Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

«Agur esan barik» baina badoaz betirako Gatibu taldekoak

Hogeita bost urte oholtzan eman ostean, azken aldien garaia iritsi zaio Gernikako taldeari. Aurreko larunbatean hasi zuten despedida, gaur bigarren emanaldia izan da eta bihar hirugarrena eskainiko dute, Euskal Telebistaren bidez jarraitu ahal izango dena. Badoaz kapitainak.

Bizkaia Arena goraino beteta zela eskaini du bigarren agur kontzertua Gatibuk.
Bizkaia Arena goraino beteta zela eskaini du bigarren agur kontzertua Gatibuk. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Oso gutxika joan da betetzen Bizkaia Arena, nahiz eta 19:30ean zabaldu dituzten ateak. Presarik ez zen, 21:45 arte bai baigenekien Gatiburen txanda ez zela iritsiko. 

20:10ean ekaitza leherrarazi du Joseina Etxeberriak, berari egokitu baitzaio Gatiburen kontzertu atarikoak egitea. Ekaitza diogu, bi minutu eta erdiz trumoi soinuak jarri dituelako ataundarrak. Segidan, The Doors taldearen ‘RIders on the storm’ kantutzarra jarri du, zazpi minutu luzeko abestia. Xuabe xuabe hasi eta segi dugu, Doctor Deseoren ‘Corazón de tango’ klasikoa etorri baita atzetik. Motorrak berotzeko, nostalgia apur bat eta jendea eztarriak berotuz abesten ere hasi da.

Etxeberriak errepaso ederra eman dio Gatiburen sorrerari, haien ibilbidea eta sorpuntua aipatuz. Baina «ez dago indar guztia gerorako gorde beharrik» esan eta La Txamaren ‘Zure begiak’ jarri du, jendeak abestu eta dantzatu dezan. Musika selektore bezala badu bere bidea eta ez nolanahikoa, eta gaur erakutsi du badakiela toki bakoitzera egokitzen. Abiadura azkartu du Fermin Muguruzaren ‘ FM 99.00 Dub Manifest’ kantuarekin eta helburua bat eta bakarra zuen, pista dantzan jartzea.

Bera oholtzan zen bitartean ingurura begiratu dugu, ohiko azpiegituraren errepasoa egiteko. Probokadore luzerik ez, baina argi festa ederra bai oholtzan. Gaizka Salazarrek esan bezala, eszenatokia jasoa, metro aldetik luzeegia ez, etxeko giroan aritzeko horietakoa. Soinuari dagokionez, berriz, bozgorailuak zenbat nahi beste. Mimoz zaindu dute beti beren ibilbidean soinuaren atala eta BECen ez da gutxiagorako izan. Oholtza gainean parera zuzendutakoak eta alboetara zuzendutakoak, eta, atzeko aldean, beste hainbeste, geunden txokoan egonda ere bikain entzun genezan.

‘Kolore, kolore’, ‘Porru patata’, ‘Euskal rock & roll’, ‘E.H. Sukarra’, ‘Txanpon baten truke’, kalejirak… eta Extremoduroren ‘Salir’ ere bai, Robe Iniestari omenalditxoa eta jendeak ere bero hartu duena. Ia bi orduko emanaldia eskaini ostean, The Pogues taldearen ‘Fairytale of New York’ gabon giroko kantua entzunaz argiak itzali eta hasi da despedida.

Hogeita bost urteko bidearen azken geltokia

Bizkaia Arena goraino beteta zela ekin diote emanaldiari, azken tragoa eskatzeko aprobetxatu duenik ere izan den arren. Bideo bat jarri dute sarreran eta «aske bizi» edo «bizi daigun» mezuak jarri dituzte, baita «eskerrik asko» ere. Alex Sarduik «bixotza suten, kopon!» oihu egin eta abesti horrekin berarekin hasi da emanaldia, ‘Bixotza suten’ kantuarekin, ‘Zazpi kantoietan’ 2012ko diskokoa, pantailan handitzen zihoan bihotz bat ikusten genuen bitartean. Haimar Arejitaren gitarra eta Gaizka Salazarren bateriak protagonistak, eta Alex Sardui abesten hasi aurretik «agur esan barik» zioen pantailan. 

