Zuzenean

NAIZ

Musika jaialdi alternatibo eta antifaxista bat jaio da Uztaritzen

Oi!hua punk musika jaialdiak lehen edizioa ospatuko du Uztaritzeko gaztetxean, urriaren 31n. Bertan, punk eszenako bederatzi talde igoko dira oholtzara, tartean Azken Sustraiak eta Perlata. Zapalkuntza mota orori aurre egiteko borondatea ipar izango dute, eta antolaketa kolektiboa bultzatuko da.

Urriaren 31n ospatuko da Oi!hua musika jaialdia.
Urriaren 31n ospatuko da Oi!hua musika jaialdia. (Patxi BELTZAIZ)

Aurtengo urriaren 31n ez da Gau Beltza ospatuko Uztaritzen, punka izango baita eguneko protagonista. Uztaritzeko gaztetxeak Lapurdiko Oi!hua Festibalaren lehen edizioa hartuko du egun horretan, eta eszena alternatiboko bederatzi musika talde oholtzara igoko dira.

Ekitaldi honen bidez, antolatzaileek elkar laguntza, antolaketa kolektiboa eta espazio libreen sorkuntza bultzatu nahi dituzte, faxismoaren, sexismoaren eta zapalkuntza mota guztien aurrean. Hain justu, zapalkuntza mota orori aurre egiteko borondatea ardatz izango dute.

Musika jaialdiaren edizio bakoitzak xede izango du tokiko elkarte sareak laguntzea, dirua bilduz eta egitura ezberdin baten alde eginez. Lehen edizio honetan, irabaziak Uztaritzeko ikastolari itzuliko zaizkio.

Azken Sutraiak taldearen itzulera

Festibalak Oi! punk eszena lehen lerrora ekarri nahi du, eta tokiko taldeentzat erakusleiho bat izatea du helburu. Antolatzaileek eszenatokira igoko diren emakumeen presentzia ere bermatuko dute.

Hori horrela, Euskal Herriko zein mugetatik kanpoko taldeek osatzen dute egitaraua. Horien artean, Perlata (Arrasate), Hago Silik (Lesaka), Sustrai Berriak (Iruñea), Ramblin' Firm (Bordele), Grapa (Bergara) eta Saccage (Paris).

Azken Sustraiak taldearen itzuleraz ere gozatuko dute ikusleek, eta baita Iruñeko Los Zopilotes Txirriaosen erritmoan dantzatu ere. Ipar Euskal Herriko Orbain taldearen lehen kontzertua ikusteko aukera ere izango da.

Ateak 17:00etan irekiko dira, eta 18:00etan hasiko da lehen kontzertua. Arratsaldean zehar ere hitzaldi bat iragarri dute, baina solasgaia zein izango den oraindik ez dute argitu. Gaztetxearen edukiera 500 pertsonakoa da.

Antolakuntzan parte hartzeko boluntario bila ere badabiltza; interesa dutenek jaialdiaren Instagram orriaren bidez jar daitezke harremanetan.

Antolatzaileek espero dute, dena ondo bidean, egitaraua iragarritako iraupenaren barruan sartzea. Lehen edizioaren ostean, Oi!hua festibala urtero antolatzea bilatzen dute.