MUSIKA

Ravel protagonista, Euskadiko Orkestra eta OBCren arteko trukean

Euskadiko Orkestrak eta Orquestra Simfonica de Barcelona i Nacional de Catalunyak (OBC) elkartrukea egingo dute berriro 23 urteren ostean eta modu sinbolikoan egingo dute gainera, Ravelen obra Pirinioen bi aldeetara eramanez. 

Trukean parte hartuko duten bi orkestren irudia. (EUSKADIKO ORKESTRA)

Euskadiko Orkestrak eta Orquestra Simfonica de Barcelona i Nacional de Catalunyak (OBC) elkartrukea egingo dute datorren astean, azken 23 urteetan lehen aldiz. Trukatze berri hau sinbolismoz betea egongo da gainera, Maurice Ravel musikari ziburuarraren musika eramango baitute Pirinioen bi aldeetara. Izan ere, Euskadiko Orkestrak Ziburuko konpositorearen ‘Alborada del gracioso’-rekin hasiko du trukaketa eta OBCk bere kontzertu-programa itxiko du Ravelen ‘Bolero’ ospetsuarekin.

Elkartrukea Euskadiko Orkestrak abiatuko du azaroaren 24an, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan. Hurrengo egunean Iruñeko Baluartetik pasa ostean, 28tik 30era bitartean Bartzelonako L’Auditorin izango da. Antonio Mendezekek zuzenduko du Euskadiko Orkestra kontzertu-programa honetan eta, Euskadiko Orkestratik zehaztu dutenez, «korronte estetikoen kontraste iradokitzailea» sortuko duen euskal programa eskainiko du.

Alde batetik, Maurice Ravelen «hedonismo soinuduna» izango da entzungai. «Haren ‘Alborada del gracioso lana Andaluziako ukituz beteta dago, orkestrako paleta finarekin», nabarmendu dute.  Bestalde, gainera, Pablo Sorozabalen lanaren inspirazio-iturri izan zen tradizio alemaniarra (Leipzigen eta Berlinen jaso zuen prestakuntza) ere batu dute programara. «1929an idatzitako ‘7 Lieder’ lanak Europaren erdialdeko arkitektura harmonikoa eta kontrapuntistikoa euskal folklore eta hizkuntzarekin bateratzen dira», zehaztu dute. Fusio hori eskaintzeko interpretatzailea Sofia Esparza soprano nafarra izango da.

Amaitzeko, programa Gustav Mahlerren sorkuntza-lan tragikoenetako batek osatuko du: ‘5. Sinfonia’-k. Sinfonia hilzorian utzi zuen hemorragia baten ostean idatzi zuen. Osatzen ari zela, esnatzeari buruzko sinfonia hau idatzi zuen. Hasiera tronpetarekin jotako solo aztoragarri batek ematen dio.

OBCk ‘Mompou/Ravel’ ekarriko ditu

Berea aldetik, Orquestra Simfonica de Barcelona i Nacional de Catalunyak hirugarrenez hartuko du parte Euskadiko Orkestraren denboraldian, 1999an eta 2002an ere izan baitziren. Orain bere zuzendari titularrarekin aurkeztuko da, Ludovic Morlot frantsesarekin, eta Nuria Rial soprano kataluniarrarekin batera.

Programak barne hartuko ditu Debussyren ‘Prélude à l’Après-midi d’un faune’ eta Ravelen ‘Bolero’ lan enblematikoak –OBC ziburutarraren obra guztien sorta ari da grabatzen 6 diskotan–, baita Parisen bizitako egile kataluniarren musika ere, Mompou (‘Cinc cançons populars catalanes’) eta Albenizena (‘The Magic Opal, suite’). Gerharden (‘Els ballaires dins un sac’) eta Miquel Oliu bartzelonarrak estreinatu berri duen bere azken ‘Plujar’ sorkuntzaren interpretazioarekin osatuko da programa.

OBCk programa hori izango du azaroaren 26an Bilboko Euskaldunan, eta 27 eta 28an Donostiako Kursaalen eskainiko dituen kontzertuetan. Saio hauetarako sarrerak salgai daude dagoeneko, euskadikoorkestra.eus eta auditori.cat-en, baita areto bakoitzaren leihatilan ere.