MUSIKA

Hamabost artista, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoaren aldeko kanta bateratuan

‘Sahara kantari 2026’ kontzertuak 15 euskal artista eta saharar baino gehiago bilduko ditu Euskaldunan datorren urteko otsailaren 28an. Euskal Fondoak eta Arabako SEADen Lagunen Elkarteak antolatuta, Saharako Arabiar Errepublikaren aldarrikapenaren 50. urteurrenaren ospakizuna gogora ekarri nahi du.

Partaide batzuk, horien artean Itziar Ituño, kontzertuaren aurkezpenean. (BIlBOKO UDALA)

Euskal Fondoak eta Arabako SEADen Lagunen Elkarteak, Bilboko Udalaren laguntzarekin, antolatutako ‘Saharari Kantari 2026’ kontzertua 2026ko otsailaren 28an egingo da Euskalduna jauregian.

Ekitaldi horretan, hamabost euskal artista eta saharar baino gehiago bilduko dira, musikaren bidez justiziarekin eta giza eskubideen defentsarekin konprometituta dauden bi herriren eta bi kulturen arteko topagunea eskaintzeko.

Saharari Kantari ekitaldiaren helburua saharar herriari babesa erakustea da, bai eta egungo egoerari ikusgarritasun handiagoa ematea ere, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa aldarrikatu zenetik berrogeita hamar urte betetzen direnean.

Artisten zerrenda

Aziza Brahim abeslari eta aktore sahararra artista gonbidatua izango da eta Oreka TX, Mikel Urdangarin eta Eñaut Elorrietarekin abestiak kantatuko ditu. Suilma Aalik abestuko du bere aitaren lurrari buruzko abesti berri bat; horrez gain, ‘Haizea harrien kontra’ abestia kantatuko du Itziar Ituño eta Olaia Inziarterekin batera. 

Artisten artean egongo dira, halaber, Iker Lauroba, Fariba Sheikhan, Esti Markez eta Postal Kolekzionistak taldea. Horiek ere abestiak eskainiko dizkiote Mendebaldeko Saharari. Gainera, Gazako artista bi, Ahmed & Nur, Sua Enparantza dantzari eta aktorea eta Jon Maia bertsolaria ere bertan izango dira. Era berean, musika-banda berezia sortu da hitzordu honetarako: Antxon Sarasua, Dani Venegas, Joanes Ederra, Mikel Fagoaga eta Xabier Zeberio.

Ekimen horrek 2013an eman zituen lehen urratsak, Arabako SEADen Lagunen Elkarteak hiru urtez jarraian ‘Saharari Kantari – Una canción por el Sahara’ musika-lehiaketa sustatu zuenean, herri horren errealitatea gazteengana musikaren bidez hurbiltzeko eta euskal artistak saharar herriaren aldeko gai bat sortzeko konpromisoa har zezaten. Ekimen hartatik abesti-errepertorio bat sortu zen eta hiru diskotan bildu ziren, edizio bakoitzean bat.

2023an, ekimenaren izena eta funtsa berreskuratu ziren, hamabi abestirekin disko bakar bat sortzeko: ‘Saharari Kantari’. Ondoren, 2023ko abenduan, kontzertua egin zen Donostiako Kursaalen, magiaz betetako gau batean, eta horixe errepikatu nahi da Bilboko Euskalduna jauregian.