Xabier Bengoaren solo potentea eta Sardui dantzan sartu da eszenan. Txalo zaparrada eta lehen une hunkigarria ‘Lorak eskaintzen’ klasikoarekin, ‘Zoramena’ debuteko diskoko kantua. Publikoa abesten gogotik eta harmailetan jendea «zutunik» kantuak dion bezala. Baxuan sendo Ekain Alzola lehen instantetik, podiumean igota. Bateria, perkusioa eta baxua, hau da, sekzio erritmikoa altueran jarrita eta bi gitarrak albo banatan zituela azpiko lehen lerroan Sardui abeslaria, probokadore laburrean aurrera eta atzera. 

Lehen sorpresa, Extremoduroren ‘So payaso’ kantuaren zati bat abestu baitu Alexek, ‘Mila doinu aidien’ kantuaren atarian. Haimarren urre koloreko ’goldtop’ Gibson Les Pauleko soketatik abiatu da riff klasikoa eta  lokomotora martxan jarri da segidan. Bengoa eta Harejitak momentu polita utzi dute parez pare abestia jotzen, bi gitarren arteko elkarrizketa iruditkatuz. Tempoa jaitsi orduko kongen hotsa ere nabaritu da, fin 2010etik taldean dabilen Jorge Pachecho. Exkixu taldearen usaina zerion garain kantuari eta oraindik ere badu haren zantzurik.

Deabruaren hotsa

Kanpaiak entzun dira deabruarena zirudien ahots baten ostetik, eta lurraldetasunaren inguruko galdera klasikoa luzatu du Sarduik. «Ba al dago hemen euskaldunik? Zuek infernura zoazte» esan eta ‘Inpernuen ate joka’ etorri da, 2005eko ‘Disko Infernu’ albumeko kantua, single moduan etorri zena eta garaian buelta asko eman genizkiona, dena esate aldera; hein handi batean Arejitak egiten dion solo hard rockero dotoreagatik. Gaurkoan ere bikain entzun ahal izan duguna.

«Plazera da gaur hemen egotea. Ahaztu arazoak eta gozatu dezagun, izan gaitezen gu eta zora gaitezen», esan eta ‘Zoramena’ kantua etorri da. Jendea beste behin gogotik abesten entzuten zen lehen diskoari izena ematen dion kantuarekin. Halako batean oholtzan agertu da Bengo abeslari eta break dantzari oiartzuarra, sekula showa eskainiz. Barra eta dantza artean hankaz gora jarri du Bizkaia Arena guztia. Abesti lasai bati indarra emateko modu ederra. 

Bengok bere buruari akaso emango lioke segidan etorri den abestiaren izena, ‘Kalekatue’. Berriz ere riffaren garrantzia azpimarratzeko abesti horietakoa, hori baita Gatiburen esentzia nagusiena, gitarraren riffa. Abesti hau ‘Zuzenean bizitzeko gogaa’ diskoan editatu zuten, 2010ean eta gerora ez dute sekulan ere estudioan grabatutakorik publikatu. Lizentzia txikiak hartzen dituzte iraupen luzeko taldeek eta hau horietako bat da. Mende laurdeneko bidea, 25 urtekoan, egin baitu Gatibuk, eta horrenbesterako ematen du.

Bidean ezagututako jendea gogoan izan dute, «gehienek aurrera egin dute, beste batzuk ez. Bidean geratu diren musikari guztientzat eskainia» ‘Hartu berriz gitarrie’ etorri da, lasai eta sentituta, eta ‘Pailazo’ kantuarekin, haize sekzioak lagunduta, itxi dute lehen blokea, kantu dantza eta salto artean.

