Zuzenean

Orio Zea Maysen erritmoan

Asteazken arratsean Orioko Mola Mola tabernak antolatutako Zea Maysen kontzertuan ehundaka pertsona bildu ziren ilunabarrean. Hondartza parean bildu zen jendetza, abestu, dantzatu eta lagunartean musikaz gozatzera.

Asteazkenean Orion, Mola Molak antolatutako Zea Maysen kontzertua.
Asteazkenean Orion, Mola Molak antolatutako Zea Maysen kontzertua. (Gorka RUBIO | FOKU)

Orioko hondartza herritarrez eta kanpotik etorritakoez beteta zegoen asteazken arratsaldean. Eguraldi aparta aprobetxatuz, eguzkia hartzen ari ziren batzuk, uretan bainatzen besteak eta baloiarekin jolasean gazte kuadrilla bat, denak urrutitik Zea Mays taldea egiten ari zen soinu froga entzuten. 

Arratsaldeko seiak aldera hondartza inguruko aparkalekuak betetzen hasi ziren, argi ikus zitekeen, Mola Mola tabernak antolatuako Zea Mays taldearen kontzertuaren deiadarrak erantzun handia izango zuela.

Tabernaren ondoan karpa handi bat jarri zuten, antolatzaileek sareetan esan zutenez, «jar zezaketen handiena», eta ingurua pixkanaka betetzen hasi zen. Gitarra, baxua, bateria eta ahotsak berotzen ari zirela alde batera eta bestera zebilen jendea, edariak eskatuz, tokia hartuz eta soinu frogako lehen doinuekin dantzan. Beste batzuen artean, ‘Kea’ eta ‘Negua joan da ta’ abestien zatiekin dantzatu ostean kontzertuaren zain egoteko unea heldu zen.

Giro paregabea ilunabarrean

Eguzkia sartzearekin batera lainoek zerua ilundu zuen, baina hori ez zen nahikoa izan entzuleen umorea petraltzeko. Zortziak ematear zirela karparen ingurua betetzen hasi zen eta musikariak oholtzara igo zirenean txalo eta oihu artean jaso zituzten. 

Gorka RUBIO | FOKU
Gorka RUBIO | FOKU

“Haizearen jainko beltza” izan zen publikoa berotzeko hautatutako abestia eta Aioraren ahotsari jarraika heldu zen jende gehiago. Lehen abestiekin inguratuta gelditu zen oholtza, bazen ikusteko karparen atzean zegoen zirrikitutik tokia aurkitu behar izan zuen jendea ere. 

Hondartzan ere baziren entzuleak, eserita eta jendetza artean egon beharrean lagunartean lasai entzuten. Zutik zirenak ordea, edozein txoko bilatu behar zuten oholtza ikusi nahi bazuten; petril gainak ziren entzuleen toki desiratuak, alturatik kontzertuaz gozatzeko. 

Bat batean, abesti baten lehen doinuak hasi zirenean, entzuleen artean isiltasuna zabaldu zen, “Elektrizitatea” hasi zen. Isiltasuna polikinaka letrak estali zuen eta garrasika, saltoka eta eskuak astinduz aritu zen publiko guztia. 

Erritmo berean jarraitu zuten aurrera, Doctor Deseo taldearen “Corazón de Tango” abestiaren bertsioa eta “Kea”-k dantza etengabe bat sortuz. Abestitik abestira, geldialdirik egin gabe jarraitu zuten bidea bederatziak bitarte.

Orduan heldu zen jendeak hainbeste maite duen abestia, zeinu hizkuntza ia beharrezkoa duena, eta Aiora Renteriak oholtzara gonbidatu zuen Ainhoa Moiua interpretea: “Negua joan da ta” hasi zen. Amaitu zenean, publikoak zeinu hizkuntzan txalotu zuen, oihu eta txistuekin lagunduta. Taldea aurrean zuten etzuleez agurtu eta oholtzatik jaitsi zen. 

Beste bat, beste bat

Aspaldian hain luze entzun ez zen «beste bat! beste bat!» oihuek hartu zuten hondartza parea orduan, ez ziren isildu musikariak berriro taulan agertu ziren arte. Instrumentuak hartu eta abesti ezberdinekin egin zuten bidea, tartean soinu froga entzun dutenek dastatu ahal izan duten ‘Gaur’. 

Gorka RUBIO | FOKU
Gorka RUBIO | FOKU

Abeslariak azken abestia baino lehen tarte bat hartu nahi izan zuen eskerrak emateko, lehenik Mola Molari antolatzaile lanak egiteagatik, baina batik bat bertaratu zen orori: «Eskerrik asko benetan, guk zerbait xumea egin nahi genuen eta hau zoragarria da, izugarria izan da». 

Hitz horien ostean, ‘Kukutza III’ joz eman zioten amaiera kontzertuari. Saltoka, txaloak goian joz eta kantatzen abestia azken notaraino gozatu zuten entzuleek. Ezin aipatu gabe utzi, tarteren batean mugikor batzuk ikusten baziren ere, azken urteetan hainbeste ikusten den grabatzearen ohitura ez zela asko erreplikatu, jendeak helburu bakarra zuen, disfrutatzea. 

Ilunpetan, bederatziak eta erdi pasatxo zirela amaitu zen zita, eta pixkanaka jendeak bere etxerako bidea hasi zuen, nahiz eta batzuk Om Lila DJ-a entzutera gelditu ziren.