Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Biraren azken txanpari hasiera eman dio Gorka Urbizuk Victoria Eugenian

Ia bi urte pasa dira Gorka Urbizuk GARAren erredakzioan, egunkariaren 20. urteurren festan, ‘Hasiera bat’ aurkeztu zigunetik. Inolako asmo handirik gabe abiatutako egitasmoa zela esan zigun lehen disko hura, eta ostegun iluntzean hasi da aurkezpen bira luzea agurtzen Donostiako Victoria Eugenian.

Ezker-eskuin, Amaia Miranda, Karlos Arancegui, Gorka Urbizu, Nando Neira eta Felix Buff, ‘Tour bat’ amaieran.
Ezker-eskuin, Amaia Miranda, Karlos Arancegui, Gorka Urbizu, Nando Neira eta Felix Buff, ‘Tour bat’ amaieran. (Jon URBE | FOKU)

Aretoa pixkanaka betetzen joan da Donostiako Victoria Eugenian. Kontzertuaren atarian erosketak egin dituen bat edo beste ikusi ahal izan dugu. Besaulkietan aurpegi ezagun ugari, musikari asko. Ubeda anaietako bat, Mattin Saldias, Marina Landa, Xabi Arrazola ‘Zolas’, Victor Sanchez edota Garazi Esnaola, besteak beste. Baita Oier Aranzabal komunikatzailea edota Gorka Aranberri Orioko patroia ere. 

19:34ean agertu dira oholtzara musikariak. Karlos Arancegui eta Felix Buff bateria banatan, Amaia Miranda gitarran eta Nando Neira baxuan. ‘Maitasun bat’ joz hasi dira, klasiko bat bira honen hasieratan. ‘Hasiera bat’-en hasiera bat izan da beti. Lehen hamasei konpasak pasa ostean agertu da ohiko moduan Gorka Urbizu, gitarra lepora eta guztia martxan. Soinuan ahotsa berezi, patioan bazen halako bikoiztuta entzutearen sentsazioa. Efektuaz harago, oholtzatik belarrira iritsiko bailitzan.

Krema kolorea eta urdin hotza fokuetan. Seina albo bakoitzean, sei atzean, beste sei goian eta hiru paretik. Goxotasuna eta hoztasuna tartekatuz. Harik eta atzeko teloia igo eta beste jolas batzuk egiten hasi diren arte. Argien dantza ikusi dugu goiko aldean eta atzean, Victoria Eugeniak eskaintzen duen argi bereizgarri horrekin. Publikoa ere argiztatu dute tarteka, oholtzan ere bertaratuen beroa senti zezaten. Hori bai, hasierako abestietan entzuten zen jendea, Gorka Urbizuk berak «ea goazen!» esan eta ‘Teoria bat’ elkarrekin abestera pasa diren arte. Tartean gitarran akorde batek ihes ere egin dio, Amaia Mirandari irribarre konplize bat luzatuz. 

‘Tren bat’ atzetik, publikoaren tenperaturak gora, erritmoak ere bai. Taldea sendo, gitarrak dotore entzuteko aukera eta Amaia Mirandaren bigarren ahotsek abestia dotore janzten zituzten melodiak. Gitarren elkarrizketa benetan dotore entzun zitekeen, soinua neurrian eta bolumenari muzin egin gabe. 

Jendearen konplizitate bila

Arriagan bizi izandako sentsazioa aipatu du lehen etenean –«oso solemnea den tokia da» aipatu du–, nolabait ere antzokian egonagatik ere Victoria Eugenian festa giroa nahi duela esanez. «Hamalau urte nituen lehen taldea sortu nuenean eta oraindik ere flipatzen nau jendeak bere denbora guri eskaintzen digulako, halako komunitate sentsazio bat sortuz», hori izan da lehen hitzartzean, lehen hiru abestien ostean, gehitu duen bigarren ideia. «Hartu baliagarri zaizuena eta goza dezagun zuzeneko musikak sortzen duen lilura arkaikoaz» esanaz bukatu du hitzartzea, ‘Lilura arkaikoa’ abestia bera jotzeko.

