En direct
«Nire semeak balira bezala maite ditut Pantxoa eta Peio»
Iparraldeko kantaerarekin «maiteminduta» zegoen Joxe Mari Iriondo, eta berdin jarraitzen du gaur egun ere. Haren eskutik jo zuten lehen aldiz Pantxoak eta Peiok mugaz bestalde, 1971n, Bergaran. Irailean bertan joko dute berriz ere, baina aurretik, igande honetan, Iruñeko Baluarten dute hitzordua.
«Nire semeak balira bezala maite ditut Pantxoa eta Peio»

Pantxoa eta Peio lapurtarrek pasa den maiatzaren 9an ekin zioten ‘Azken bira’-ri. ‘Azken dantza’ lelopean 2027ko urtarrilaren 9an eta 10ean Bizkaia Arenan kantaldi handi bana eman aurretik, haien ibilbidean garrantzitsuak izan diren hainbat plaza eta herri azkenekoz bisitatuko dituzte. Antolatzaileen esanetan, kantarien «ibilbidean arrastoa utzi duten lekuetara itzultzeko modua» da bira. Oroimen ariketa bat ere izango da: «Antolatzaileak, zaleak, bizipenak eta euskarazko kantagintzaren transmisioa ekarri nahi ditu gogora».
‘Azken bira’-ren lehen hitzordua pasa den maiatzaren 9an Santutxun egin zuen bikoteak. 1976ko maiatzaren 8ko zorra kitatu zuten lapurtarrek; modu ederrean gainera, Berri-Otxoa ikastetxean bildutako ehunka lagunek duela 50 urte ikurrina bat haizatzeagatik poliziak bertan behera utzitako kontzertuaz gozatzeko aukera izan baitzuten. Igande honetan Iruñeko Baluarten izango dira Pantxoa eta Peio. Iruñean lehen aldiz 1977an abestu zuten, otsailaren 5ean. Memoria tranpatia da batzuetan, eta azpimarratzekoa da hau omen dela Iruñean dokumentatua duten lehen emanaldia. Egun hartan Benito Lertxundi eta Ortzadar taldeko abeslariekin egon ziren. Eta noski, atzetik beste hamaika emanaldi etorri ziren 1977 hartan: Luzaide, Irunberri, Erratzu, Lekunberri… Baita apur bat lausoago gorde diren bestelako une eta oroitzapenak ere: Iruñeko Zezen Plazan aritu zirenekoa, adibidez, edota uztailaren 14an ‘Gaixoa ni’-aren ostean goizeko ordu txikietan Larraina klubean kantuan aritu zirenekoa.
Datorren irailaren 5ean Lesakan eskainiko dute birako hirugarren kontzertua. Bertan jazotakoak ongi asko gogoratzen dituzte Peiok eta Pantxoak, Guardia Zibilak atxilotu baitzituen eta biharamunera arte izan baitziren kuartelean erretenituak. Irailaren 16an Bergaran antolatu dute laugarren emanaldia, 1971. urtean bertan jo baitzuten lehen aldiz Hego Euskal Herrian. BEC aurretik azkena, abenduaren 11n izango da Baionan. Hartara, Euskal Herria bere osotasunean agurtu ahal izango dute lapurtarrek.
Hegoaldera jauzia, Joxe Mari Iriondoren eskutik
1969ko maiatzaren 5ean eskaini zuten kontzertu bat lehen aldiz Pantxoak eta Peiok. Uztaritzeko Bilgune gelan izan zen hori. Eta bertan izan ziren Ez Dok Amairuko hainbat abeslari; Mikel Laboa eta Oskarbi, tartean. Ipar Euskal Herrian aritu ziren haien kantuak eskaintzen hasiera batean eta, normalean, 200 lagun inguru bildu ohi zituzten publikoan. Muga zeharkatu zutenean, ordea, sorpresa ikaragarria izan zen. 1971n Bergaran 2.000 lagunen aurrean aritu ziren kantuan Irala aretoan – gaur egun etxebizitza bloke bat da –. Eztanda horren arduradunen artean Joxe Mari Iriondo (1938, Azpeitia) zegoen. «Ixiar Sagarzazurekin batera aurkeztu nuen jaialdia. Gorbata eta guzti joan nintzen bertara». Loiolako Herri Irratiko kazetari eta Ez Dok Amairuko sortzaileetako bat izandakoak, urteak aurrera joanda ere, primeran oroitzen du lehen kontzertu hura; baita zein testuinguru eta baldintzetan jazo zen Pantxoak eta Peiok Ipar Euskal Herritik Hegoaldera egindako jauzia ere.
