En direct

Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Etzakit taldeak kontzertua eskainiko du Oialumen 2026ko urtarrilaren 5ean

Etzakit taldeak berri pozgarria dakar zaleentzat. 23 urteren ostean kontzertua eskaniko dute euren ibilbidean hain esanguratsua den txokoan, Oialumen. 2026ko urtarrilaren 5ean da hitzordua.

Etzakit taldeko lau kideak.
Etzakit taldeko lau kideak. (UTS)

Etzakit taldea eszenara igoko da 2026ko urtarrilaren 5ean. Hala iragarri dute ostiral honetan. Berri pozgarria da zaleentzat. Kontzertua euren ibilbidean hain berezia den txokoan izango da, Oilumen.

«1995eko urtarrilaren 5 hartan eman genuen lehenengo kontzertua Oialume dantzalekuan eta zortzi urteren ondoren 2003ko urtarrilaren 4an berriz gure azken kontzertua leku berean. Zortzi urteko ibilbidean Euskal Herriko ehundaka herri ezagutu, maketa bat atera, 850 kontzertu inguru eman eta 1998an kaleratu genuen lehen diskoa, ‘Etzakit’, eta urtebete geroago, berriz, ‘Goiz edo noiz?’, non ‘Zergatik ez’ kantua nabarmentzen den. Kantu horrek Gaztea Saria irabazi duen 1999an, eta ordutik belaunaldi baten soinu-banda bihurtu da», gogoratu dute taldeko kideek.

«Azken 23 urte hauetan Etzakiteko taldekideok beste hainbat proiektutan buru-belarri aritu gara, eta orain jai giroko kontzertu bat emateko une aproposa dela iruditu zaigu, guretzako hain seinalatua den datan eta hain berezia den lekuan», gaineratu dute.

Oholtza gainean arituko dira Xabi Solano (soinu txikia eta ahotsa), Jon Mari Beasain (panderoa), Aitor Zabaleta (baxua), Ander Barrenetxea (bateria) «betiko indar eta sinadura propioa izango duen kontzertuan».

Trikitixa eta pop erritmoak

Trikitixa eta pop doinuak eskutik hartuta igo ziren agertokira Etzakit taldeko lau kideak Hernanin. Herriz herri erromeriatan eman zituzten lehen pausuak eta ondoren grabatu zuten lehen diskoa. Hurrengo bat ere etorri zen gero. ‘Zergatik ez’ –Los Tigres del Norte taldearekin– eta ‘Gurekin’ bezalako kantuak gogoan dituzte zaleek.

Xabier Solanok eta Jon Mari Beasainek aspalditik ezagutzen zuten elkar, bikote bezala hainbat erromeria eta lehiaketatan hartu baitzuten parte 90eko hamarkadaren hasieran. Txapelak ere eskuratu zituzten, izan ere Euskal Herriko Txapelketan garaile suertatu ziren hiru aldiz. Gero taldeko beste bi kideak gehitu zitzaizkien, Ander Barrenetxea eta Aitor Zabaleta.

Makina bat kontzertu eskaini zituzten han hemen. Euskal Herriko mugak gainditu eta AEBtan ere jo zuten 1997an. Tritikixa eta pop musika arrakastaz uztartzen zen garaiak ziren, beste hainbat taldek erabili zuen formula hau.

Bi diskoetan Jon Garmendia ‘Txuria’-k sinatu zituen letrak. Kaki Arkarazok egin zituen berriz ere ekoizpen lanak. Bigarren diskoan Ramon Zubizarreta Landakanda pandero joleak eta Amparo Sanchezek (Amparanoia) ere parte hartu zuten. Aipagarria da ‘Egin’ egunkaria eta irratia itxi ostean sortutako kantua.

2003an taldearen bukaera etorri zen. «Une batean Etzakiten bidea agortu egin zela sentitu genuen eta bukatzeko garaia zela erabaki genuen. Akaso oso gazte hasi izanak ere izan zuen eragina erabaki horretan», esan zuen orduko hartan Solanok.