Zuzenean

NAIZ

Agortu dira Etzakitek Oialumen emango dituen hiru kontzertuetarako sarrerak

2026ko urtarrilean Hernaniko Oialume biltokian emango dituen hiru kontzertuetarako sarrerak agortu ditu Etzakitek. Urtarrilaren 2, 3 eta 5ean bilduko dira berriro zaleekin, euren ibilbidean horren berezia den txokoan. 

Etzakit taldeko kideak berriro igoko dira Oialumeko oholtzara.
Etzakit taldeko kideak berriro igoko dira Oialumeko oholtzara. (UTS)

Etzakit musika taldeak itzulera kontzertu bat emango duela iragarri zuen irailean eta, 2026ko urtarrilaren 5eko kontzertu horretarako sarrera guztiak ordu gutxiren buruan agortuta, urtarrilaren 3an bigarren kontzertua eskainiko zutela jakinarazi zuten segidan. Deialdiek izandako arrakasta ikusita, hirugarren deialdi bat ere egin zuten, urtarrilaren 2rako. Bada, ostegun honetan sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, hiru kontzertuarako sarrerak agortu dira jada.

Taldekideentzat berezia den txokoan egingo dira kontzertuok, Hernaniko Oialume biltegian. Izan ere, leku horretan bertan eman zuten lehen kontzertua: «1995eko urtarrilaren 5 hartan eman genuen lehenengo kontzertua Oialume dantzalekuan eta zortzi urteren ondoren 2003ko urtarrilaren 4an berriz gure azken kontzertua leku berean. Zortzi urteko ibilbidean Euskal Herriko ehunka herri ezagutu, maketa bat atera, 850 kontzertu inguru eman eta 1998an kaleratu genuen lehen diskoa, ‘Etzakit’, eta urtebete geroago, berriz, ‘Goiz edo noiz?’, non ‘Zergatik ez’ kantua nabarmentzen den. Kantu horrek Gaztea Saria irabazi duen 1999an, eta ordutik belaunaldi baten soinu-banda bihurtu da», gogoratu zuten taldeko kideek.

Oholtza gainean arituko dira Xabi Solano (soinu txikia eta ahotsa), Jon Mari Beasain (panderoa), Aitor Zabaleta (baxua) eta Ander Barrenetxea (bateria) «betiko indar eta sinadura propioa izango duen kontzertuan», ziurtatu zutenez.

Taldekideek zaleei eskerrak ere helarazi nahi izan dizkiete: «Eskerrik asko zuen poza eta ilusioa partekatzeagatik, zuekin elkartzea benetan pozgarria izango da!».