Bi hamarkadatik gora egin zituen Iriondok Loiolako Herri Irratian eta orduko bertso saio eta kantaldien zuzeneko grabazioekin artxibo ederra du. Frankismoaren testuinguruan euskal kantagintza eraberritzen eta sustatzen berebiziko rola jokatu zuen Iriondok. Hark azaldutako moduan, garai hartan jende askok deitzen zion kontzertuak antolatzen laguntzeko. «Denak ziren presoen alde, ikastolen alde edo gaixorik ala gaizki zegoen pertsona ezagunen baten alde». 1971 hartan, industria maestriako gazteek udako oporretarako sosak behar zituztela eta, harengana jo zuten. «Hala esan nien, ia zergatik ez ziren ausartzen Iparraldean, Hazparnen eta Donibane Lohitzunen, besteak beste entzunak nituen Pantxoa eta Peio ekartzen». Esan eta egin. Hegoaldean eskainitako lehen kontzertua izan zen lapurtarrentzat, «jendeak Loiola Irratian entzuten zituen, baina ez zituzten bertatik bertara inoiz ikusi». Arrakasta itzela izan zen eta hitzordu ahaztezina izan zen bikotearentzat, milaka lagunen aurrean eskainitako lehen kontzertua ere izan baitzen. «Harrituta zeuden. Izugarrizko giroa zegoen, bero-beroa. Gazte jendea zegoen, gazte jendeak antolatua baitzuen. Txundituta gelditu ziren biak».
Zentsura eta mugen gainetik
Frankismo bete-betean bizi zen Hego Euskal Herria orduan. Iriondok gogoan du irratian zenbait kanturekin tentuz ibili behar izaten zirela. Baina musika jaialdietan bestelako arrakalak edo aukerak sortzen ziren. Hori bai, beti zentsuraren mehatxupean eta, bereziki, traba administratibo ugarirekin. Garaian, baimen eske Donostiako Handia kalean zegoen Informazio eta Turismo Ministerioko delegaritzara joan behar izaten zuten. «Esan nien eskaera egiterakoan ez esateko Pantxoa eta Peio Iparraldekoak zirenik ezta lehen aldiz etorriko zirenik ere. Badaezpada gauza horiek isiltzeko» aholkatu zien. Bigarren gomendio bat ere eman zien Bergarako kontzertuko antolatzaileei: «Bakoitzari zer kantatuko zuten eskatu behar zitzaien eta ondoren kantu horien izenak eta letrak euskaraz zein erdaratuta bidali behar ziren. Erdaratzerakoan kontua izateko esan nien, kamuflatzeko».
Bergarako jaialdiaren ostean beste hamaika emanaldi suertatu ziren. Lapurtarren arrakasta begi bistakoa zen, esaterako, eta Iriondok nabarmendutako moduan, Telesforo Monzonen hitzei doinua jarri eta transmisio ariketa garrantzitsua egin zutelako. Horrekin batera, bestelako dohainak ere azpimarratu ditu: «Oso ondo kantatzen zuten eta, horrez gain, mikrofonoaren aurrean bi mutil gazte eder eta bikainak ziren, baina harrokeriarik gabe presentatzen zirenak». Joxe Mari Iriondori esker lortu zuten Pantxoa eta Peiok Hegoalderako muga haustea. Begi bistakoa da orduz geroztik sortutako maitasun eta miresmenezko harremana: «Nire semeak balira bezala maite ditut. Halaxe da». Gipuzkoako Aldundiak Lurdes Iriondori Urrezko Domina eman zion egunean topo egin zuten azkenekoz. Bertan azaldu zioten eskuartean zutena. «Besarkada bat eman nien eta orduan esan zidaten zein asmo zuten. Oso ondo iruditzen zait».

La Polla Records: Reeditando mensajes necesarios de una banda imprescindible

EZK Fest eta NAIZ elkarren eskutik beste behin

Lajak armairuan gordetako 40 pieza ezezagun eman ditu argitara familiak Elkarren eskutik
‘Otsaila’, Eñaut Elorrietak udazkenean kaleratuko duen ‘Festina Lente’ diskoko aurrerapena


