Zuzenean

NAIZ

Lekeitioko Euskal Zine Bileran estreinatuko da ‘Akelarre: marearen kontra’ dokumentala

Akelarre musika taldearen bizipenak biltzen dituen ‘Akelarre: marearen kontra’ dokumentala urriaren 19an estreinatuko da, Lekeitioko Euskal Zine Bileraren baitan. Momentuz, dokumentalaren trailerra jarri dute ikusgai.

Akelarre musika taldearen ibilbideari errepasoa egiten dion dokumentala da ‘Akelarre: marearen kontra’, eta jada badu estreinaldirako data: urriaren 19an, Lekeitioko Euskal Zine Bileran. Estreinaldirako hautatu den plaza ez da berariazkoa, izan ere, 1970eko hamarkadan euskara hutsezko musika eskaini zuen taldeak Euskal Herriko oholtzetan, eta konpromiso horri heldu zioten 30 urteko ibilbidean.

Dokumentala Xabier Zabala Agirrezabal eta Carlos Iglesias Serranok zuzendu dute, eta Bideografik ekoiztetxearen babesean ikusiko du argia. Azaldu dutenez, 85 minutuko lan honetan Akelarreren «ibilbide musikal oparoaren jatorria eta unerik adierazgarrienak» errepasatzen dira eta «taldea eta bere jarraitzaileak musikarekiko pasioaren bidez elkartzen dituen filma da. Dokumental hau bizitza ulertzeko modu baten aitorpena da», ziurtatu dute. Besteren artean, Xabi Solano, Anje Duhalde, Garbiñe Sagastibeltza edota Onintza Enbeitaren adierazpenak biltzen ditu lanak.

Lekeitioko estreinaldiaren ostean hainbat herritan egingo dira emanaldiak. Azaroan, Aian (28), Gatikan (29), Laudion (29) eta Berrobin (30) ikusi ahalko da, eta abenduan Zarautz (2), Abadiño (3), Donostia (3), Bermeo (4), Villabona (11), Zubieta (12), Dima (12), Oiartzun (12), Soraluze (13), Zeanuri (13), Aginaga (13), Usurbil (14) eta Igorren (14) emango dutela iragarri dute.