Erritmoak gora eginda Leihotikan taldearentzat egindako ‘Etorkizuna ginenean’ etorri da atzetik. Izen bereko diskorako eman zien abestia Urbizuk Leihotikanekoei, «aritmetika akats baten ondorioz, zortzigarren abestia behar zutelako» sartu baitzen abestia diskora: «Gazta urdina bezala, akatsetatik etortzen dira maiz gauza goxoak». Publikoaren konplizitatea bilatu du sarreratik Urbizuk, eta publikoa abesten jarri du hasieratik bukaeraraino errepika aski ezaguna, polifonia ederrak sortuz taldekide eta bertaratuekin.

‘Michael Jackson unea’ deitzen den hori etorri da gero, ‘Kolore bat’ singlearekin. Abestiak berezko iraupena laburtua zuela zirudien, bukaera faltsu bat eman dietelako zubian une oso intimoa bilatuz, Urbizu eta gitarra soilik geratu dira isiltasunaren erdian. Atzetik handitu da guztia, eta argi gorrien jolasak behetik gora ekarri du azken zatian abestia.

(Jon URBE/FOKU)

Umorea eta goxotasuna

Gaza eta Sahara gogoan izan ditu Berri Txarraken ‘Helduleku guztiak’ abesterakoan Urbizuk. Kantuan ahotsa ere ‘Denbora da poligrafo bakarra’ hartako bigarren diskoko efektu berarekin jarri dute, izan ere, ‘Hasiera bat’ eta disko hark badute gertutasun handi bat. Puntu honetan oraindik ere harrigarria suertatzen zen elementu bakoitza zeinen bikain eta garbi entzun den Donostiako antzokian. Abestia bukatzean «Arriagan baino hobeto momentuz» esan du, publikoa bero mantentze aldera, eta Lehoi Erregeari erreferentzia ere egin dio, musikalari jakina, antzokiaren zera horrekin txiste moduko bat egin nahian. 

Atzetik etorri da diskurtso serioagoa,«irudiaren diktadura horren aurrean musika plazaratzea» izan zela duela hogeita bat hilabete hartutako erabakia aipatuta. ‘Janela bat’ eskaini dute une horretan, intimotasun eta berotasun berezia eskaintzen zuen eszenarekin. Bukaeran sekulako txalo zaparrada etorri da.

Abestia bukatu eta bakarrik geratu da oholtzan Urbizu, gitarra eta biak. Intimotasun horretan ‘Etxe bat’ abestu du, ahots lotsati batzuen laguntzaz. Zati instrumentaletan txalo eta txistuak ere bai, Lekunberriko musikariari babesa emanez. Isiltasuna hainbestekoa zen, ezen ordenagailuaren teklatuaren hotsak ere apurtzen zuela intimotasuna. Abestia bukatzean hasperen sakon bat entzun da ginen inguruan, norbaiti barrua mugitu zaio antza. Berriz ere lehertu egin da txalo artean Victoria Eugenia. Abestiaren ostean taldea aurkeztu du banan-bana eta erreberentzia egin die musikari bakoitzari Urbizuk.

Bigarren erdira sarrera Katamalorekin

‘Betazalak erauztean’ bere garaian Gasteszenan entzun ahal izan genuen Katamaloren agur biran, ostegunez orduan ere. Maitemindu gintuen talde hark eta orbaina ere utzi zigun bihotzean, edo azalean, edo dena delakoan, zergatik ez. Bada, orbain horiei begira jartzen gaituzte Gorka Urbizuk eta bere taldeak zuzenean abesten dutenero. Badu aura berezi bat abestiak eta hori nabaritu da gaur ere. Gitarraren konponketak ere zeinen dotore entzun ditugun gaurkoan, akaso beste espazio batzuetan nabaritu ezin izan dugunon gozagarri. Baita bateriaren erritmikako xehetasun batzuetan ere. Eta a capella unea. Zeinen une ederra Buff, Miranda eta Urbizuk utzi dutena. A zer nolako eboluzioa izan duen abesti honek.

