Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Ane Barrenetxea
Sua taldeko abeslaria

«Heldutasunak eta esperientziak ematen dizunetik sortutako diskoa da»

Besapean estudioko hirugarren diskoa dakarrela sartu da NAIZ Irratiko estudioetara Ane Barrenetxea, Sua taldeko abeslaria. ‘Bide ilunek argitzen zuten dena’ (Balaunka, 2025) izan du hizpide, baina baita euskal eszena eta etorkizunera begira dituzten asmoak ere. 

Sua taldeko kideak.
Sua taldeko kideak. (Iker GOZATEGI)

‘Sutea’ izan zen lehen singlea, genozidioari egindako kantua.

Momentu horretan guk musika erabili genuen ahotsa altxatzeko, musikaren balioa hori baita, aldarrikapena eta ikustea zelan konziente garen gertatzen ari denaz, eta kritika egitea.

Singlea kaleratu zenutenean, disko oso zenuten grabatua?

Ez, guztia ez.

Introko ahotsak eta gitarra paneatuak entzuten ditugu, aldaketak... hor badaude ekoizpen jolas batzuk.

Jon Badiolarekin egon gara ekoizpen lanean eta beste ikuspuntu bat eman dio diskoari. Argi dago ekoizpen aldetik lan bat badagoela.

Badago esaldi bat hor: «nork nahiko luke autodestrukzioa hiltzen gaituztela denek badakite». 
Denok dakigu zer gertatzen ari den eta guk musika egiten dugu, salatu egiten dugu, baina benetan egiten dugu zer edo zer hori ekiditeko? Ba, ahal dugun neurrian, ze batzuetan ezin da.

Bigarren kantuan, ‘Etsaiek’,  itxaropen mezu bat helarazi nahi duzue, baina doinuetan iluntasun dezente dago.

Sua nahiko ilunak gara betidanik. Diskoen izenak kontuan hartuta (‘Ordu beltzak’, ‘Gorde genituen beldurrak’ eta ‘Bide ilunek argitzen zuten dena’), zirkulu baten modukoa da, azkenean zerratzen dena, eta esperantza hor dagoela demostratzen duena. Iluntasun fase guztietatik azkenean argitasuna ere heltzen da.

Zuentzat trilogia bat ixtea bezala izan da?

Izan daiteke, bizitza beti da zirkulu baten modukoa. 

Gitarrak badu 90etako soinu bat, aurreko kantuek baino gordinagoa eta zuzenagoa. Baita egitura nahiko sinplea ere. Mezuaren mesedetan hartutako erabakia izan da?

Begira: guri gertatzen zaiguna da edo abestiak oso sinple geratzen zaizkigula edo bat-batean konplikatu egiten garela eta sartzen garela beste bukle batean guztiz amaitzen ez dena, eta horretatik irten egin behar da. Geruzak eta geruzak sortzen ditugu. Egia da melodia aldetik sinple mantentzen garela. Baina kantu bat modu batera dator eta horrela hartzen dugu.

Etsaiak diozuenean, baduzue norbait buruan?

Ez. Gainera, etsaiak izan daitezke kanpokoak edo norberak dituen barne etsaiak.

«Oholtzara igotzean badakit ez nautela epaituko soilik musikalki, epaituko naute fisikoki, zelan janzten naizen, zelako jarrera dudan...»

Gustatzen zaizue dikotomietan jolasean ibiltzea.

Bai, asko [barreak].

90etako soinuak badaude. Burura etorri zaizkit The Cardigans, Dover, Sixpence None the Richer, Avril lavigne edota Jet eta baita Baboon Show bera ere.

Ados, nik horiek guztiak entzun baititut. Badu zentzu bat. Guk tankera horretako abestiak kontsumitu ditugu eta orduan nahi edo ez gure eraginetan ageri dira guk gure musika sortzerako orduan. Azkenean, zuri gustatzen zaizun hori da bilatzen duzuna. Kuriosoa da ze ‘Loratzen’ abestia, adibidez, nahiko alaia da, oso dibertigarria, eta lagunen batek esan digu, ‘baina hau ez da oso rockeroa, ezta?’. Alaiegia omen da guretzat. Baina iluntasunetik argitasunera, dena dantza bat da.

