En direct

NAIZ

Celtas Cortos, Dulce Pontes eta ETS, Getxo Folken 42. edizioan

Getxo Folken 42. edizioan parte hartuko duten lehen izanak iragartzen hasia da Getxoko Udala eta, ostegun honetan jakinarazi dutenez, Dulce Pontes, Celtas Cortos eta ETS taldeak igoko dira oholtzara, besteren artean. ‘Xalbador, Urepeleko artzaina’ emanaldia ere eskainiko dute. 

Dulce Pontes musikari portugaldarrak parte hartuko du Getxo Folken.
Dulce Pontes musikari portugaldarrak parte hartuko du Getxo Folken. (GETXO KULTURA)

Getxo Folk jaialdiaren 42. edizioa hartuko du herri bizkaitarrak irailaren 9tik 13ra eta dagoeneko hasia da lehen izenak iragartzen. Ostegun honetan jakinarazi dutenez, ETS banda arabarra, Celtas Cortos taldea eta Dulce Pontes artista portugaldarra arituko dira aurten. Gainera, azken edizioetan egin den bezala, euskal kultura ardatz duen proiektu batek borobilduko du programa: oraingo honetan, Xalbador bertsolari handiaren omenezko kontzertuak itxiko du Getxo Folk.

Jaialdia hiru eszenatokitan egingo da, estalpean zein aire zabaleko espazioetan. Muxikebarrik ordainezko kontzertuak hartuko ditu 20.00etan, eta doako eskaintza Areetako Geltokia plazaren inguruan (13.00etan eta 18.00etan) eta Ereagako hondartzako aparkalekuan (22.00etan) izango da. Horrez gainera, herriko kaleetan gaita banda bat ibiliko da.

Ereagako aparkalekuan edizioko hitzordu nabarmenetako bi izango dira. Irailaren 11n, ostiralean, Celtas Cortos taldea arituko da, folk rockaren erreferentziazko banda, bere urteurren biraren baitan. Hurrengo egunean, hilaren 12an, larunbatean, ETS talde arabarraren txanda izango da. Iñigo Etxezarreta buru duen bandak bederatzi disko argitaratu ditu, plazak zein entzunaretoak betez, eta Luz Casal, Buhos, Josu Zabala, Alaitz eta Maider, Leire Martinez, Süne, Alfred, Eñaut Elorrieta, Green Valley, Dupla eta Maren artista eta taldeekin elkarlanean aritu da, besteak beste.

Muxikebarriri dagokionez, bi kontzertu hitzartu dira momentuz. Irailaren 12an Dulce Pontes fado abeslaria ariko da. Artista portugaldarra Getxora itzuliko da bere musika hurbiltzeko, 2021ean arrakasta handiz egin zuen bezala. Orduko hartan, pandemiaren ondorioz ezarritako neurriek mugatu zuten kontzertua, aurreko urtean Celtas Cortos taldearekin agertoki berean gertatu zen bezala. Oraingo honetan, ordea, Getxo Kulturak «bi emanaldiez mugarik gabe gozatzeko aukera eskainiko dio publikoari», ziurtatu dute.

Xalbadorri omenaldia

Ordainpeko kontzertuen beste emanaldi nagusietako bat azken egunean izango da, irailaren 13an. ‘Xalbador, Urepeleko artzaina’ izenburupean, Euskal Herri osoko zenbait artista bilduko dira Fernando Aire Etxart ‘Xalbador’ bertsolaritzaren figura omentzeko, haren heriotzaren 50. urteurrenean. Joxan Goikoetxea ekoizle, konpositore eta musikariaren zuzendaritzapean, ikuskizunak bertsolari handia ekarriko du gogora. Izan ere, haren ondarea beste esparru batzuetatik haratago doa, ‘Xalbadorren heriotzean’ abestiarekin gertatu zen bezala. Xabier Leteren omenez konposatutako abestia da, eta Erramun Martikorena, Benito Lertxundi, Anne Etxegoien eta, berriki, Rozalen bezalako artistek ere ezagun egin dute.

Azkenik, Areetako Geltoki plazan kontzertuak egingo dira goizez eta arratsaldez, Euskal Herriko zein nazioarteko taldeen eskutik. «Horietan, musika tradizionala eta genero, joera eta estiloak uztartuko dira, familiak eta Muxikebarrira edo gaueko kontzertuetara joaterik ez dutenek ere musikaz gozatzeko aukera izan dezaten», egin dute proposamena.