Zuzenean

Getxoko Udalak eta Euskal Kultur Erakundeak (EKE) elkarlanean antolatzen dute ‘Iparra galdu gabe’ kultur ekimena, Getxoko kulturako eta euskalgintzako eragile ugariren laguntzarekin, kulturaren eta euskararen bidez Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko loturak sendotzeko helburuz.
Ekimenaren 25. urteurrena ospatzeko, Niko Etxart musikari historikoa omenduko dute azaroaren 21ean (20.00etan), Muxikebarrin. Zuberoako kantautorearekin batera, Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako artistak igoko dira oholtzara. Kontzerturako sarrerak uztailaren 27tik aurrera egongo dira salgai Getxo Kulturaren ohiko saltokietan.
Kontzertua ‘Iparra Galdu Gabe’ egitasmoaren 25. urteurrena ospatzeko antolatutako edizio bereziaren ekitaldi nagusia izango da, eta euskal musikaren erreferente handienetako bati egingo dio aitortza.
Oholtzara igoko direnak
Niko Etxartek (Altzürükü, 1953), 1970eko hamarkadatik aurrera rocka euskaraz egiten aitzindari izan zenak, bost hamarkada baino gehiagoko ibilbidean ekarpen erabakigarria egin dio euskal musikaren berrikuntzari eta euskal kulturaren zabalkundeari. Hala ere, hedabideen aurrean egin den aurkezpenean, argi utzi nahi izan du ez duela omenaldi klasiko bat izan nahi, baizik eta bere kantuak, lagunak eta urte luzez defendatu dituen estiloak oholtzara eramango dituen emanaldi bizia.
«Omenaldi» hitzak duen kutsua ez du gustuko, argi utzi duenez. Bere kantu batzuk berreskuratuko ditu, hori bai, eta hainbat gonbidatu izango ditu oholtzan, omenaldia baino gehiago, transmisioa eta belaunaldien arteko lotura bultzatu nahi duelako.
Oholtzan lagun izango ditu Hapa-Hapa taldea, 1980ko hamarkadaz geroztik bere ohiko taldea; Robert Larrandabürü eta Dominika Eiheraberri, Zuberoako kantu tradizionalaren adierazleak; Anje Duhalde, euskal folkaren eta rockaren izen handietako bat; Xabaltx kantautorea, euskarazko kultur eszenako erreferentea, eta Anne Bidalun, Aloze-Ziboze-Onizegaineko ultratrail korrikalaria eta abeslaria.
Haiekin batera ariko dira Xabi Leon teklatu-jotzailea, Etxarten ohiko kolaboratzailea; Süne, Huntza taldeko abeslari izandakoa eta gaur egun bakarkako ibilbidean murgilduta dagoena; Pello Artabe, Eskean Kristö taldeko abeslaria; eta Getxoko ordezkari gisa, Irantzu Garamendi, folkari lotutako abeslari, flauta-jotzaile eta konpositorea, eta Ainhoa Aranburu, Bidean Erromeriako klarinete-jotzaile eta abeslaria.
Saioak Niko Etxarten ibilbideko kanta esanguratsuenetako batzuk eskainiko ditu, Zuberoako doinu tradizionalekin eta ekitaldirako propio prestatutako lankidetzekin uztartuta, euskal musikaren aberastasuna eta aniztasuna agerian utziko dituen proposamen artistiko batean.
Gainera, Euskal Telebistak grabatuko du artista zuberotarrari egingo zaion omenaldia ETB ON plataforman ikusgai jartzeko eta horrela ‘Iparra Galdu Gabe’ ekimenaren 25. urteurrenaren ospakizuna publiko zabalago batengana iritsiko da. Halaber, Ipar Euskal Herriko publikoak beste zuzeneko emanaldi batez gozatzeko aukera izango du Donibane Lohitzuneko Tanka aretoan, azaroaren 28an.
«Beharrak errekurtsoak sortzen ditu askotan, eta hori gertatu zen hemen»

Beteranotasunaren brisa eta doinu berrien enbata, Aste Nagusian

Quincena, Euskadiko Orkestra y el bicentenario de Arriaga

Sokolov: obsesiva virtud

