Zuzenean

NAIZ

EHUko ikasleek sortutako gitarrarekin itxiko du bira Gatibuk

Gatibu taldearen ‘Agur Esan Barik’ birako azken kontzertuak bereziak izango dira taldeko kide zein zaleentzat. Baita EHUko Ingeniaritza Eskolarentzat ere: gitarra pertsonalizatua sortu dute, Haimar Arejitak joko duena. 

Haimar Arejita gitarrarekin, EHUko Ingeniaritza Eskolako kideez inguratuta.
Haimar Arejita gitarrarekin, EHUko Ingeniaritza Eskolako kideez inguratuta. (EHU)

«Erronka handia izan da», ziurtatu dute Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolatik. Ez da makala balentria: bi hilabete eskasean diseinatu eta ekoitzi dute Gatibu musika taldeak abenduaren 13ko azken agur kontzertuan erabiliko duen gitarretako bat, Haimar Arejita gitarra-jotzailearentzat propio sortua. Hunkituta agertu da azken hau instrumentua eskaini diotenean, EHUn egindako ekitaldian. 

Izana eta izena, biak eman dizkiote gainera: «Watty du izena, haltz zurezko gorputza darama, astigar formako masta eta pau ferro diapasoia. Eskala 637, 1 mm-koa da eta gorputzaren akabera Pink coral (koral larrosa) kolorekoa da, mastaren palarekin jolastuz», azaldu dute Javier Mazon eta Iraide Lopez irakasleek, eta kolore deigarriaren zioa ere argitu dute: «Kolore arraroa da, 60ko hamarkadako altxor ezkutua, eta oso gutxi ausartu izan dira kolore hori erabiltzen. Bere taldearekin azken aldiz eszenatokira igotzen denean, beste inork ez duen zerbait eramatea nahi genuen, 25 urte hauetan eraiki dutena bezain esklusiboa». 

Eskertuta agertu da Arejita. Nuria Gamez eta Arianna Alonso ikasleen eskutik jaso du espresuki berarentzat sortutako gitarra eta zuzeneko emanaldi labur batekin eskertu nahi izan dien egindako lana. Gitarra jaso bezain pronto afinatu eta Gatiburen kanta ezagunen notak jotzeari ekin dio, ekitaldira bertaratu diren ikasleen gozamenerako. «Gitarra oso ondo egina dago, are gehiago ez profesionalek egina egoteko; kontzertu osoa jotzeko moduko gitarra da» adierazi du. Ez du argitu nahi izan, ordea, zein abesti joko duen larunbateko kontzertuan. «Sorpresa gisa utziko dugu, ikusmina ere sortu behar baita», esan du irribarrez.

Guitar STREAM

Musika instrumentua Guitar STREAM programaren baitan sortu dute. Programaren bidez hainbat prozesu ikasten dituzte EHUko ingeniaritza ikasleek. Gitarra elektrikoak elektromagnestismoaren oinarrizko printzipioak ditu eta ingeniaritza elektrikoan aplika daitezke hainbat tresna teknologiko erabilita. Modu horretan ikasleek egunerokoan erabiltzen diren ekipo eta dispositiboen oinarriak ikasten dituzte. 

Guitar STREAM orain dela bost urte sortu zuten Bilboko EHUren Ingeniaritza Eskolan, STEAM bokazioak sustatzeko asmoz, proiektuetan oinarritutako ikaskuntza oinarri; irakaskuntza metodologia horrek ikasleak animatzen ditu maila teorikoan jasotako ezagutzak eta trebetasunak ikastera esperientzia erakargarrien bidez. Diziplinartekotasuna lantzen dute ikasleek jarritako erronka eta arazoei erantzuteko soluzioak eta prototipoak sortuta.