Nostalgia sortzen du kantu honek, bideaz hitz egiten digu, lore ederrenak ere arantzak izan ditzakeela. Zuentzat badu nostalgia ukiturik?

Abesti honekin nik asko konektatzen dut, nire bizitza pertsonalean bizi izan dudan momentu txar batekin. Ez nuen ikusten argitasunik, eta bukle negatibo horretan esperantza dagoela ikustea oso zaila da, baina gero konturatzen zara, letrak esaten duenaz: ‘ni nintzen nire salbatzaile bakarrra’. Ze hortik irtengo den bakarra zu zara eta behar duzuna da konfidantza eta denbora. Oso erraza da besteek zuri gertatzen zaizkizunak epaitzea eta aholkuak ematea, baina iritziak iritzi, hori zu ari zara bizitzen. Eta letrak hori dio.

Ez dakit honetan ados egongo zaren: hemen nabari zaizu, kantatzeko moduan ere, konfort egoeratik atera zarela.

Izan daiteke, beste erregistro mota bat delako. Baina gustura sentitzen naiz. Abestiak sortzerako orduan kantuak berak eramaten zaitu melodia zehatz bat egitera. Uste dut erregistro ezberdinak eduki ditzakedala, nahiz eta askotan ildo batetik joan, eta horrek aberastasuna ematen du.

(Iker GOZATEGI)

‘Santu eta hero’ kantuan, protagonista baxua da.

Nik, musika egiten hasi aurretik, baxu lineak ez nituen ezberdintzen, niretzat denak ziren gitarrak. Orain, ezin dut baxurik gabe egon. Niretzat asko biltzen duen instrumentua da eta kantuetan gehiago botatzen dut faltan baxua gitarra baino.

Amorrua duen kantua da, baina baterian badago halako handitasun bat, soinuz aldatua dago, kaxaren soinua moztu egiten da. Mimoz landutako xehetasun asko dago.

Bai. Abesti hau gainera oso iluna da, istorio bat kontatzen du eta niri pertsonalki asko gustatzen zait. Basquiat artistaren inguruan hitz egiten du: bitxia izan zen, ze etxean, letrak egiterako orduan, ikusi nituen aspaldi Frantzian erosi nituen tarot karta batzuk, artista ezberdinenak, eta hartu nituen eta agertu zitzaidan Basquiat. Nik ezagutzen nituen bere artelanak, baina oso bitxia iruditu zitzaidan ze gazte hil zen, 27 urterekin, eta bere gaineko kantua egitea bururatu zitzaidan, ez berataz zuzenean, baizik eta sortu istorio bat non bere artelanak agertzen diren. Irudikatzen ditut Bilboko kale batetik pertsona batzuk, lurrean koadro bat aurkitzen dute eta bertan agertzen da Basquiaten koroa. Hortik dator beste guztia, ze Basquiaten koroa famatu hori izan daiteke heroien koroa edo santuena. Uste dut berak ere horrekin jolasten zuela bere artelanetan, koroek duten esanahi horrekin. Interpretazioa, bakoitzarena.

‘Know It All’: ingelesezko kantuak ezin zuten huts egin.

Bai, abesti batzuk ingelesera eramaten naute. Saiatzen naiz euskaraz egiten, baina ez, batzuk ingelesa eskatzen didate.

Mezuari dagokionez, hasieratik diozu artea sortzea erresistentzia modu bat badela, baina eszenako matxismoari kritika argia eta lehiakortasunari zeharkako aipamena ere badaude.

Hasieran ‘Mr. Know It All’ izendatzea pentsatu nuen, hau da, pertsona bat beti kritikatzen dabilena era sotil batean, ‘esaten dizut hau baina ez hartu txarrera’. Ba, esaidazu, badakit eta esango didazunak ez duela kutsu positibo bat. Lehiakortasuna, orduan, egon daiteke bi aldeetatik, esaidazu baina nik itzuliko dizut.