Arnasa hartu eta segi aurrera

Bideio bat sartu dute bi blokeen artean eta zaletuen bizipenak jarri dituzte pantailan. Sentimenduak azaleratu dituzte eta azken esaldian horrela zioen: «beti sentitu dut bizitzeko gogoa«. Bada, hor etorri da esaldi hori ixten zuen ’Bizitzeko gogoa’ abestia, 2008ko ‘Laino guztien gainetik sasi guztien azpitik’ diskokoa, berriz ere publikoaren laguntzaz. Zale fidelak bideokoak eta baita bertaratuak ere. Aldaketa horretan atzeko aldean urre koloreko teloia jarri dute eta Xabier Bengoak eta Haimar Arejitak Gibson gitarrak utzi eta Fender gitarretara pasa dira, Stratocasterra lehenengoak, sunburst kolore klasikoan, eta Telecaster urdina bigarrenak, azken urteetan batera eta bestera eraman duena.

2014ra egin dugu salto jarraian, ‘Euritan dantzan’ diskoko ’Zer da?’ abestira. «Zenbat aldiz, bidean, bakarrik ezin dugunean, eskua luzatu dizuete? Bada hau horientzako, lagunentzako», esanaz abiatu dute kantua, berriz ere haize sekzioak lagunduta. Haize sekzioari Alzola baxu-jotzaileak egiten zien tokia tranpaldoan, bera lehen lerrora jaitsiz.

2011 eta 2016 artean gitarra erritmikoan taldeko kide izan zen Arkaitz Ortuzar bermeotarra igo da oholtzara segidan, ‘Zumarragako trena’ ‘Euritan dantzan’ diskoa irekitzen duen kantua eskaintzeko. Taldekideak disfrutatzen ikusi zitezkeen, Gaizka Salazarrengan kamera jarri denean nabaria izan da hori eta harengana ere gertuaratu da Ortuzar. Taldekide izandakoen konplizitate bila ibili da, ez baitzituen alferrik pasa bost urte haien artean.

«Egurra nahi duzue? Egurra behar duzue? Emango diogu egurra edo zer?» galdegin du Sarduik, Arejitak gitarra aldatzen zuen bitartean, Bengoa eta biak berriz ere parez-pare zirela hasi dute ‘Gaur gure gaba da ta’, berriz ere ‘Disko Infernu’ albumera salto eginaz. Txistu eta gitarraren riff horiek oso garaikoak dira, oso nabariak baitira tonalitate eta riff horiek lehen diskoetan. Gisa horretara etorri da bigarren blokearen bukaera.

BEC dantzaleku bihurtuta

Bigarren bideo batean aurpegi ezagunak agertu dira taldearen zaleak direla esanaz, hala nola, Nerea Arruti aizkolaria, Aritz erkiaga puntista, Amaia Uribe kazetaria eta MIkel Goñi pilotaria (bera agertu denean oihu batzuk entzun dira). 

Bukatu orduko probokadorera gerturatu dira Haimar gitarra akustikoarekin, Gaizka kutxa flamenkoarekin eta Alex, 2016ko ‘Nire ondoan bazina’ kantuaren bertsio intimoago bat eskaintzekoa, argi guztia haien gainean jarrita gainerakoa ilunpean zegoen bitartean. Saxoaren berotasuna, metalofonoaren soinutxoak eta baxua espazioa gorpuzten aritu dira une horretan. 

Lasterka irten da Sardui oholtzatik abestia bukatzean eta ez dugu ulertu, harik eta oholtzaren atzeko aldean bigarren solairu bat zegoela ikusi dugun arte ‘Bang bang txik txiki bang bang’ kantua eskaintzen hasi diren arte. Led pantaila bat oinetan zuela, batetik bestera mugitu da berriz ere lehen lerrora jaitsi arte Sardui, BECeko pista dantzaleku bihurtu duten bi diskotekako bola erraldoi ere sabaitik jaitsi diren bitartean. Jendea zutik eta dantzan jarri da gogotik harmailetan. Adin guztietako jendea bertaratu da, nahiz eta beterano ugari zeuden batean eta bestean, gizon zein emakume, nahikoa parean.

