Euskal musikaren sektoreak kezkaz begiratzen dio makrokontzertuen gorakadari
Euskal musikarentzat 2025a arrakasta eta jarduera sortzaile handiko urtea izan da, baina sektoreak kezkaz begiratzen dio makrokontzertu zein ekoizpen handi eta proiektu txiki eta ertainen arteko polarizazioari; azken horiek dira, Musika Bulegoak gogora ekarri duen bezala, musika-ehunaren oinarria.
Musika Bulegoa elkarteak 2025eko euskal musika sektorearen balantzea aurkeztu du, Euskal Herriko elkarte, industria, areto, musikagile eta musikarien ekarpenetan oinarritutako urteroko balorazio alegia, eta baita 2026ari begira irekitzen diren erronken irakurketa ere.
Ondorio nagusi modura, 2025a euskarazko musikarentzat urte emankorra izan bada ere makrokontzertuen gorakadak sektorean kezka eragiten duela adierazi dute Musika Bulegotik. Musika Industriaren Elkarteko (MIE) lehendakari Amaia Ispizuaren iritziz, esaterako, «urte historikoa» izan da iragan berri dena, euskarazko proiektuek inoiz ez bezala estadio handiak betetzeko gaitasuna erakutsi dutelako, baina horren albo-ondorioetan ere jarri du begia: musika-ehuna sostengatzen duten milaka talde eta artista txiki eta ertainena, horientzat musikatik bizitzea oraindik ere erronka handia baita. Hala, sarrera salmentetan errekorrak eta kontsumo digitalean hazkundea nabaria izan bada ere, hau «ez da modu ekitatiboan banatzen, eta proiektu handietan pilatzen da».
2025a urte emankorra izan da baita ere Elkar diskoetxeko Andres Camiorentzat: salmenta digitala mantendu egin da eta formatu fisikoan ere emaitzak onak izan dira, batez ere Durangoko Azokan. Bidean Produkzioak-eko Julen Caminosentzat ere urtea «oso aktiboa» izan dela esa du, baina baita «kezka handiz bizitakoa» ere, publiko handiak ekitaldi handietan kontzentratzeko joera erakutsi baitu, proiektu txiki eta ertainen bideragarritasuna zailduz. Edukiera txiki zein ertaineko espazioak pixkanaka desagertzeak egoera bereziki zaila sortzen dute hasi berri diren taldeentzat.
Gauza bera uste du Sara Azurza musikariak ere. Euskal musikaren industria hedatzen eta dibertsifikatzen ari den heinean, polarizazio bat sortzen dela eta makrokontzertuen protagonismo gero eta handiagoa formatu txiki eta ertainen kaletarako dela iritzi du, horientzat «ez baitago behar beste baliabide, espazio eta zirkuitu egonkorrik». Testuinguru horretan, azpimarratu du beharrezkoa dela sektoreak ordezkaritza handiagoa izatea eta musikarien errealitateen aniztasuna kontuan hartuko duten politikak ezartzea, bai eta emakumeen presentzia, ikusgarritasuna eta parte-hartzea indartzea ere. Zentzu horretan, emakumeek gidatutako proiektu berriak sortzen ari direla jarri du balioan Ispizuak ere, «nahiz eta benetako berdintasuna oraindik lortzeko dagoen».
Egiturazko erronkak eta prekarietatea
Musikagileak elkartetik, Helga Ariasek balioan jarri du sorkuntza-guneek eta kultura-eragileek lanerako gaitasun handia, proposamen aniztasuna eta berrikuntzarako borondate argia erakutsi dutela, baina «egiturazko erronka garrantzitsuak» daudela uste du. Besteak beste, publikoak handitu eta dibertsifikatzeko beharra, proposamen artistiko konplexuek dakarte ekoizpen kostuen igoera eta anbizio artistikoaren eta bideragarritasun ekonomikoaren arteko tentsioa aipatu ditu. Sarean lan egiteko beharra nabarmendu du, Musikari elkarteko Sara Azurza eta Marina Landak bezalaxe: «ezinbestekotzat» jotzen dute Euskal Herriko musikarien arteko kidetasun sentimendua eta babes kolektiboa indartzea.
Ikuspegi zabalago batetik, Musikaritik adierazi dute musikarien lan-ezegonkortasunak sektorearen errealitate bat islatzen duela eta babes espezifiko handiagoa eskatu dute egoera ahulenetan daudenentzat. Ildo beretik, Ana Arsuagak (Verde Prato) ziurtatu du sektorea oraindik urrun dagoela «bizitza profesional duin bat» bermatzeko baldintza ekonomikoak eskaintzetik. Bere ustez, musikariak dira oraindik ere «katebegi ahulena», industria osoa haien sormen-lanean oinarritzen bada ere.
Ondorio nagusi modura, Musika Bulegoak nabarmendu du «sormen handia, aktiboa eta arrakastak» hor badaude ere, «desoreka handiak» daudela sektorean eta, beraz, 2026ko erronken artean leudekeela oinarri-ehuna indartzea, aretoen zein formatu txiki eta ertaineko zirkuituen biziraupena bermatzea, musikarien lan-baldintzak hobetzea, finantzaketa eredu egonkorragoetara bidea egitea eta hazkunde artistikoan lagunduko duten kultura-politikak garatzea, epe luzerako egitura iraunkorra dutenak.