Zuzenean

NAIZ

Bulego taldeak iragarri du 2027ko martxoan itzuliko dela eszenatokietara

Euskaldunan bira amaitu ondoren, 2027ko martxoaren 6an eszenatokietara itzuliko dela iragarri du Bulego taldeak. Egun horretan kontzertua eskainiko dute Miribilla auzoko Bilbao Arena aretoan.

Bulego taldearen kontzertu uztaileko Hatortxun, Lakuntzan.
Bulego taldearen kontzertu uztaileko Hatortxun, Lakuntzan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Euskaldunan eta Baluarten egindako kontzertuekin bira amatu ondoren, 2027ko martxoaren 6an eszenatokietara itzuliko dela iragarri du Bulego taldeak. Miribillako Bilbao Arena aretoa izango da itzulerako kontzertua egingo duten tokia.

Sarrerak azaroaren 13tik aurrera (10.00) egongo dira salgai Bulego komunitateko kideentzako. Hurrengo egunean, 10.00etan ere, gainerako jende guztiarentzako jarriko dira salgai sarrerak.

Taldeak ohar batean jakinarazi duenez, kontzertu bakarra izango da eta «taldearen ibilbidean etapa berri baten hasiera markatuko duen hitzordua izango da».

«Iragarpen hau iritsi da taldeak egindako agur-birak lortutako erabateko arrakastaren ondoren; bira horretan, Baluarten ere arituz ziren, taldeak publikoarekin duen lotura berezi hori sendotuz. Itzulera honekin, Bulego taldeak, eszenatokietara itzuliko dela agintzeaz gain, taldearen bilakaera erakutsiko duela ere agindu du, bere esentziari eta hunkitzeko gaitasunari bere horretan eutsiz», adierazi du taldeak.

«Gaur, musika-talde bat baino askoz gehiago da Bulego. Musikak eraldatzeko eta batzeko duen indarrean sinesten duen komunitatea da, agertoki bakoitza bere energiarekin eta mezuarekin argitzen duen familia zabala», gaineratu du taldeak.

Bulegori buruz

2019an Azkoitian sortu zen pop talde euskalduna da Bulego. Tomas Lizarazuk (ahotsa eta gitarra), Ruben Lizarraldek (gitarra), Xabier Arrietak (bateria) eta Elba Azpillagak (teklatuak) osatzen dute.

Bi disko argitaratu dituzte –‘Erdian Oraina’ (2021) eta ‘Aldatu Aurretik’ (2023)–, eta jaialdi garrantzitsuetan aritu dira, hala nola BBK Live, Sonorama Ribera, MUWI La Rioja Music Fest edo EHZ jaialdia. Madrilen, Bruselan, Parisen, Londresen, Los Angelesen eta Osakan ere egin dituzte kontzertuak. Geldialdiaren aurretik egindako azkeneko biran (2024-2025) 12.000 sarrera baino gehiago saldu zituzten.