En direct

Lehen edizioko arrakastaren sokak ekarri du ‘Logelan logale’ haur kantataren bigarren edizioa. Donostiako Kursaaleko oholtza nagusiak ehunka haur batu ditu astearte goiz honetan Euskadiko Orkestrarekin batera lehen saioa eskaintzeko, eta apirilaren 23an leku berean eta 24an Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan ere eskainiko dituzte emanaldiak. Horrez gainera, ekimena hedatu eta Bilbora ere iritsiko da aurten, Bilbao Orkestra Sinfonikoak haur kantataren lekukoa hartu eta apirilak 28 eta 29an beste bi saio eskainiko baititu Euskaldunan. Guztira hiru mila ikasletik gora, euskal orkestrekin kantuan.
Euskadiko Orkestratik jakinarazi zutenez, ikastetxe parte-hartzaileetako irakasle eta ikasleen testigantzak jaso ditu eta horiek «argi uzten dute ekimen honen eragin positiboa, parte hartzen dutenen bizitzak eta dinamikak aldatzeraino».
Euskara hutsezko haur kantata bat «gertaera historikoa» dela ere nabarmendu nahi izan dute. «1998 urtera arte atzera egin behar da, seguraski, antzeko zerbait gertatu zen azken aldiarekin topo egiteko (Tomas Araguesek konposatutako ‘Jimmy Potxolo’ haur kantata, Bernardo Atxagaren letrarekin). Horrela bizi izan zen duela urtebete ‘Logelan logaleren’ estreinaldia, lurraldeko musika-gertakari handi bat bezala, parte-hartzaileek urte askotan gogoratuko dutena», iritzi dute.
Lehen edizio haren arrakastatik etorri da bigarrena, antzezpen kopuruan gora egingo duena eta lehen aldiz Bizkaiko hiriburura ere iritsiko dena, Bilbao Orkestra Sinfonikoak hartu baitu bertan lekukoa.
«Kantata bat sortzea musika-ekitaldi garrantzitsua da, eragile asko biltzen dituena eta giza mobilizazio handia eskatzen duena», azaldu dute Euskadiko Orkestratik. ‘Logelan logale’-k Jagoba Astiazaranen jatorrizko musika eta Maria Goiricelayak diseinatutako proposamen eszeniko bat du. Juanjo Oconek zuzenduko du orkestra eta Kepa Errasti abeslari eta aktorea izango da protagonista ipuinaren narratiban. Euskadiko Orkestrak lagunduko dio eszenatokian, baita haur abesbatza handiak ere eszenatokian zein besaulki-patioan.
Guztira 1.400 haurrez osatutako abesbatza handi bat izango da. Abesbatzak, alde batetik, lau abesbatza pilotu izango ditu (Easo Eskolania, Andoaingo Udal Musika Eskolako Abesbatza, Hernaniko Udal Musika Eskolako Abesbatza eta Zegamako Orkatz Txiki Abesbatza) eta, bestetik, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 22 ikastetxetako ikasle-taldeak. Bilbao Orkestra Sinfonikoak hartuko du Bilboko kontzertuen lekukoa, eta han Bizkaiko ikastetxeetako beste 1.700 haurrek parte hartuko dute.
Orkestratik zehaztu zutenez, parte hartu duten ikastetxeetako proiektuan inplikatutako irakasleak hainbat prestakuntza-saiotara joan dira, eta errepertorioa, zuzendaritza, ahotsa, didaktika, logistika eta alderdi eszenikoa landu dituzte. «Material horietatik abiatuta, irakasleek ikasturte osoan lan egin dute eskolan kontzertuaren egunera arte, ahalik eta ondoen prestatuta iristeko», esan dute.