‘Ez dot sinisten’ kantua eskaini dutenean, Gernkia Palestinako ikurra jarri dute pantailetan. «Altseu eurrera jausten zaren bakotzien, pentseu geroan esperantza bizi dala» dio kantuak eta  jendeak «Palestina askatu!» oihu egin du abestia bukatzean. Haimar Arejitak hartu du segidan hitza: «Herri txikietan proiektu interesgarriak sortzen ari dira eta honek jende gaztea musikara gerturatzea lortu du, euskarazko musikara, eta hori ere beharrezkoa da, datorrela Tom Lizarazu!». Aurreko astean Fitok abestu zuen ‘Urepel’, baina gaurkoan berari egokitu zaio, Fito Iruñeko Nafarroa Arenan ‘El monte de los aullidos’ birari hasiera ematen ari baitzitzaion gaurkoan. 

«Txarto zaudela? Egin salto. Ondo zaudela? Egin salto. Bizitzeko gogoa duzula? Egin salto. Baina, gehienbat, gehienbat, euskalduna bazara… egin salto!!!» oihu egin eta BEC guztia saltoka zela abiatu dute ‘Salto’ abestia, ‘Azken indioak’ 2018ko abestia, singlea izan zena, eta gau honetan disko honetatik eskaini duten lehenengoa.

Argi jolasekin jarraitu dute oholtzaren bueltan, idazten oholtzari begiratzeko beta askorik ematen ez duen arren, tarteka burua altxa eta koloreekin egindako eta mugimenduekin egindako jolasez gozatu ahal izan dugu. Baina, Salazarrek esan moduan, musika lagundu eta jantzi egiten dute, Gatiburen kasuan musika baita hitz egiten duena. ‘Eztanda egin arte’ abestia eskaini dute gero eta segidan ereserki horietako bat etorri da, ‘Gabak zerueri begire’, berriz ere publikoa zoratuz, Sarduik hala eskatuta besoak alde batera eta bestera astinduz. Serpentinak ere jaurti dituzte.

Trikiti doinuak, Leire Martinez eta bertsoa

Iñaki Plaza Urduñako trikitilaria ere gonbidatu dute gaurkoan. Benito Lertxundiren ‘Loretxoa’ kantuari egindako moldaketa jotzera igo da soinu txikia soinean zuela eta jendeak gogotik abestu du, kasik Sarduik ere abestu beharrik ez duelarik izan. Apaltzen zenetan BECeko hamar milatik gora lagunen eztarriek lagundu dute taldea, bertsio country honetan. Zeinen eder gitarra eta triki soloak.

Segidan, dantzariak ere igo dira oholtzara, ‘Aske maitte’ kantua abesteko. Aurreko larunbatean Maren izan zen garaian Izarok abestu zuen kantuan kolaboratzera, eta, gaurkoan, Alex Sarduik «lagun min» moduan aurkeztu duen Leire Martinez errenteriarra izan du kantulagun, publikoarekin batera. Ereserkia baita hau, belaunaldi guztiak zeharkatu dituen horietakoa, 2016tik hasi eta auskalo noiz arte.

Kontzertu handi bakoitzean egin ohi duen moduan, bertso bat ere abestu du Alex Sarduik: «Gure musika bizi daizuen arima eta bixotzakin, a zer gustoa azken honetan abestea zuk eta nik, baina agur esan barik». Hori abestu eta berriz ere argiak itzali dira.

