Zuzenean

NAIZ

Murrizketa ekonomikoek eraginda, 2026an ez da Koba Live jaialdirik izango

Abadiñoko Koba Live musika jaialdiak ez du ediziorik izango 2026an, dirulaguntzetan izandako murrizketen eraginez. «Horrek behin betiko edo laister arteko agurra esan nahi duen, denborak esango du», nabarmendu dute antolatzaileek. 

2025eko Koba Live jaialdiaren aurkezpeneko irudia.
2025eko Koba Live jaialdiaren aurkezpeneko irudia. (KOBA LIVE)

Sugaar Musika Elkarteak, azken lau urteetan Abadiñoko Koba Live musika jaialdiko antolatzaile lanetan jardun duen irabazi asmorik gabeko elkarteak, 2026an Koba Live jaialdia ez antolatzea erabaki duela iragarri du. Azaldu dutenez, erabaki hau Bizkaiko Foru Aldunditik eta Abadiñoko Elizateko Udaletik jasotako dirulaguntzetan izandako murrizketa ekonomikoak direla eta hartu dute.

«2025eko edizioa galera ekonomikorik gabeko lehena izan arren, aurrekontuan izandako murrizketak, eragotzi egiten digu jaialdi hau aurrerantzean garatzeko beharrezkotzat jotzen ditugun kalitate eta segurtasun estandarrak betetzea, eta honen aurrean nahiago izan dugu pausu bat alde batera ematea», agertu dute antolatzaileek.

Euren asmoa jaialdiarekin aurrera egitea bazen ere, «beste erremediorik» ez zaiela geratu esan dute eta jakinarazi dute ez dutela baztertzen etorkizunean jaialdiaren edizio berria antolatzea: «Behin betiko edo laister arteko agurra esan nahi duen, denborak esango du, elkarteak ez baitu baztertzen etorkizunean Koba Live berriro antolatzea».

Azkenik, antolakuntza taldeak jaso duen babes eskertu eta «besarkada estu bat» bidali nahi izan diete ondoan izan dituztenei, «gugan konfiantza izan zuten eta proiektu hau martxan jartzen lagundu ziguten pertsona guztiei, eta bereziki, gure Kobazale eta Crew-ari, horiek gabe Koba Live ez baitzen inoiz posible izango».