Zuzenean

Naiz

40 Minutu Rock eta Aske jaialdiek bonu eskaintza berezia egin dute

40 Minutu Rock eta Aske jaialdiek iragarri dutenez, bonu eskaintza berezia eskainiko dute denbora mugatuz; zehazki, abenduaren 17tik 21era bi musika jaialdi herrikoietara joateko sarrera bateratua prezio berezian eskuratzeko aukera izango da.

Iazko 40 Minutu Rockeko irudia.
Iazko 40 Minutu Rockeko irudia. (Oskar MATXIN | FOKU)

Abenduaren 17tik 21era gure arteko bi musika jaialdi herrikoietara joateko sarrera
bateratua prezio berezian eskuratzeko aukera izango da, asteartean aditzera eman denez. 40 Minutu Rock eta Aske jaialdietarako sarrera bikoitza 55 euroren truke egongo da salgai askejaialdia.eus/sarrerak atalean, abenduaren 17an goizeko 8.00etatik abenduaren 21 gaueko 22.00ak bitartean.

Une berezian egin dute eskaintza, gainera, jaialdi biek, hamargarren urteurrena ospatuko baitu Durangoko Landako Gunean 40 Minutu Rockek, eta lehen edizioa du ASKEk.

«Ibilbide desberdina baina oinarri bera duten bi jaialdi gara –argitu dute–. Auzolana dugu tresna, herrigintzaren parte gara, elkartasuna dugu oinarri eta balio eraldatzaileak praktikara eramaten ditugu gure jardunean. 40 minutu Rockek euskal errepresaliatu politikoen zama arintzeko helburua du. Elkartasuna musika doinuz harilkatu nahi du. ASKE jaialdiak gatazkaren errora joan nahi du: preso zirenak preso egotearen arrazoiaren muinera: Euskal Herriaren eta euskal jendartearen askatasuna aldarrikatu nahi du oholtzetatik».

Bi jaialdi hauetara joatea «parranda batera edo kontzertu batzuk ikustera joatea baino askoz gehiago da», argitu dute. «Elkartasuna eta aldarrikapen politikoak oinarrian dituzten herri ekimenak babestea da. Auzolana bizirik mantentzea da. Euskal Herria eraiki eta harilkatzen jarraitzea da. Egun musika eszenak bizi duen merkantilizazio indartsuaren aurrean, tokiko eszena autogestionatuarekin batera, herri jaialdiek gure ekarpena egiten dugula sinetsita gaude. Eta horregatik, gure arteko elkarlana handitzeko lanean ari gara azken urteotan. Lehiakortasunetik harago, elkar zaindu eta indartuz».