Zuzenean

NAIZ

‘Lili bat’, Maddi Oihenart, Olaia Inziarte eta Miren Narbaizaren ahotsean

Joseba Sarrionandiaren hitzetatik abiatuta Mikel Laboak kantu bihurtutako ‘Lili bat’-en bertsioa aurkeztu dute Maddi Oihenart eta Juantzo Zeberio Etxetxipiak, ‘Lur’ proiektu berrian. Oihenartek Olaia Inziarte eta Miren Narbaiza izan ditu lagun kantuan. 

Maddi Oihenart eta Juantxo Zeberio Etxetxipiaren egitasmo berria da ‘Lur’, euren hitzetan, «Palestinako oihua euskal doinu bihurtzen den lurraldea». Proiektu horren baitan kaleratu dute ‘Lili bat’, Joseba Sarrionandiak sortutako hitzetatik abiatuta Mikel Laboak musikaren mundura eramandako kantu ezagunaren bertsioa.

Kanturako beste bi abeslari handiren partaidetza izan du Oihenartek: Olaia Inziarte eta Miren Narbaiza. «Maddiren diskoetan ez dira oso ohikoak kolaborazioak, eta hau ia ustekabean sortu zen zuzeneko baten ondorioz hiru emazte hauek botzak elkarturik», azaldu dute ohar bidez, eta gehitu dute: «Hiru artista handi, hiru belaunaldi eta hiru kantaera. Hirurak bete-betean dabiltza kantuan 2025ean, eta batu dira orain Laboa eta Sarriren ‘Lili bat’ errepikaezin hau grabatzeko», jarri dute balioan.

Kantuaren moldaketak Zeberiok berak egin ditu, eta hainbat musikari ere izan dituzte bidelagun: Itsaso Etxebeste baxuan, Karlos Aranzegi baterian, Joseba B. Lenoir gitarra elektrikoan, Miren Zeberio eta Andrea Duca biolinean, Marina Barredo biolan, Gabriel Mesada txeloan eta Francesca Romana di Nicola harpan.

Abestiaren ekoizpena Juantxo Zeberio eta Jon Agirrezabalagaren eskutik joan da, nahastetak ere azken honek egin ditu, eta grabaketa Victor Sanchez eta Kaki Arkarazok.