Zuzenean
Ilunbe prest dago ZETAK-en ‘MITOAROA II’ ikuskizuna hartzeko
ZETAK proiektua erronken zalea dela gauza jakina da. Nafarroa Arenako ‘MITOAROA’ bukatu orduko iragarri zuten bigarren atala. Tartean ebakuntza bat gainditu, ohiko ikuskizunak eskaini eta bederatzi hilabeteren buruan badator ‘MITOAROA II’. Irailaren 5ean, 6an eta 7an izango da, Donostiako Ilunben.

Zeresan handia eman zuen ekitaldia izan zen urtarrilean ZETAK taldeak Nafarroa Arenan eskaini zuen ‘MITOAROA’. Bertan egon ezin izan zuenak etxetik jarraitzeko aukera izan zuen, nahiz eta bertatik bertara ikusi eta bizi izandakoarekin zerikusirik izan ez. Euskal Herrian sekulan ere ikusi gabe ginen ikuskizun bat zela aurreratu zuten, eta, hein batean arrazoia zuten «hau ez da kontzertu bat, hau ‘MITOAROA’ da» esaten zutenean. Kontzertu soil batetik harago joan baitzen ikuskizuna, nazioarteko artistek egin izan dituzten emanaldien pareko zerbait. Stromae Bilbon ikusteko aukera izan zuenak 2022an, ‘MITOAROA’-tik gertueneko ikuskizuna hura izango zuen Euskal Herrian.
Kontzertu haien ostean iragarri zuten irailean gertatuko zena. Arrakastaren formularekin asmatu dutela dirudi ZETAKen lantaldean eta irailaren 5ean, 6an eta 7an eskainiko dituzten kontzertuetarako ez da sarrerarik geratzen aspalditik. Tira, behin ikuskizunaren neurriak eta hartu ostean eskaini ziren ale batzuk beranduago, baina haiek ere hegan egin zuten eta Donostiako kontzertuak jendez mukuru direla emango ditu talde nafarrak. ‘MITOAROA II’ bezala deitu dute ikuskizun hau, aurreratu zuten Euskal Herriko inauterietan girotutako emanaldia izango dela honakoa eta Nafarroaz gaindiko pertsonaia mitologikoak izango direla ikuskizunaren parte. Ia 360ºko esperientzia bizitzeko aukera izango du ikusleak, edo hori da behintzat sarrerak erosterakoan oholtzaren kokapenak eta eserlekuen aukerak iradokitzen zuena. Beste erronka potolo bat hartu du bere gain, beraz, Pello Reparazek zuzentzen duen proiektuak. Erronkarik zailena, ordea, Ilunben emanaldi bat ongi ikustea baino ongi entzutearena izaten da eta horretan ere ahalegin berezia egin du ZETAKek.
Aurreko esperientzia urtarrilean gertatu zen ‘MITOAROA’ eta horrek halako zurrunbilo bat sortu zuen gerora. Ikuskizunari dagokionean ez dago zalantzarik bikaina izan zela. Sarreren prezio garestiak kritikatu zituzten askok aldez aurretik, eta gerora hori ere errepikatu zen Ilunbeko emanaldia iragarri zenean, baina Nafarroa Arenako emanaldian azpiegituran eta lantaldean sosak gastatu zituztela agerikoa zen. Horrek ahalbidetu zuen, besteak beste, zuzenekoa ia bi orduko musikala izatearena. Baina musikala bezala, bideoklipa ere bazen, pantailetarako eta etxetik ikusteko dena ongi pentsatuta zegoelako. Askotan ez ditugu balioan jartzen ikusten ez diren lanak, eta artistarengan jartzen dugu soilik fokua, baina egun hartakoak ez die inbidiarik nazioarteko puntako artisten emanaldiei. Aurrekontua izaten da hor gakoa, eta halako zerbait nazioarteko artista batek egiten duenean, sarrerek bikoitza eta gehiago balio izaten dute.
Oraingoan ere ziur harrituko gaituen ikuskizun batekin etorriko direla Donostiara, mimo handiz lantzen baitu zuzeneko emanaldia ZETAKek eta espero ez dugunik ere ziur eskainiko dutela Ilunben.
Apropiazio kulturalaren eztabaida
Eztabaidaren beste aldea ere sortu zen folklorea eta apropiazio kulturala egitearen inguruan. ‘AAZTIYEN’ diskoaren kontzeptuarekin bat egiten duen ikuskizuna da ‘MITOAROA’ eta horri jarraipena eman asmoz dator ‘MITOAROA II’. Gisa honetako proiektuak ez dira bat eta bi nazioarteko pop unibertsoan eta euskaraz eta euskal elementuekin egiten denean asaldatu da jendartea. Beste kulturetako elementuak txertatu ditugunean sortu ez diren eztabaidak edota beste diziplinetan egin izan diren fusioak egitean sortu ez den sua piztu da ‘MITOAROA’-ren harira. Euskaraz halako ekitaldiak behar diren edo ez izan da eztabaidaren hirugarren zutabea; halakoek eszenari kalte egiten diotela esan duenik bada. Baina, bestaldera, euskaraz sortu eta euskara bultzatzen duten ekitaldiek euskarak espazio handiak betetzeko duen gaitasuna eta konplexurik ezaren adierazle ere badira. Orain artean, ia-ia Bertsolari Txapelketa Nagusiak soilik baimendua zuen zerbait, musika ekitaldiekin ere gauzatu daitekeela ikusten ari gara. Bertsolaritzan saio txiki eta ertainei Txapelketa Nagusiak on edo kalte egiten die? Akaso zer ohitura ditugun eta nola babesten den eszena, horri jarri beharko genioke fokua eta ez halako ekimenak sortzeari. Dena jarri daiteke zalantzan.
Aurrera begirakoak
Hiru eguneko emanaldien ostean ez dakigu ‘AAZTIYEN’ diskoaren zikloa agortuko duen ZETAKek edota ‘MITOAROA III’-rik iragarriko duten biharamunean. Dakigun bakarra da 30.000 lagunek hiru egunetan biziko dutena jaso eta kontatuko dugula.

Ilunbe prest dago ZETAK-en ‘MITOAROA II’ ikuskizuna hartzeko

El Kursaal contra las cuerdas

«Trato de habitar mi cuerpo y el espacio como nunca antes»

«Al equivalente actual de Pavarotti ya no lo conoce nadie en la sociedad»
