En direct

NAIZ

Izarok ‘sormen tailer’ handi bihurtuko du Ficoba ‘Arkitektura’ diskoaren bira hasieran

Hasi da datorren urtean Izarok inoiz egin duen aurkezpen berezienetakoaren atzera kontaketa. Data finkatuta dago: 2027ko urtarrilaren 23an. Baita tokia ere: Ficobako hiru pabiloi. Ez da ohiko aurkezpena izango eta 2027an zehar Europako 8 herrialdetan zehar egingo duen biraren hasiera izango da.

Izaro, Ficobako eraikinaren barnean.
Izaro, Ficobako eraikinaren barnean. (GIN MUSICA)

Haurdunaldia iragarri ondoren, beste ‘ume’ bat prestatzen ari da Izaro. Irungo Ficoba azoka-esparruko hiru pabiloiak hartuko ditu ‘Arkitektura’ disko berriaren lehen kontzertuak, baina 2027ko urtarrilaren 23rako prestatzen ari dena kontzertu bat baino gehiago omen da: publikoarekin batera, ondoren Europan barrena ibiliko den zuzenekoaren arkitektura eraikitzeko tokia izango da.

«Proposamenak formatu tradizionala hausten du –argitu du artistaren taldeak–. Ekitaldian zehar joskintza, arkitektura eta arte tailerrak egingo dira, eta publikoaren zati batek artistarekin eta bere lantaldearekin batera lan egingo du biran erabiliko diren eszenografiako eta jantzietako elementu errealak sortzen. Nondik jaio zen ideia? Kolektibora eta komunitatera itzultzeko beharretik», aurreratu dute.

Gainera, erakusketak, hitzaldiak eta ‘Arkitektura’-ren sormen prozesuaren ibilbidea erakusgai izango da, Ficoba laborategi artistiko ireki bihurtuz. Behin prozesu kolektibo hori amaituta, Izarok bere abesti berriak zuzenean estreinatuko ditu.

Irungo kontzertua biraren hasiera izango da eta 2027an zehar ‘Arkitektura’ Europako zortzi herrialdetan zehar eramango du. Baina nazioarteko ibilbide horren aurretik, Izarok, bere komunitatearekin batera, aro berri hau lagunduko duen unibertso eszenikoa eraiki nahi izan du.

Sarrerak eskuragarri daude www.izaromusic.com eta www.enterticket.com webguneetan, eta kontzerturako bakarrik zein tailerretarako sarbideekin eros daitezke.

‘Arkitektura’, urte honen amaieran kaleratuko den disko berria, gizartea igarotzen ari den uneari eta Lurrarekin duten harremanari buruzko hausnarketa sakon eta kontenplatibo batetik jaio da. Jatorrira itzultzea proposatzen du, funtsezkoenetik bizikidetza duinagoa eta harmonikoagoa berreraikitzeko.