Zuzenean
«Zalantzan jarri nuen musika munduan zer den egia eta zer ez»
Sorkuntza modu oso aktiboan bizi duen musikaria da Oihana Rodriguez Ordoñez zumaiarra. Akaleia izenarekin abiatu zuen bere bakarkako bidea eta disko luze bat, EP labur-labur bat eta kantu solteren bat atera ditu bide horretan. Orain, lau hilabetean lau disko labur plazaratzeko asmotan da.
«Zalantzan jarri nuen musika munduan zer den egia eta zer ez»

Denbora bat igaro da Akaleiak ‘Ondoloin’ lana kaleratu zuenetik, hiru urte, hain zuzen ere. Ordukoan “Izenaren baldintza” kantua topatu genezakeen kantuen zerrendan, eta ez dakigu horrek nolako pisua izan duen bere proiektu berria garatzerakoan, ‘Egia I’ diskoa kaleratu berri duelako.
Kaixo Oihana, zer moduz zaude?
Ondo, pentsatzen nuena baino hobeto. Izan ere aspaldian ez dut horrelako elkarrizketarik egin edota estudiorik zapaldu, eta gorputzak nola erreakzionatuko zuen beldur nintzen, baina ondo nago, gustura.
Zure izena eta proiektuaren nolakotasuna disoziatzeko lanetan ibili zaren susmoa dut. Disko bat behar zuena lautan banatu, eta lehenengoa aurkeztera zatoz.
Aipatzen duzun erreferentzia duen kantua beste bizitza batean kokatzen dut nik, oso urrun. Egia da proiektua formaz aldatu dela, batez ere barrura begira lan egiteko moduan. Gogoratzen dut lehenengo diskoa bukatu nuenean –eta horrek eman dio disko honi izenburua– zalantzan jartzen ibili nintzela musikaren inguruan gertatzen zen guztia. Egia da kanpora begira ikusten dena zalantzan jar daitekeela askotan; oholtza gainean gertatzen dena, nola egiten den promozioa, zein pertsonaia bihurtzen garen kanpora begira industriak hala behartuta…
Zalantzan jarri nuen zer den egia eta zer ez. Baina niri benetako kezka sortu zitzaidan; barrura begira jarri eta nire sormena zalantzan jarri nuen. Zer ote zen egia benetan nire sortze prozesuan. Ekoizpenari begira gauza originalak ikusten dira, esaterako; eta hori interesgarria da, baina batzuetan zalantza sortzen zait ea berezi egiten zaizun hori benetan behar artistiko bat asetzeko egiten ari ote garen edota marka bat sortzeko egiten ote dugun. Uste dut askotan sortzaileak berak ere ez dakiela horri erantzuten. Egia da marka musikal bat sortzea artistikoki behar bat asetzeko bidea izan daitekeela, baina jakin behar da identifikatzen zein unetan egin. Hori guztia buruan bueltaka nuela, nire sortzeko bidea bilatzen hasi nintzen eta hortik atera da lan honen titulua.
«Batzuetan zalantza sortzen zait ea berezi egiten zaizun hori benetan behar artistiko bat asetzeko egiten ari ote garen edota marka bat sortzeko egiten ote dugun»
Askotan artistak badu sentsazioa egiten ari den hori lehendik ere eginda dagoela, edota, besterik gabe, kantu bat gehiago egiten ari dela ezer berezirik ez duena. Baina batzuetan hori da artistak behar duena, ezta?
Bai, noski. Nik ikusten dudanean artista bat ez dela ari ezer apurtzailea egiten, baina nondik sortzen duen ikusten duzunean eta hori zintzoa denean, horrek zerbait esaten dit niri. Eta gero ez gaitezen izan sibaritak, denok musikan iraultzaile diren taldeak aipatzeko ohitura dugu, baina gero ni naiz lehena Pink Floyd entzuten duena, gaur egun ez dena berritzaile edo apurtzailea.
Denak Angine de Poitrine entzuten hasi dira eta zerbait apurtzailea dela diote.
Bai, oso ondo, dibertigarriak dira eta joango nintzateke haien kontzertu batera, baina horiek egiten dutena aspalditik dabiltza egiten musika garaikidean, musika mikrotonalarena ez da ezer berria. Baina zirkuitu hori jendeari ez zaio hain interesgarria egiten eta hauek bai. Rosaliarekin ere antzerakoa gertatu zen, mainstream-ean egin zuena aurretik bestelako zirkuitu batzuetan gertatu zen. Eta niri artistikoki gustatzen zait Rosalia; hori hala da.
Hasiera batean album bat zen eta bidetik lau disko labur izatera igaro da zure lan berria. Zein puntutan aldatu da erabakia? Uda hasieran oraindik disko bakarra baitzen.
Hasteko eta behin, abuztu bukaeran erabaki nuen ez nuela kontzerturik emango. Arrazoi desberdinak daude horretarako, eta horietako bat da zer den egia eta zer ez hori. Ez dut modurik topatu hori aurrera eramateko, eta oraintxe bertan ez naiz eroso sentitzen jakin gabe hori dela egin nahi dudana eta modua.

