Zuzenean

NAIZ

Modus Operandiren ‘Agur’ kantu berriaren bideoklipa primizian NAIZen

Iñaki Ortiz de Villalba gasteiztarrak abian jarritako proiektuak lagin berri bat aurkeztu du taldeak ia hamar urte bete dituen honetan. Laugarren diskoa izango denean dabiltza buru-belarri lanean Modus Operandi taldekoak.

Modus Operandiren ‘Agur’ kantu berriaren bideoklipa primizian NAIZen

Loading player...

‘Agur’ deitu duten arren, taldeak ez du 2017an hasitako bidea eteteko asmorik. Taldeak kontatu duenaren arabera, «joan eta etorriz betetako bidaia bat da kantuan kontatzen dena. Galdutakoa bilatzera ihes egiten du kantuko pertsonaiak, baina galdu duen hori berreskuratzerakoan berriro esan behar dio agur, datozen gauza edo pertsona berriei ongi etorria emateko helburuz».

Egunerokotasunean bizi ditugun hainbat irudi sortu dituzte kantuarekin eta bideoklipak ere horren isla erakusten du, eta, erreferentzien artean, Kill Bill pelikulan Uma Thurmanek hilkutxako eszenan erakusten duen jarrera ere adierazi nahi izan dute. Bartzelonako kaleetan grabatu dute Carla Mestresek zuzendutako bideoklipa eta, irudietan, besteak beste, Unai Muguruza disko-jartzaile irundarra ere ikusi daiteke.

Musikari dagokionean, UB40 talde mitikoaren erreferentzia izan dute buruan eta reggae estilora salto egin nahi izan dute ohikoan ska eta rockaren bueltan ibili den taldekoek. 

«Agur joan zirenentzat, agur gurekin egon nahi ez dutenentzat edo gurekin egon ezin direnentzat. Zergati ugari egon daitezke, baina denborak bakarrik du erantzuna», dio abestiak. Beraz, taldea ez doa, laugarren diskoaren prestaketan dabiltza eta laster ikusiko du argia Modus Operandiren lanik berrienak.