Katamalotik Peiremans+ taldera salto, ‘Send flowers’ entzuteko. Argiekin jolasean segi du teknikariak eta «mugaz bestaldekoek ezagutzen al duzue Peiremans+?» galdetu du Urbizuk, baietz erantzun du publikoak eta harriduraz hartu erantzuna nafarrak. Baina jendeak bazekien abesten. Taldearen azken etapan, ostegunarekin izan zen haien Donostiako kontzertua ere, kasu honetan DabaDaba aretoan. 

Gitarra aurkeztu digu segidan: «1952koa da gitarra hau. Eta flipantea iruditzen zait garai hartako egur zati batetik denak kantuan, tira, denak ez, baina kantuan jarri gaitu. Hau zuhaitz bat izan zen noizbait eta behar bada txoriren bat ere biziko zen zuhaitz hartan. Eta, behar bada, haren kanturen bat ere geratuko zen hemen. Pasako zituen urtaroak, eta emango zituen bere itzal eta fruituak, eta orain ere emango ditu bere frui… ez, ez, ez. Efemerideei begira izan naiz, urte hartan zer gertatu zen jakin asmoz, zozo samarra izan zen. Isabel II.a, Inglaterrako erregina lanean hasi behar zela esan behar nuen, baina tira. Hil zen emakume hau ezta? Tarteka ahazten zait, betirako zela zirudien. Monarkia, zer gauza, zer bizio duten betiko izatearekin. Kaoba, izeia eta beste hiru zuhaitzen egurra du gutxienez gitarrak. Pastillak iman batzuk ditu eta barruan kobrezko bobina bat eta horrek sortzen du eremu magnetiko bat, eta horrek soken bibrazioa jasotzen du eta kobrezko beste hari baten bitartez iristen da anplifikagailura. Horregatik du izen hori, ez nintzen jabetu duela gutxi arte… Balbulak ditu eta hori ere ez dut oso ondo ulertzen. Altaboza du eta horrek dardara egiten du, soinua kanporatuz, hortik mikrofono batera doa soinua eta hori mahaira… zuengana iritsi arte. Bada egur zati honetatik azken horretaraino doa, eta hasten gara kantuz, negarrez, irriz, eta hori ez bada flipantea, zer ote da?». Halako bakarrizketa bat egin du Urbizuk, jendearen barrea eraginaz, pedagogikotik ere izan duen tartean.

Hirugarren bertsioa etorri da segidan, Él Mató a Un Policía Motorizado talde argenitanarraren ‘Más o menos bien’ kantua eskaintzeko. Hiru ahots, Aranceguik tambourinea gehituz, Mirandaren gitarra solista garbi entzunaz. Sorpresan harrapatu gaitu bertsioak, baina goxo sartu da belarrietara.

(Jon URBE/FOKU)

‘Bakan I’ eta ‘Bakan II’ Lisboatik pasaz

‘Herri txiki’ kantuarekin hasi du bloke berria Urbizuk. ‘Bakan I’ disko laburrerako sortutako kantua. Bada, handik abiatu eta hiri handi batera egin dugu salto, Anne Lukinekin batera egindako ‘Lisboa’ kantura pasa baikara, moldaketa desberdina introan, baina melodia bera mantenduz. Urbizuren inpronta duen abestia ezbairik gabe. «Gorantz doa» zioen une bakoitzean publikoak ere gora egin du kantuan, baita zutitu ere.

‘Bakan II’ laneko ‘Diamantea’ kanturako Nerea Urbizu igo da oholtzara, teklatua jotzera. Letra nahastu ere egin du abesten hasterakoan Urbizuk, abiatu, geratu, letra gogora ekarri eta berriz ere kantuari ekinez. Ez zitzaion askotan gertatuko zuzenean halako zerbait. Abbey Roaden udan grabatutako abestia bikain defendatu dute zuzenean.

