Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Euriak euri, goia joz bukatu da 24. Azkena Rock Festival

Gasteizko rock jaialdiak azken egunean ere sekulako eskaintza izan du. Askorentzat izen handirik ez zen egongo, baina oholtzan agertu diren guztiek maila ederra erakutsi dute. Horien artean, Lepora eta Rodeo euskal taldeak, etxekoek ordutegi hobeak merezi dituztela erakutsiz beste behin.

Berrogei urtetik gora doaz punk-rock eta hardcore melodikoaren erreferente izaten Social Distortion.
Berrogei urtetik gora doaz punk-rock eta hardcore melodikoaren erreferente izaten Social Distortion. (Endika PORTILLO | FOKU)

Bertol Bretchek aipatu izan duen analfabeto politikoa aipatuz hasi du Lepora taldeak estreinako kontzertua Azkena Rock Festivalen hirugarren eta azken jardunaldian. Aurtengo Azkenan Gasteizko talde bakarra izan da Lepora, gainera. Letra politikoak eta musika pisutsua izan dira protagonistak haien eskutik. Lehen diskoko aipatu ‘Analfabeto politikoa’ eta ‘Akuria’ izan dira lehen biak, sistemari kritika zorrotza eginaz bietan ere, ezagutzeko erreza den Mikel Salcedo ‘Txusta’-ren ahotsean.

‘Dardo uxa’ kantuan dinamikekin sekulako jolasa egin dute gainerako hiru taldekideek, bukatzean sekulako txalo zaparrada eskaini dietelarik bertaratuek. Larunbata izaten da ziur asko jaialdia irekitzeko egunik zailena, hala, oholtzako lehen lerroetan egotera gonbidatu dituzte gertutasuna sentitzeko Leporakoek. ‘Zulotik’ disko laburreko ‘Ezin menderatu’ abestia etorri da segidan, baxu eta bateriaren arteko trakzio perfektua erakusteko abesti horietakoa, ederra gero. «Atsekabe-keinua aurpegian, nork bueltatuko dizu irribarrea» zion kantuak, bada publikoa irribarre betean zela ekin diote dantzagarriagoa den ‘Aterako dira’ abestiari, gizontasunari kritika egiten dion pieza. Publikoan, besteak beste, adi-adi zen Aitor Uriarte Latzen taldeko abeslari eta gitarra-jotzailea ere.

Penaz utzi behar izqn dugu oholtza, La Salven Rodeo taldearen kontzertua hastear zelako. Euskaraz bi proposamen baino ez egun guztian eta elkar zapaldu behar. Egunen batean hori ere aldatuko denaren itxaropenari eutsi behar euskaldunok. Zestoarrek beren stoner pisutsuarekin ekin diete emanaldiari, instrumental luzexka batekin intro moduan eta segidan mezu inportantea bota dute Mikel Illarramendik abesten: «oraindik ez da nire azken hitza entzun».

Erdi tempo batetik abiadura gehiagoko ‘Malkoak’ kantura pasa gara, ‘X’ beren azken diskoko abestia, taldearen hamar urteak ospatzeko egindako diskokoa alegia. Palestinako bandera eta Gernika-Palestinako zapia oholtzan zuten taldekoek, Leporakoek ere bazuten kufiya bat. Euskaldunok beti baliatzen ditugu oholtzak behar den hori defendatzeko. Ezin ahaztu genozidioa.

‘Sugeak’ kantutzarra ari zela etena egin behar izan dugu Leporakoekin hitzordua genuelako, ‘Dilmun’ diskako ereserki kutsuko abestiarekin joan gara La Salve oholtzatik, beraz. Aho zapore ona utzi digu taldeak eta publikoa ere poltsikoratu dute ezbairik gabe zestoarrek. Minutu batzuetara itzuli gara, Ortzi Alberdiren txistu hotsekin ekin diote azken txanpari, eta argi eta garbi esan dezakegu Bonberenearen zigilupean dabiltzen bi taldeek gure rock eszenaren langa benetan altu utzi dutela Mendizabalan. 

Euriak eguneko plater nagusietako bat zapuztu du

Texastik iritsi dira countryaren eszena alternatiboko Vandoliers taldekoak Gasteiza, countrya eta punk izpiritua uztartzen dituztela esan daitekeen taldea. Kantu goxoagoak eta zakarragoak tartetaku dituzte beren emanaldian, berriz ere bero sapa protagonistetako bat izan den arratsaldearen hasieran. Musikak eta eguraldiak bat egiten zutela ezin da zalantzak jarri behintzat. The Proclaimers taldearen ‘I’m gonna be (500 miles)’ abestiaren bertsio bihurriarekin bukatu dute beren emanaldia publikoaren txistu, txalo eta oihu artean. Sekulako indarra erakutsi du Jenni Rose ‘Gin-ee’ taldeko abeslari eta gitarra-jotzaileak.

Indie askorik ez da izan aurtengo edizioan, baina estiloa definitu zenetik bertan kokatzen da Superchunk Ipar Karolinako taldea, God oholtzan aritu dena. Chapell Hillen sortu ziren 89an eta rock alternatibo eta punk-rockak tarterik baduen arren, indiearen unibertsoan kokatzen dira haiek. Publikoari argazki analogiko bat egin eta 1991ko ‘Throwing things’ abestiarekin hasi dute emanaldia estatubatuarrek, aipatutako rock alternatibo eta indie musikaren arteko lurralde goxo horretan. Hori bai, intentsitateak gora egin du kontzertuak iraun duen denboran eta doinu zakarragoetan bukatu da emanaldia, punk azkarra eskainiaz eta 1996ko ‘Hyper enough’ izan da taularatu duten azken abestia.

