En direct

Iraila hasieran eta udako azken musika festibalaren tokia bete asmoz abiatu zen Boga Boga jaialdia eta honekin laugarren edizioa izango du. Aurretik Kutxa Kultur festibala egiten zen Igeldoko jolas parkean eta hura lekuz aldatu ostean desagertu eta gero, berriz ere toki berezi eta goxoago baten aldeko apustua egin zuten Boga Bogaren sortzaileek. Izan ere, hori bada jaialdi honen berezitasunetako bat, gertukoa eta goxoa dela. Chillida Leku, Kursaaleko terrazak, Ondarretako hondartza… pasa ditu bere kokaleku moduan Boga Bogak, baina aurten iazko formula berari eutsiko diote. Club giroa Dabadaba aretoan izango da, haiek eta Gin Musica baitira antolatzaile, ordainpeko kontzertuak Miramar jauregiaren bueltan eskainiko dituzte eta doakoak, berriz, Easo plazan.
Ostegunean, irailaren 10ean, 20.00etan izango da irekiera festa Dolphin Love artista indiearen kontzertu batekin. Sona handirik gabeko artistak dira askorentzat jaialdi honetan biltzen direnak, mainstreametik hurrun samar daudenak, baina hautaketa benetan fina egiten dute, eta horri kokalekua gehitzen badiogu, oso berezia bihurtzen da Boga Boga.
Urteko sorpresetako bat ostiralean
Ordainpeko kontzertuak direla esan dugu Miramar jauregikoak eta ostiralean han izango da guztia. Sei emanaldi interesgarri ezbairik gabe. Sarrerak 40 euroan egunekoa hartuz gero eta abonua 70 euroren truke. Taldean hartuz gero, launaka, deskontu potentea dute gainera. Bada, ostiralean izango direnen artean Mursego dago. Santa Klarako uhartea atzeko aldean duela eskainiko du bere emanaldia eibartarrak eta une magikoa izango dela irudika dezakegu eibartarraren emanaldia. Musika minimalista eta esperimental samarra da dakigunez Mursegorena, abangoardia eta tradizioa uztartzen dituena.
Estatu Batuetako Bodega talde punkaz gozatzeko aukera ere izango da, Talking Heads edota Devo bezalakoen erreferentziak dituen taldea. Alemanian bizi den arren, Hego Afrikako artista da Alice Phoebe Lou. NAIZ Irratian behin baino gehiagotan entzun dugun artista da, indie eta pop doinuak ukitu berezi batekin lantzen ditu eta bere ahotsak benetakotasun bat ematen dio guztiari. Rachid B marokoarrak eragin oso anitzak ditu, berriz, Bob Marley edota Leonard Cohen aipatzen baititu Folka, bluesa eta Ipar Afrikako doinuak uztartzen ditu eta ‘El Ghorba’ diskoarekin oihartzun dexente sortu zuen musika kritikan. Llucia Pla kataluniarrak elektronika esperimentala jorratuko du ostiraleko jardunaldian.
Hala ere, ostiraleko platera nagusi bezala etorriko ez badira ere, Cervatana taldeari aipamen berezia egin nahi genioke. Aurten Bilbon ikusteko aukera izan genuenok badakigu festibal batean sekulako giroa sortzeko gaitasuna dutela eta festa erraldoia sortzen dela haien bueltan. Iaz sortu zen taldea Derby Motoreta's Burrito Kachimba taldeko Miguel García ‘Dandy Piranha’ eta Jose Ugiaren eta Kelia eta Puerto Hurraco taldearen sortzaile Fran Sanchez ‘El Punky’-ren arteko adiskidetasunetik. Kraut rocka, technoa eta Dandy Piranharen abesteko modu berezia uztartzen dira, zuzenekoan dantzari eta guzti sekulako martxa sortuz. Ostirala indartsu dator Boga Bogara.
Ikusle izatetik oholtzara
Larunbatean euskal ordezkaritza bikoitza izango da ordainpeko kontzertuetan Boga Bogako kartelean. Alai tolosarrak bere elektronikako proposamen pertsonala eramango du bertara, eta ikusiko dugu ea zein girotako saioa eskaintzen duen, izan ere jaialdiak pertsonalagoa den edota club girokoagoa den saioa egiteko aukera eman dezake. Iaz ikusle moduan ziren Merina Gris taldekoak ere oholtza gainera igoko dira jaialdiaren edizio honetan, ‘Zuloa’ diskoaren aurkezpenekin jarraitzen dute eta indar handia emango diote Boga Boga jaialdiari.
Air talde mitikoak eman zion bultzada Sebastien Tellier artista paristarrari. Aurten 25 urte beteko dira bere estreinako lanetik eta zortzigarren estudioko lana aurkeztuko du Donostian. Ana Roxanne estatubatuarrak ambient giroko elektronika ekarriko du eta MYD Lilen sortutako DJak French House eta indie dance estiloetan murgilduko gaitu. Mala gestión talde valentziarra ere bertan izango da, talde oso berezia eta dibertigarria. Punk izpiritua dute baina gaur egungo tendentziekin uztartzen dute dena, sudurraren puntan jarritakoa egiten dutela esan dezakegu. Adi hauekin.
Doako emanaldiak
Bi egunez Easo plazan doako emanaldi ugariz gozatzeko aukera izango da eta baita produktu desberdinen azokaz ere. Musikari dagokionean, larunbatarekin Rüdiger, Kulata, Lorea Argarate, Labar, Remei de ca la fresca eta Rubio arituko dira. Azken hau Txiletik dator eta nazioartean toki garrantzitsua egin du hedabide eta jaialdietan. Igandean, berriz, Zeatikez, Barrrk, Juan Tatorri, Julia Sabaté, Gailu eta Marte Lasarteren txanda. Denetariko eskaintza, beraz.

«Sabemos que no encajamos en vertientes mayoritarias»

Escrito en el firmamento

La Quincena ahuyenta los miedos al volver a cifras prepandemia

‘Timeless’, el disco de inéditos de Prince es realmente un viaje en el tiempo