Oholtzatik irten eta azken abestiak bueltan

‘Chicago’ deitzen dion 1962ko gitarra zintzilik hura aurkeztu digu eta gitarra horren istorioa kontatu digu. Steve Albinik denda bat gomendatu ziola eta bertan erosi zuelako, «Albinik iaz utzi gintuen eta badugu zauri bat, harentzat txalo bat mesedez». Gitarra hori ‘Payola’ diskoaren sasoian erositakoa zen, eta disko horretako ‘Maravillas’ eskaini du, «han grabatutako ereserki antifaxista». Argi gorri gogorra, odola irudikatuz, istorio lazgarriaren adierazle. Publikoa hasieratik abesten jarri da. Isiltasun momentuak sortu ditu publikoa abestuz bakar bakarrik utziaz, eta jendeak halako emozio berezi batekin erantzun du. Goia jo du kontzertuak abesti honekin, eztanda erabatekoa. Euskal Herria antifaxista dela argi geratu da beste behin.

Rickenbackerra ere ikusi dugu oholtzan. ‘Zilarra’ abestian atera du John Lennonek erabilitako modelo bereko gitarra. NAIZ Irratian izan zenean errespetua ziola eta ez zela ausartzen esan zigun eta Amaia Mirandarekin izandako elkarrizketan hari buruz galdegitean entseguetan ez zuela ikusi esan zigun. Bada bai, azkenean gitarra «bihurria» agertu da, Lennon eta McCartney baliran Urbizutarrak, Gorka gitarran eta Nerea teklatuan, The Beatlesen kutsu garbia duen abestia eskainiz. Une benetan berezia.

Talde teknikoa aurkeztu du eta azken hiru abestiak etorri dira atzetik. Bira honetan oso maitea izan den ‘Hegal egiten’ kantuaren bertsioa, Itoizi omenaldia egiteko proiektu borobila izan dena. Soinuz badu aldaketarik eta ahotsean zer esanik ez, baina une magikoak sortu dituen abestietako bat izan da ‘Tour bat’ delako honetan. Publikoak abestu du, txalo egin du, txistu egin du eta oihu egin du abesti honetan. Zutik eta dantzan jarri dira anfiteatroan, baita palkoren batean ere.

Azken biak ‘Toki bat’ eta ‘Besterik ez’ izan dira. Lehenaren riff sorta, hasi baxutik eta azken uneraino. Kantutzarra dela ez dago zalantzarik eta dagoen gitarren elkarrizketa magia hutsa bada diskoan, zuzenean plus berezi bat du Miranda eta Urbizuren arteko lotura agerikoa baita. Lehen kontzertuetatik hona sortu diren harremanei gorazarre egin die kontzertuan Urbizuk eta hemen puri-purian nabaritu dira sentimendu horiek. Publikoak ere erritmika ariketa egin du Gorkaren gidaritzapean, txaloez lagunduta, gitarra solo berri bat gehituz guztiari. Energia dosiak gora egin du, baita baterietan ere, Buff eta Arancegui egurrean. A zer une apoteosikoa eskaini duten, hitzekin deskribatzeko zaila. Bira bat kantuei azken kontzertuetarako.

Bada, kantuak dion moduan, ‘Besterik ez’, goxo-goxo eman diogu agurra hilabete hauetan sortu den guztiari. Isiltasun osoa lagun zutela hasi dute azkena: «Plazera halako hiri eder batean jotzea, gu bagoaz. Hiri ederra hiritarrak bizitzeko ezta?». Aldarrikapen txiki handi horri egin dio tartea ‘Hasiera bat’ ixten duen kantua eskaini aitzin. Hiru egun dituzte oraindik aurretik dena behar bezala agurtzeko. Bada, ‘Besterik ez’ gaurkoz, datozenetan Victoria Eugeniara zoaztenok gozatu eta besteok itxarongo diogu datorrenari.