Zuzenean

Jendez betetzen joan da pixkana-pixkana Arberatze-Zilhekoa herria. Zeruan laino batzuk ageri ziren arren, beroa eta eguzkia izan dira nagusi 30. Euskal Herria Zuzenean festibaleko hastapenean. Azken orduko lanak aurrera eramaten ari ziren boluntarioak arratsaldeko lehen orduetan, dena prest izateko Siwanaba DJaren emanaldia hasterako.
Kanpalekua ere dendaz betetzen joan da eta lagunen arteko agurrak eta besarkadak ere ikusi ahal izan ditugu. Hala, herriko plazan izan dira lehen bi emanaldiak, Palestinako bandera erraldoia gibelean zutela, Siwanaba musika ‘dekoloniala’ jarriz lehendabizi, doinu tribalak eta elektronika nahasten ziren jartzen zituen abestietan, baita salsa eta bestelako doinu karibearrak ere tarte zabalago batean. Pena ia guztia gazteleraz zela. Gainera, egiari zor, gutxi batzuk ausartu dira dantzara eta lehen lerroan egotera, izan ere, gehienek itzala bilatzen baitzuten berotik eta eguzkitik bebesteko.
Xistor of a Down taldekoak etorri dira atzetik plazara, metal doinuak pentzeko emanaldiak hasi aitzin. Izenak aurreikusten zuen zer izango zen eta segituan agertu diren taldekideak ‘Toxicity’ diskoaren aroko System of a Down taldekoen itxura zuten, NHLko kamiseta eta guzti. Beno, Serje Tankianen itxura fisikorik ez zuen abeslariak, baina bazuten haien estetika erropari dagokionean.
Aipatu diskoko ‘Needless’ izan da eskaini duten bigarren abestia, publikoan jendea pilatzen ari zen heinean. Metal zaleak lehen lerroetan zeudenak ezbairik gabe. «Urte asko pasa dugu laguntzaile bezala eta orain EHZren 30 urteak ospatzera goaz. Txalo bat laguntzaile guztientzat otoi», eskatu du taldeko abeslariak. Jarraian etorri den ‘ATWA’ abestia publikoak maite izan du argi eta garbi, asko eta asko abesten hasi baitira segituan. ‘Aerials’, ‘Psycho’eta ‘Chop Suey’ izan dira azkenekoen artean, jendearen gozamenerako.
Plazatik pentzera
Pentzera iritsi eta lehen sorpresa, bi oholtzetako bat zirku karparen barruan zegoen jarrita, eta bertan Xak, azken urtean Euskal Herrian kasik kultuzko talde bihurtu den proiektu horietako bat, Paxkal Irigoyen Ainhize-Monjoloseko musikaria buru duena.
Folka, popa eta rock progresiboa uztartzen dituen boskotea da. Polifoniak, dinamikak eta armonia bereziak dira haien ezaugarri nagusiak, Irigoyenen beraren ahots hauskorrarekin batera. Sei kantuz osatutako lan bat dute plazaratua Mukuru kolektiboarekin eta gaurkoan abesti berriak plazaratzeko ere baliatu dute jendez goraino bete den zirku karpatxoan. Hustu eta bete ibili den abestian, akordeoia ere txertatu dute, espazio huts hori dotore betez.
Jasoa da oholtza eta argiekin jolas asko egin daitezke bertan, ea jendez betetzean soinuak ere errespetatzen duen espazioa. Bezperatik etorritako artista batzuk ere ikusi ditugu pentzean Xak taldeari begira, izan musikari edo antzerkigile. Erritmo dantzagarriekin bukatu dute beren emanaldia, publikoak beste bat ere eskatu die eta, hori ere eskainita, bukatu dute. Irigoyenek berak mandolina bat ezohikoa den estiloan erabili du hor, chorusdun gitarra baten efektua lortuz, Itoizen munduko abesti batean. Ederra bukaera.
Gaua erortzear
