Zuzenean

Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

2027ko urtarrilaren 10ean egingo dute Pantxoak eta Peiok ‘Azken dantza’

Hainbat urteren ostean ibilbideari behar bezalako bukaera jartzeko kontzertua emango dutela iragarri dute Pantxoa eta Peiok. 2027ko urtarrilaren 10ean egingo dute ‘Azken dantza’, Barakaldoko BECen.

Peio Ospital eta Pantxoa Carrere, azken kontzertuaren aurkezpenean.
Peio Ospital eta Pantxoa Carrere, azken kontzertuaren aurkezpenean. (Oskar MATXIN | FOKU)

Pantxoa eta Peiok 40 urteko ibilbideari agur esango diote 2027ko urtarrilaren 10ean eskainiko duten kontzertuarekin. Sarrerak abenduaren 18an 10.00etan jarriko dituzte salgai, pantxoaetapeio.eus webgunean.

Barakaldoko BECen emango duten emanaldia izango da ‘Azken dantza’. 2011n igo ziren azkenengoz biak elkarrekin oholtzara, ondorengo etenaldia aurreikusi gabe. Horregatik, 40 urteko ibilbideari bukaera duina emateko xedez antolatu dute kontzertua.

Zaleei esker ona agertu diete astearte honetan Bilboko Kafe Antzokian egin duten agerraldian. Olaia Inziarte, Martxelo Otamendi, Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe, Mertxe Rodriguez eta Jon Maiaren parte hartzearekin egindako ikus-entzunezko pieza baten bidez iragarri dute kontzertua bera zein sarreren salmenta. Alde horretatik, nabarmentzekoa da NAIZeko harpidedunek sarrerak aurretiaz eta merkeago eskuratzeko aukera izango dutela. 

«Festa handi gisa» ikusten du kontzertua Pantxoa Carrerek. Azaldu du beti ibili izan direla sindikatu, laborari eta abarren alboan eta, nolabait, euskal kontzientzia eta bikotearen ibilbidea parez pare joan direla beti. Zalegoari esker ona agertzeko ez ezik, adierazi du BECekoa «mundu honetatik joan direnengan» pentsatuz kantatzeko parada ere izango dela, Manex Pagola eta Telesforo Monzon kideak, kasu.

Eskertza kantuari berari egin nahi dio Peio Ospitalek. Izan ere, «urtez urte eta kantuz kantu josten joan gara maitasun istorioa», azaldu duenez. Halaber, uste du aukera ona izango dela «herriak gure bikoteari atxikimendua erakusteko». Gainera, 20 urteren bueltan dituzten bere bost bilobek Pantxoarekin batera horrelako kontzertu batean ikusteko izango duten abagune bakarra ere izango da, eta bereziki hunkitzen du horrek.

Lau hamarkada oholtza gainean

1960ko hamarraldiaren bukaeran hasi ziren elkarrekin kantuan Pantxoa Carrere eta Peio Ospital eta orduko testuingurua azaltzen du prentsaurrean aurkeztu duten bideoak. Izan ere, orduan euskaraz kantatzea borroka egiteko modu bat zen eta haien kantagintzak bozgorailu lana bete zuen, hein handi batean.

Hainbat idazle eta bertsolariren hitzak musikatu eta ereserki bilakatu dituzte, hala nola, aurkezpenean kantatu duten ‘Urtxintxak’, Manex Pagolaren letrari doinua jarrita sortutakoa.

Bikote lapurtarrak 1969an argitaratu zituen lehen kantak eta 2009an berrienak. Tartean, milaka kantaldi eta 18 argitalpen utzi dizkigute. ‘Azken dantza’-rekin agurtuko dute zalegoa.