Azken txanpa emotiboa eta aldarrikatzailea

Nazioarteko zaleen bideoak etorri dira segidan, Argentina, Italia, Txile… tartean diasporako euskaldunak  euskaraz hizketan entzuteko aukera eman digutelarik. Polita keinua. Bukatu orduko, ‘Agur kapitaina’ kantuaren bideoa jarri dute eta abesti hori eskaini dute, berriz ere hirukotea lehen lerroan zela, kasu honetan Gaizka marakekin. Haize sekzioa mariatxi laukote batek osatu du, oholtzako atzeko aldeko bigarren solairu horretatik, goxo-goxo lau tronpetak. Eta mariatxien eta hirukotearen tartean, dantzariak ere bai, koreografia dotore askoa eginaz. Emoziotik tira dute azken txanparen sarreran, pantailan Mikel Caballero izan baitute gogoan, taldeko baxu-jotzaile izan zena eta 2024an zendu zena. Topa egin eta oholtza utzi dute berriz ere guztiek.

«Beste bat, beste bat» oihuak etorri dira segituan eta «Kalera, kalera» abesteko ere baliatu du publikoa hutsartea. Alexek unea baliatu du oholtzara igo eta jendearekin momentua partekatzeko, amorruz eta pasioz abestu du eta «Gora Euskal Herria askatuta!» oihu eginaz bukatu. Atzetik etorri dira taldkideak eta kopak eskuan hartuta, berriz ere Haimarrek hartu du hitza: «Brindisa egin nahi dugu 25 urte hauetan izan dugun ekipoagatik, aldatzen joan diren arren, haiek gabe ezin izango genuen hau egin». Hori esan, brindis kolektiboa egin eta  ‘Gora kopak’ kantua etorri da, indartsu, Alexek txupitoa esku batean eta tabakoa bestean zuela. Ospakizun kantua izan da ezbairik gabe, baita publikoarentzat ere, saltoka eta «merezi dabenengatik» kopak zerura igoz pasa baitute abestia.

«Benetako maitasuna bizitzeko, maitasun txarrak ere pasa behar dira. Maite, a zer hitza; maite gaitezan, baina ez horrela» esan eta beste hit bat jarraian, crescendo batekin, publikoa berotuz, ‘Zeu, zeu, zeu!’. Klasiko bat bihurtu da eta ez du kalerik egiten haren errepika abesten ez duenik ez baita kontzertuetan. Bukatu aurretik Alex oholtzatik jaitsi da eta Haimar utzi du frontman lanetan, gitarra solo luze eder bat joaz bertaratuen gozamenerako. Soloa Telesforo Monzonen ‘Lepoan hartu’ abestiarekin bukatu du, Alexek berriz oholtzan sartu eta Ikurriña bat belauniko astintzen zuen bitartean. Gure ikurrei gorazarre.

«Hemen bizi ez denak dio badugula gauza bat txarra, zer izango da? Euria. Baina ezin da bizi euririk gabe» eman dio sarrera ‘Euritan dantzan’ klasikoari. Argi urdina protagonista zela berriz ere mundu guztia saltoka eta dantzan jarri dute Gatibukoek. Haize sekzio, dantzari eta guztiak oholtzan zirela eskaini dute kantua, indartsu, energia positiboz eta dotore.

«Ez dugu ahazten nundik gatozen eta gustatzen zai oroitzapenak izan eta horiekin gozatzea. Jarrai dezala jaiak eta defenditu euskara eta defenditu Euskal Herria», esan du Sarduik. Hala, lehen arrakasta izan zenarekin etorri da bukaera. Bizkaieraren aldeko apustua egin zuten eta horrek ekarri zuen askorentzat freskura eta sorpresa garaian, kantu dibertigarri baten bidez istorio gordin bat kontatuz, ‘Musturrek sartunde’, izatez, nahikoa drama egoera delako. Baina hori izan da hogeita bost urtez talde honek lortu duena, energia positiboz betetzea gure gorputz eta arimak. «Agur esan barik» badoaz, baina beren kantuak herri honen erroetan utzita. Mila esker, Gatibu.