«Musika egiten hasi aurretik, baxu lineak ez nituen ezberdintzen, niretzat denak ziren gitarrak. Orain, ezin dut baxurik gabe egon»

Oraindik ere, benetan hau pairatzen ari zarete?

Ba bai. Emakumeok ez dugu zertan kolpe bat jaso ikusteko hor indarkeria bat dagoela. Indarkeria modu askotara bizi daiteke, baita dosi txikietan ere, eta hori salatu egin behar da. Gauza txikietan ere indarkeria dago. Gu oholtza gainera igotzen garenean, nik badakit ez nautela epaituko soilik musikalki, epaituko naute fisikoki zelan nagoen, zelan janzten naizen, zelako jarrera dudan... baina mutil batek berdina edo exageratuagoa egiten badu ez du kritika bera edukiko. Oholtzara igotzen garen guztiak gara artistak, baina ez digute ematen balio bera. Errespetu bat, erreseinak eta idazten direnean.

Zuek rockean zaudete. Eszenan emakumeok asko hitz egiten duzue zuen artean, alderik ikusten duzue pop eszenan dabiltzanekin? Rocka matxistagoa da?

Tratuan, guk edo popera batek jaso ahal duena berdina izan daiteke, baina bai esango nuke adibidez guk egiten dugun musika aurkezten dugunean gizonezkoek esan izan dutela ‘ostras, neskak egiten ari dira rocka!’ edo ‘neskak izateko ez dira horren txarra’. Komentatu izan da. Eta nahikoa da.

Bestelako esperientziak ateratzen dituzue ahizpatasunetik. Elektrizitatea25en parte hartu zenuten adibidez, edota BECeko indar erakustaldian.

Esperientzia horiek oso aberasgarriak dira; sentitzen zara komunitate baten parte. Baina ekitaldi handietan emakume pilo bat elkartzen gara abesti baterako, ikusten da emakume asko daudela musika sortzen, eta gero nik dudan sentsazioa da beti berdinak entzuten direla. Beste batzuei ere ahotsa eman behar zaie.

Aurreko biran Japonia zapaldu zenuten. Bi diskorekin gauza horiek eginda, anbizio berririk sortzen da?

Beti ditugu ateak irekita datorren guztira, eta hurrengo urterako beste bira bat ateratzen bazaigu Alemaniatik, ba superpozik. Niri pertsonalki bai gustatuko litzaidakeela festi gehiagotan egotea, halako gauzak bizitzea, eta gure musika eremu ezberdinetara zabaltzea, ze Euskal Herriko eszena denok ezagutzen dugu, txoko eta areto ezberdinetan jo dugu, baina zabaldu badezakegu ba askoz hobeto.

‘Rollercoaster’ kantua single modura etorri zen. Cecilia Broström: Hau zenbat aldiz ikusi ote duzuen, eta orain zuen kantu batean egotea. Akordeetan nahiko bluseroa da segida, kantua sortu zenutenean pentsatu zenuten Ceciliarengan?

Ez. Abestia sortu genuen eta gero esan genuen oso Baboon Show zela. Kolaborazio bat egiteko ez zegoen hautagai hoberik. Eta hala izan da. Kontzertu askotxo eman genituen, Alemaniatik ere geratu zen zer edo zer, eta uste dut hor gertatu zela zerbait. Nik esango nuke haien eragina izan dugula.

Eta kantua maitasunean erortzen den norbaiti edo lagun liante bati dago eskainia? Ze biak ulertu daitezke.

Nik lagun liantearena esango nuke. Pertsonek nahikoa dugu gure buruarekin, ze askotan engainatu eta liatzen gaitu, eta ia pertsona bat baduzu ondoan ez dakiena zer nahi duen, zalantzaz betea, eta hori kontagiatzen badizu ba... tell me what you wanna do?