Bestetik, badaramat urtebete nahiko gaizki, izan ere, aurreko urteko azaroan izu atake bat izan nuen. Ez dakienarentzat antsietate atake baten antzekoa da, baina areagotua; nik hiltzen ari nintzela sentitzen nuen, adibidez. Hiltzen, fisikoki. Larrialdietara joan, proba desberdinak egin eta abar eta halako batean esan zidaten zer neukan.
Ordutik hobeto nago, baina hainbat egoeratan jartzeak beldurra ematen dit, antsietate atake bat izateko dudan beldurragatik. Azken finean, beldurraren beldur naiz. Badakit gutxika jarriko naizela egoera desberdinetara, hasiera batean ez bainintzen kalera irteteko gai, edota elkarrizketa honetara etortzeko, baina gero pentsatzen duzu zer den gerta daitekeen okerrena eta nola badakidan ez zaidala ezer larririk gertatuko, bada etorriko dira gauza berriak. Baina, oraingoz, eszenatoki baten gainean kantatzen, ez.
Eta eszenatoki baten gainean bigarren lerroan?
Hor bai. Desberdina da nik hitz egiten edo kantatzen dudanean gorputzak nola erreakzionatu dezakeen edo pianoa jotzen dudanean nola erreakzionatzen duen.
Ez du erreza behar zure proiektua oholtzatik kanpora utzi behar izateak.
Niri, egia esanda, bakea eman dit. Askok esan didate ‘zer pena ezta?’ edo halakoren bat, baina niri bakea eman dit erabaki horrek. Konturatu naiz agian ez nituela kontzertuak eman behar oraingoz. Gauza batek bestea ekarri du. Musikan bideak hain daude eraikita, zirkulu birakari bihurtzen direla eta horretatik kanpo bazabiltza, zalantza sortzen da.
‘Patrikak <3’ kantuarekin ireki duzu diskoa. Zuk esan duzu artista batek askotan bilatzen duela marka bat sortzea, nahiz eta batzuetan nahi gabe etortzen den zerbait izan. Nik uste dut kantu honen lehendabiziko akorde segida hori badela zure marka propioa, hau da, badituzula progresio batzuk oso zureak dituzunak kantu desberdinetan. Ez dakit ados zauden.
Bai, guztiz ados nago eta gustatzen zait hori identifikatu izana. Konturatzen naiz, eta esaten diot nire buruari, ‘jo, berriz ere hau egin dut’, baina hori da egin nahi dudana! Kantu guztietan egingo nuke. Seigarren bemola sartu nahi dut, eta seigarren bemola sartuko dut, eta ulertu nahi duenak uler dezala!
«Hitz batzuk idazten ditut, sei hilabetez gorde, eta itzultzen naizenean, beste zentzu bat du edo ez dakit zer den, baina kontziente naiz idatzi nuenean zentzua zuela»
‘Egun polit bat’ kantua, zortziko txiki sorta bat da.
Normalean, bertsogintzako doinu berri bat sortzen denean lehendabiziko bertsoaren lehen hitzak hartzen dira izendatzeko eta, hemen, nik abesten dudan lehen bertsoko lehen hitzak dira. Duela lauzpabost urte ez nekien askorik bertsogintzari buruz, baina azken urteetan bertso munduko jendearekin harreman gehiago izan dut, bertso musikatuetan ere jotzea egokitu zait eta gauza horiek ikasi egiten dira.
Eta zortziko erritmoan sortzearena horrekin lotuta doa?
Ez, zortziko bat egin nahi nuen eta kito, besterik gabe.
Galdera egin dizut, musika ikasketak egin dituen euskal sortzaile askok buruan izaten duen zerbait izaten delako zortziko bat egitearena. Konpas fetitxe moduko bat bihurtzen dela dirudi.
Akaso hortik ere etorriko zen, batek daki. Gero disputa asko daude gai horren inguruan. Batzuek diote bost zortziko konpasa dela, beste batzuek ezetz, zortzi zortziko direla baina bi hiruko eta biko batean zatituta… Gaueko hamaiketan iritsi naiz horren inguruan eztabaidatzera, eta akaso ez zen unea horretarako.
‘At last, apocalypse’ kantuan diozu «zuen ezpainak eta ezpatak gauza bera dira», eta atzetik lagunei erreferentzia bat gehitu. Ez dakit defentsako mekanismo edo erasorako tresna den kasu horretan ezpata.
Hitz joko bat egin nahi nuen eta hortik abiatu nuen guztia. Asko kezkatzen nauen zerbait da nire hitzek zentzua izatearena. Idazten dudan unean zentzua hartzen dute, nire buruan argi ikusten dut, baina, gero, hurrengo batean irakurtzen dut, eta, aurrez egindako hausnarketaz gogoratzen ez naizenez, ez dut nik idatzitakoa ulertzen. Hain ausazkoa izango zen, ezen ez bainaiz gogoratzen. Edo hitz batzuk idazten ditut, sei hilabetez gorde, eta itzultzen naizenean, beste zentzu bat du edo ez dakit zer den, baina kontziente naiz idatzi nuenean zentzua zuela. Beraz, bere horretan uzten dut. Horrenbestez, une honetan ez dut gogoratzen oso ondo zergatik idatzi nuen hori, baina zentzua zuen. Eta uste dut hori onartzea eta horren inguruan hitz egitea ere ongi dagoela.
Zuzenekorik ez oraingoz, zenbat disko labur dituzu aurreikusita?
Lau. Diskoaren tamaina handi hori ekidin nahi nuen, hogeitik gora kantu direlako. Lau disko labur aterako dira lau hilabetean eta estilistikoki banatu ditut. Esaterako, disko hau irekitzen duen kantuak ez zuen lehendabizikoa izan behar, baina hemen bai. Datorren EPa metaleroagoa izango da, hirugarrena oso elektronikoa eta azkena, berriz, pianoarekin beste pausa bat izango duena, alternatiboagoa, elektronika lasaiagoa duena.

Ruidosas memorias del pionero y alternativo punk euskaldun

Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilco, Azkena Rocken mende laurdenean

Muere Peón Kurtz, fundador del grupo Def con Dos


