MUSIKA

Bidegurutzean, hausnarketarako denbora gehiago hartuko du Bidehutsek

Autosufizientzia, independentzia eta elkartasun kolektiboa ardatz dituen Bidehuts egitasmoak 2007an ekin zion bideari. Izurri garaitik hona «gerrikoa estutu, eta bidea geroz eta malkartsuagoa» bihurtu zitzaien. Bidegurutzean daude. Hausnarketarako astia hartuko dutela iragarri dute ostiral honetan. 

Orioko Etxeluze gaztetxean ospatu zuten 18. urteurreneko festa. (Gorka RUBIO | FOKU)

Lisabö, Inoren Ero Ni, Hotel eta Anarik osatu zuten Bidehuts. 2006an izan zen, bazkari giroan. Haserako egitasmoa Inoren Ero Ni eta Lisabö taldeek elkarrekin osatutako biniloa argitara ematea zen. Beste hainbat egitasmo etorri ziren atzetik. «Gure diskoak guk egin, guk argitaratu, guk zabaldu eta inoiz diru sarrerik balego, beste baten bila joan». Halaxe laburtu zuten zigiluaren izpiritua. 

«2007an, bide bati ekin genion, eta zarata ateratzen jarraitzeko balioko zigun eredu batean oinarritu ginen, autosufizientziatik, independentziatik eta elkartasun kolektibotik urrunduko ez gintuzten printzipioak atxikita. Gure ideiak gauzatzeko libre sentituko ginen espazio propio bat sortzea zen helburua, eta hori lortu dugula sinistuta gaude», gogoratu dute ostiral honetan idatzi batean.

«Eskutik helduta ibili izanaz, eta hobekien jakin dugun bezala gainditu ditugun zailtasunen aurrean elkartuta mantendu gaituzten jatorrizko ideiekiko leial jokatu izanaz harro» agertu dira.

Eredu horrek oso ondo funzionatu du duela sei urte arte. «Orduan, kontuek ez zuten guztiz bat egiten, gerrikoa estutu, eta bidea geroz eta malkartsuagoa bihurtu zitzaigun. Egoera hori irauli nahian gaude, baina oso une delikatua da, eta gainditzen dugun moduaren arabera, gaindituko badugu, bidea oinetako hauekin ibiltzen jarraitu ahal izango dugu, edo oinutsik egin beharko dugu. Kontua da, gure ereduan sinistuta, bagarela egoskor samarrak eta berdin jarraitu nahi dugula, akaso, ukitu batzuekin», kontatu dute.

Guzti horregatik, hausnarketarako denbora gehiago hartuko dute. «Bidegurutze honetatik ateratzeko aukeran, zubi bat eraikitzen lagunduko digun gakoen bilaketan azken saiakera. Gure 20. urtebetetzea zuekin ospatzeko, jakinda etorkizunari aurre nola egingo diogun. Ia hogei urte zaharragoak izan arren, oraindik badugu indarra eta gogoa zarata gure erara egiten jarraitzeko. Elkarrekin», diote.

Euren ibilbidean mugarriak zaleekin ospatzeko hartu izan dute betarik. Hamargarren urteurrenaren karietara ‘Mirailak’ lana kaleratu zuten. Bertan hamar egilek elkar bertsionatu zuten. Intxaurrondo Kultur Etxean aurkeztu zuten zuzenean.

Aurrerago, 2023an, Hondarribiko Psilocyben elkartu ziren. Iaz, berriz, Orioko Etxeluze gaztetxean