Zuzenean

Urko Ansa

Metalezko harrotasuna

Euskal Metalheads Fest jaialdia jaso zuen larunbat gauean Miribillak. Zortzi orduko jaialdia eskaini zuten sei musika taldek, lau euskaldunak eta bi Estatu espainolekoak. Eraso!, Anestesia, Su ta Gar, Soziedad Alkoholika, Angelus Apatrida eta Crisix-en metal doinuekin dar-dar egin zuen pabilioiak.

Euskal Metalheads Fest-en jo zuen Eraso! taldeak.
Euskal Metalheads Fest-en jo zuen Eraso! taldeak. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Egun historikoa izan da bart Miribillan bizitu duguna, orain arte sekula ez baitzen euskal metalaren munduan tamaina honetako kontzerturik egin. Milaka heavy metalzale bildu ditu jaialdiaren izen bera duen elkarte kulturalak sortutako proiektu potolo honek, betiere irabazi asmorik gabeko ekintza izan dela argi utzi behar badugu ere. Irabaziak egonez gero, alde batetik merezita daukate, eta bestetik ziur gaude erdietsitakoa beste proiektu batean berrinbertituko dutela. Zortzi orduko jaialdian sei taldek hartu dute parte: lau euskaldunak eta bi Estatu espainiarrekoak. Metalaren harrotasuna erakusteko momentua da, eta arrakasta begien-bistakoa izan da.

Zarauzko Eraso! taldea agur bira egiten ari da, eta abendura arte kontzertu batzuk geratzen zaizkie oraindik. Aretora sartu garenean hasia zegoen jada emanaldia. Momentu horretan ‘Sasiak, zainetan hasiak’ jotzen ari ziren. Showa garratza eta indartsua izan da, taldearen lehen bi diskoko kantak protagonista izan dituena. Horrela, ‘Erantzunik gabe’ (1999) eta ‘Oraina eta geroa’ (2001) lanetako kantak partekatu dituzte modu oso ekitatiboan. Lehen diskoko ‘Aldeginda’ eta ‘Nork mugitzen gaitu?’ etorri dira ondoren. Oraindik jende asko ez zegoen arren (arratsaldeko bostak ziren) pistak nahiko itxura ona zuen. 90etako metal estiloa lantzen du taldeak, eta kantu batzuetan berez daukaten indarra biderkatu egiten dute Sergio Ruiz Gonzalez-Txabarri eta lagunek, Oztopoak gainditu-n kasu, ahots gutural batzuk ahaztu gabe (adibidez, ‘Oraina eta geroa’-n). Zein gogorra kantuan bozgorailuetako soinua joan egin da, nahiz eta taldearen monitoreek ondo funtzionatzen zuten, baina kanta bukatu eta erretiratu eta gero itzuli dira kantu berri lehergarri batekin.

Milaka zale bildu ziren Miribillan. (Aritz LOIOLA/FOKU)


Anestesia taldearentzat ere aukera bikaina izan da bart gauekoa. Bertaratutako jendetzak ez du ahaztuko eskaini duten seta: oraingoan 30 urte bete dituen Erantzun diskoan zentratu dira gehienbat, lan hartatik zazpi bat kanta jo baitituzte. Kantu gogorrenen artean ‘Kontraesanak’, ‘TV Shop’ edota ‘Alde iluna’ basatiak gailendu dira. Eta abiadura handiko trena bezala interpretatutakoez gain, pieza astunek erantzun handia izan dute: ‘Erantzun’ eta ‘Alde ilunak’, bere astuntasunean, bereziki dantzagarriak dira hasieratik bukaerara. Horrela sentitu du publikoak. Beste diskoetako kantuen artean, ‘Gorrotoaren ahotsa basatia’, ‘Fenix brutala’ edota ‘Ultra-komunikatzen astuna’ azpimarratuko genituzke. Mike Kazalis eta bere bandak oldarraldi geldiezina erakutsi dute emanaldi osoan, eta azpimarratzeko nobedade moduan, kantu berri-berri bat (‘Genozidak!’) Israelek Palestinan egin duen eta egiten jarraitzen duen sarraskia salatzen duena. Anestesiak oholtza-gose handia izaten jarraitzen du, eta areto txikietan zein handietan oso erosoki egokitzen direla frogatu du.

Palestina izan da jaialdiko hainbat zatitan protagonista, bai taldeen komentarioei dagokionez baita ikuslegoaren erreakzionatzeko moduagatik ere. Horrez gain, jaialdia bera eta antolatzaileak izan dira aipatuenak, haie esker ona adierazi baitiete talde guztiek. Albaceteko Angelus Apatrida espainiar estatuko thrash metalaren gailurrean dago, eta bart ere sekulako indarra erakutsi du, beste guztiak bezala ordubete iraun duen emanaldian. Akatsik egiten ez duen makina bat bezala, gure burmuinak zigortu dituzte errepika itzela duen ‘Indoctrinate’ ereserkian, pogoa sortu duen ‘We stand alone’ pizgarrian edota ‘Give’Em war’ bizkorrean. Doitasun makina bat da taldea, kantu azkarrenetan ere. Abiadura izan da, bide batez, jaialdi honetako protagonista, talde gehienek estra hori eskaini baitute, eta Thrash-Metala izan da nagusi gaurko errepertorio askotan edo ia guzietan. ‘End Man’ edota ‘You are next’ kantuetan, publikoak circle pit dantza antolatu du: dozenaka zale era sinkronizatuan zirkulua modu basatian egitera ausartu dira jaialdiko hainbat zatietan. 25 urte bete dituen taldeak itxura ona eta profesionala eman du berriz ere.

