere beren bereizgarri den mundura egin dugu salto ’Ef Lalo’ kantuarekin eta gero ‘Las leyes de la frontera’ etorri da, izen bereko filmerako egina (aipatu esaten duena). Gitarraren melodia abestu jendeak une horretan. Los Chicos bezalako taldeen eragina nabaritu da hemen, kinkideliaren zera hori gehituz
Denak makurtu oholtzan, infernu kolorea eta zerua burura jausi zaigu, euritan, ‘Gitana’ kantutzarrarekin batera. Kronika idaztez bukatzean Manic Street Preachers taldearekin gozatu dugu, klasikoak eta berriagoak diren abestitzarrak joz aritu dira. Agurrean «mila esker Euskal Herri zoragarriari!» egin du oihu James Dean Bradfieldek. Atertu du eta gaua irekitzen joan da. Bukaeran barealdia izan du ekaitzak protagonista izan diren edizioan. Ea zer dakarren 2026ko edizioak, 24.ak datak iragarri baititu dagoeneko, ekainaren 18tik 20ra izango da.

Fermin Muguruzaren Anoetako kontzerturako jakin beharreko guztia

Kolpez kolpe, gora herria! Geurea da garaipena!

Gaza y Madrid, Iñigo e Ituño, tormenta y revuelta; los momentos de Muguruza en Anoeta

Izaro ‘La Revuelta’ saioan: euskal musikaren distira espainiar Estatuko kate publikoan
