Zuzenean

Aktualitateko erredaktorea

Neomak taldeak ‘Lazturak Orbain’ disko berria kaleratu du, «barrura begira» egindako lana

Neomak taldeak ateratako bigarren diskoa da ‘Lazturak Orbain’, eta taldekideen esanetan, «barrura begira egindako bidaia» da. Asteazken honetatik aurrera entzun daiteke. Halaber, kontzertu berriak iragarri dituzte hurrengo hilabeteetarako. Lehena, abenduaren 27an, Aske jaialdian.

Neomak taldearen disko berriaren aurkezpena, La Sinsorgan.
Neomak taldearen disko berriaren aurkezpena, La Sinsorgan. (OSKAR MATXIN EDESA | FOKU)

«Aldaketa bat bada azalaren mudantza, izatea nahi nuke, bidaia bat barnerantza…» horixe dio Neomak taldearen disko berriaren lehen abestiak, ‘Galdera Ikurrak’ izenekoak. Esaldiak ezin hobeto laburbiltzen du lan berria; hain zuzen, aldaketen aldeko kantua da diskoa. Horrela definitu dute taldekideek: «Aldaketak, hausturak edota barne beldurrak onartu eta horietatik abiatuta, unibertso musikal berri bat sortu dugu».

Tradizioaren eta soinu berritzaileen arteko nahasketatik sortu zen Neomak 2021ean, eta urte bat geroago lehen diskoak argia ikusi zuen. Geroztik, Euskal Herriko hamaika txokotan abestu ez ezik, atzerrian ere ibili dira, besteak beste, Japonian, Hego Korean, Boisen eta Georgian. Asteazken honetan, Nahikari Yuberoren gidaritzapean, Bilboko La Sinsorga Kulturgune Feministan aurkeztu dute euren bigarren diskoa. 

Abesti berriez, formatu aldaketaz eta sormen prozesuaz hitz egin dute diskoaren aurkezpenean. Funtsean, disko berriaren xedea da «orbainak ezkutatu beharrean, horiek erakutsi nahi izatea, eta eraldaketa agerian uztea». Azpimarratu dutenez, orbainak indargune izan daitezkeelako, «hausturak eta konponketak historiaren parte» baitira.

Estiloari erreparatuz, folk estiloa eta sustraiak alboratu gabe eraberritu da Neomak. Euskal folklorea eta elektronika uztarturik egin dituzte abestiak, baina taldeak eboluzio nabarmena izan duela aitortu dute, bai musikalki, baita formatuari dagokionez ere.

Aldaketak

Egun, lau emakumek osatzen dute taldea: Alaitz Eskudero Unanue, Garazi Otaegi Lasarte, Irati Gutierrez Artetxe eta Leire Etxezarreta Learretak. Halaber, berritasun gisa, zuzeneko emanaldietan bi musikari izango dituzte haiekin batera oholtza gainean: Etxahun Urkizu, baterian, eta, bestetik, Eider Villalba, teklatu eta ahotsetan.

Neomak taldea (Neomak)

Hortaz, zuzeneko kontzertuak seikote formatuan prestatu dituzte, soinu tradizionalen eta elektronikaren arteko nahasketa alboratu gabe, baina zuzeneko musika lehen lerrora ekarrita. Haien ustez, formatu berri horrek «indarra dakarkio taldeari» instrumentu eta ahots berriak batuko baitira. 

«Zuzeneko dinamika aldatu egin du formatu berriak, beste energia eta freskotasun bat emango dio zuzenezko emanaldiari», adierazi du Otaegik. 

Bederatzi abesti

Oraingo honetan, bederatzi abestik osatzen dute diskoa: ‘Preludio’, ‘Galdera Ikurrak’, ‘Piztia’, ‘Inork ez du berdin egiten negar’, ‘Ordaina’, ‘Esperantzak’, ‘Orabinari(n)’, ‘Sehasketan’ eta ‘Outro’.

Zaurgarritasunetik abiatuta ekin diote sormen prozesuari eta aldaketak, beldurrak edo zalantzak izan dituzte, besteak beste, mintzagai. «Bizitza bera etengabeko aldaketa da. Eta aldaketek beldurra dakarte askotan. Kanpo zein barne beldurretan bidaia da disko berria eta kantu bakoitza, beldurrei begiratzeko modu bat. Gu geu aldatuz goazen heinean, desberdin kudeatzen baititugu gure beldurrak», hausnartu du Eskuderok.

Era berean, diskoari denbora, espazioa eta mimoa eskaini diotela aitortu du Eskuderok berak: «Sortze prozesua luzea izan da, baina lanak hori eskatzen zuen».

Espektatibei buruz ere mintzatu dira eta zeintzuk izan daitezken ikusi dute. Haatik, «espektatibak horiek alde batera uztea» eta «emaitza horretatik gozatzeko momentua izatea» adostu dute. 

Ildo horretatik, prozesuaren edertasunaz hausnartu dute: «Abestiak, melodiak, musika emozio batetik egiten duzu, baina gero jendeak hartzen ditu bere esperientziagatik, momentu horretan bizitzen ari den unetik entzule bakoitzak hartu dezake bere modura, eta hori da polita».

Lehen kontzertuak

2025eko urtarrilean eta otsailean ekin zioten grabatzeko lanari, azaroan ikusi du argia diskoak eta gogotsu iragarri dituzte aurkezpen birako lehen kontzertuen datak: abenduaren 27an Aske Jaialdian (Atarrabia), urtarrilaren 3an Jimmy Jazz aretoan (Gasteiz), urtarrilaren 6an Arriaga antzokian (Bilbo), urtarrilaren 16an Olalde aretoan (Mungia) eta otsailaren 14an Tanka aretoan (Donibane Lohizune).

Hori ez ezik, Durangoko Azokaren 60. edizioan egongo dira, abenduaren 5etik 8ra, beraz, entzuleek diskoa erosteko aukera izango dute.