Erritmo kutxa eta abeslaria, gisa horretan eta apaingarri askorik gabe irten dira oholtzara Sleaford Mods britaniarrak. ‘Mork n Mindy’ kantuarekin kateatu gara emanaldira eta oholtzan bi taldekideak mikro banarekin ikusi zitezkeen, gehiago gabe. Zozo samar haien berezko izaera bihurria kontuan izanda. Tximistak zeruan eta euri tanta lodiak goitik behera, ekaitza gerturatzen zebilen nabarmen Trebiñutik. Hala, zuhaitzen babesera mugitu gara La Salve oholtza parera, euria ekidin asmoz.

Carmina Buranaren ‘O Fortuna...Fortune Plango Vulnera’ zatia zegoen jarrita Starbenders taldearen sarrera moduan oholtza hartan. Atlantako taldea dira, eta haiek new wave musika egiten dutela dioten arren, hard rocka eta glam musika ere egiten dituzte, Los Angeles hiriko ikurra dena, izan da emanaldia hasteko aukeratu dutena. 

Guturalak, metal sinteak eta halakoak entzuten ziren tarteka, baina melodikotasuna maite duen taldea dela agerikoa da, bai gitarren armonietan eta baita Kimi Shelter abeslariaren kantatzeko moduan ere. Hala ere kontzertuaren azken zatian new wavetik mugitu direla esan daiteke zertxobait. Bitxikeria moduan, My Chemical Romance taldeko Gerard Way izan zen haiei lehenengoz kontratu diskografiko bat luzatu zien pertsona. Noizbait Azkenan ikusiko ote dugu MCR?

Gaueko izarrak, Social Distortion

‘Born to kill’, horixe izan da Social Distortion klasikoek Gasteizko kontzertua zabaltzeko hautatu duten pieza, izen bera daraman azken diskoko abestia. Orange Countykoa da taldea, kaliforniarra, punkaren etxea den horietako batekoa. Bitxia bada ere, teklatu jotzaile eta guzti doaz zuzenekoetan azken etapa honetan. Baina 30 urte egin dugu atzera ‘Untitled’ kantuarekin, disko berrienetik bosgarrenera salto, taldearen bigarren etapa itxi zuen diskora.

Hellfesten jotzetik iritsi dira Gasteiza eta bezperako kantuen zerrenda errepikatu dute hasieran, ‘Tonight’ eskainiaz hirugarren abesti moduan, hau ere disko berrikoa, pop zantzu argiak dituena. Baina kontzertu luzeagoa da aidanez Gasteizkoa eta kantu askoz ere gehiegoa eskaini dituzte bezperan baino, hala, tempo lasaiko ‘Sometimes I do’ abestiak sorpresan harrapatu gaitu. Green Day bezalako taldeen azken aroan halakoekin topatu garen arren, 1992koa da Social Distortionen abestia, ‘Somewhere Between Heaven and Hell’ diskokoa. Bitxia, berriz, segidan jo duten ‘No way out’ kantua disko berrikoa izatea, soinuz oso 90en hastapenekoa denean, klasikoen maitaleentzat ederra.

1983ko ‘Mommy’s little monster’ diskoa titulatu zuen abestiarekin segi du aurrera emanaldiak eta hor ulertu dugu hainbeste talderen erreferente izatea Social Distortion, soinu baten eta estilo baten sortzaileen artean daudela esan daiteke-eta. Disko berrira itzuli eta ‘The Way Things Were’ etorri da, kantu sentikorra eta jendearen gogokoa, titulua abesteko unea etortzen zenero jendeak gogotik kantatu duelako.

Dena dela une gorena 1990eko ‘Story of my life’ abestiarekin etorri da, denak dantzan, saltoka eta abesten eta antzeko zerbait gertatu da ‘Reach for the Sky’ etorri denean. Kontzertuak iraun duen denboran institutu giroan kokatzen diren estatu batuetako telesailak gogora ekarri ditugu ezinbestean. 90etan Estatu Batuetan sortzen ziren telesailen soinu banda da ezbairik gabe taldearena, eta, gainera, beren sorlekuak haietako bati, The O.C. telesailari, izena ematen dio.

Hauxe da ‘despedidea’

Bukatzeko, americana doinuen txanda Jason Isbell & The 400 units taldearen eskutik. Oso zaila omen da talde honekin Europan topo egitea eta Azkena Rock Festivalek Gasteiza ekartzea lortu du, Nashvilleko ikono eta estilo honetan gorengo mailan kokatzen den Isbell. Hiru gitarra jotzaile, haietako batek bateria ere bai parean, bateria-jotzailea, baxua eta teklatuak musika eztia egiteko.

Tamalez, berriz ere ekaitzaren mehatxua gainean genuela esan diogu agur aurtengo Azkena Rocki. Datorren urtean mende laurdena beteko du jaialdiak bere 25. edizioarekin, beraz, hasi kinielak egiten! Nor etorriko da 2027an Azkena Rock Festivalera?