Zortzi orduko emankizuna eskaini zuten sei taldek Euskal Metalheads Fest jaialdian. (Aritz LOIOLA/FOKU)


Oholtza irenstera etorri den taldea euskalduna dugu, haatik: Eibarko Su Ta Gar taldea azken urte honetan emanaldi bereziki zitalak eskaintzen ari da. Aitor Gorosabelek erakusten duen indarra, boterea eta segurtasuna aipagarriak dira, baita, nola ez, bere taldekideen ohiko profesionaltasuna ere. Sorpresa hartu dugu ‘Jainko hilen uhartean’ diskoko ‘Etsairik ausartena’ kantuarekin hasi direnean. Eta bigarren kantua ere ezusteko handia izan zen: ‘Itsasoz beteriko mugetan’ disko ahaztuko ‘Zuzen burmuinetara’. Auskalo noiztik ez dituzten jo kantuok! Horrez gain, ‘Jaiotze basatia’ diskoaren errepasu polit bat egin dute, nahiz eta azkenean bost bakarrik jo dituzten: “Jo Ta Ke’, ‘Mari’ edota ‘Begira’-k eztanda oso potentea sortu dute publikoan. Azken diskotik hiru jo dituzte: ‘Horixe naiz’, ‘Alarma egoera’ eta ‘Erraietan betirako’. ‘Laga dana’ kantua ere sorpresa handia izan da, aspaldian (egon garen kontzertuetan bederen) ez baitiegu jotzen entzun. ‘Rotaflexa garraxika’ eta ‘Agur jauna’ ere oso oldarkorrak izan dira. Finean, kontzertu frenetikoa, bizkorra eta zapaltzailea.

Soziedad Alkoholika taldeak ohituta gauzka matxurarik gabeko emanaldi profesionalak egiten. Oholtza lehertarazi dute soinu konpaktu eta boteretsuaz, ‘Perra vida’-rekin hasi direnetik ‘Nos vimos en Berlin’-ekin amaitu duten arte. Profesionaltasun horrek ez dio inola ere emanaldiei gatzik kentzen. Gainera, behin beraien musikan sartutakoan, entzulea olatu batek bezala eramaten du. Klasiko mordo bat jo dituzte (‘Palomas y buitres’, ‘La aventura del saber’, ‘Cienzia asesina’, ‘Ratas’, ‘S.H.A.K.T.A.L.E.’ eta abar) baina baita azken disko rockzaleagoko gutxienez pare bat ere: ‘Falsos dioses’ eta ‘Colapso final’ balio handiko kantuak dira, nahiz eta estiloa apur bat aldatu duten. Jarraitzaile batzueri aldaketa hau ez zaie asko gustatu, baina zuzenean oso ondo funtzionatzen dute. Maketako ‘Sin Dios Ni Na’ bizkorra eta motza izan da, eta lehen aipatu ‘Nos vimos en Berlin’ mitikoarekin gailurrean utzi dute.

Azkenik, Crisix kataluniarrek gaueko emanaldirik indartsuenetako bat eskaini dute. Taldea berez bananduta dagoen arren, Euskal Metalheads Fest jaialdirako itzuli dira. Set List berezia prestatu dute jaialdirako: hainbat euskal talderen bertsioak jo dituzte (La Polla, Eskorbuto, Barricada, Cicatriz, Lendakaris Muertos, Kortatu, Piperrak) eta publikoa asaldatu dute. Euskal publikoa zoriontsu egiteko moduko bertsioak izan diren arren, kantu propio gehiago faltan sumatu ditugu. Hala ere, beraien sei kanta jo dituzte, era birrintzaile eta azkarrean gainera. ‘Bring’em to the pit’, ‘Leech breeder’, ‘G.M.M. (The Great Metal Motherfucker)’... Azken honetan abeslariak wall of death delakoa antolatu du: Publikoaren erdian pasilo bat egin eta gero elkarren artean talka basatia egon da. Ultra-Thrash zikoitza izan da onenetako bat, eta azkena Kortaturen lehen aipatu ‘Zu atrapatu arte’. Ikuslegoarekin komunikazio gehien lortu duen taldea izan da, baina aukeran bertsio gutxiago jo izan balituzte, hobeto. Bestela jaialdiaren gailurrean edo gailurretik gertu egongo lirateke, zalantzarik gabe.

Metalaren pasioak hartu zuen Miribilla. (Aritz LOIOLA/FOKU)


Goizeko ordu batean amaitu da festibala. Era ezin hobean aprobetxatutako zortzi ordu izan dira: gaztelera, ingelesa baina batez ere euskara izan da protagonista. Mosh pit, Pogoa, Circle pit eta Wall of Death dantzak ikusi ditugu, publiko motibatua eta anaiarteko giroa. Egia da gazte asko ez direla egon, eta bat-batean batez beste 45 urteko ikuslegoa izan dela esango genuke. Arrakastatsua izan da dudarik gabe, eta agian errepikaezina.