Azken akorde kolpea eman orduko entzun da aldameneko oholtzatik Ixabe taldearen lehenengoa. Zazpikotea eguzkia ezkutatzen ari zen bitartean tenpo lasaiko abestiak eskainiz entzun zitekeen, Xabi Etxeberri biolin-jotzaileak taldearekin izan duen estreinako emanaldian. Publikoari gerturatzeko eskaera egin dio Xabi Bizkai taldeko abeslari eta gitarra-jotzaileak, eta bertaratuek aurrera egin dute zertxobait bada ere.
‘Antena baita’ beren azken laneko abestiak eskainiz ekin diote batez ere emanaldiari, ‘Txinparta’ izan delarik haietan hirugarrena. Elementu guztiak bikain entzuten ziren, neurria ondo hartuta zuen Iñigo Irazokik teknikan. ‘Etzidamu’ kantu argitsuagoarekin segi dute aurrera; «oihaneko xenderetan elkartuko gira gu han hain segur etzi, bihar ta egun etzidamu», dio kantuak, eta, zergatik ez, EHZn elkartuko diren bi lagunen arteko mezua dirudi. Ia bukaeran diskoa zabaltzen duen ‘Intzura’ kantua jo dute, bertaratuei eskerrak eman ondoren eta agurtzeko tenorea iritsi da segidan.
Rumba, funk eta antzerako doinuetan ibili gara Ketekalles talde katalanarekin hurrengo minutuetan. Aldarrikapenak eta festa giroa ezbairik gane. Karpan denak zoratzen, oihuka eta dantza betean izan dira emanaldiak iraun duen denboran.
Niko Etxarten txanda
Tarte horretan gauak harrapatu gaitu eta 23:00etan ttanko Niko Etxart oholtzara bakarrik igo da, gitarra soinean duela, eta Zuberoako abesti tradizionalak abestuz hasi da eta Xabi Etxeberri biolin-jotzailea sartu den arte oholtzara, bere eguneko bigarren emanaldia eskaintzera.
Taldea osorik taularatu den unean blues bat eskaini dute, ‘Itxaro, Joseba’ kantua. Instrumental batekin segi dute hurrengo minutuetan, jam sesio bat bailitzan eta hor aipamen berezia egin nahiko genioke ahoko-soinuaren soloei, a zer nolako izaera eta indarra.
«Euskal Herrian euskaraz» aldarrikatuz kantuan ibili ostean, beste blues bate eskaini dute Niko Etxart eta Hapa Hapa taldekoek. Giroa bero baina publikoa hotz samar. Hori bai, guztiak ere adi-adi entzuten eta ikusten.
Dantzarako unea etorri da ‘Baga biga, klik!’ kantuarekin, behin Laboaren ‘Baga-biga’ denen artean abestu ostean. Korrikako hamabosgarren edizioko kanta eskaini dute gero. Iruñean bukatu zen hartan euskararen alde Arantzan hasitako lasterketa eta euria izan zen protagonista Takonera parkean Niko Etxartek berak eskainitako emanaldian. Gaur tantaren batzuk eskertuko genituzke Arberatze-Zilhekoan ere, freskatze aldera.
Berriz ere elkar hartu eta abesteko ‘Eperrak’ kantu sentikorrarekin, pentzea kantari jarri eta ipurdiak astintzeko eskatuz bukatu dute emanaldia Niko Etxart eta Hapa Hapak ‘Euskal rock&roll’ kantuarekin. Gauak luzatuko zenaren itxura ere hartu du, tenperaturak horretarako aukera ematen zuelako. Baina gu erretiratu egin gara, bihar ere izango delako zertaz gozatua Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren 30. edizioan.

Los tiempos están cambiando, mucho

‘Xalbador, Urepeleko Artzaina’ estreinatuko du izen handiz betetako Getxo Folk jaialdiak

30. urtemuga ospatzeko, Errobiko Festibalak Itsasu kulturaz bustiko du

La macrocita donostiarra celebra los cien años de dos cimas creativas





