Live
«‘Miruenea’ gure etxea da, gure unibertso intimoena»
‘Miruenea’ da Mirua hirukoaren lan berriena. Maitane Iruinek eta Malentxo eta Mattin Zeberiok osatzen duten taldeak soinu, hizkuntza eta emoziotik harago doan jauzi bat proposatzen du lan berri honetan, entzulea euren unibertso pertsonalenera sartzera gonbidatuz.

‘Miruenea’ ‘Mugaz gaindi’ kantuarekin hasten da, aurretik ezagutzen genuen abesti batekin. Guretzat unibertso berri batean murgiltzea izan da, baina ez dakit zuen kasuan ere hala izan den.
Malentxo Zeberio: Guretzat ‘Miruenea’ gure etxea da. Horrela bizi dugu: gure etxera gonbidatzen dugu jendea, eta bertan bizitza osoan gurekin egon diren doinu eta soinuek hartzen dute lekua. Txikitan etxean entzuten genituenak, gaur egun entzuten ditugunak… Horiek guztiek osatzen dute disko hau.
Mattin Zeberio: Nik aspalditik neukan disko honen ideia buruan. Duela bost edo sei urte idatzi nuen ordenagailuan, eta, denbora pasa ahala, konturatu nintzen une egokia iritsi zela gauzatzeko. Duela hiru urte inguru, talde barruan esaten hasi nintzen: «Disko hau egitea merezi du, baina oso-osorik sartu behar gara». Ez da soilik disko bat, baizik eta bizitza-proiektu bat. Eta lehenengo momentutik denok baietz esan genuen. Ez da guretzat zerbait berria, baizik eta gure bizitzaren antologia moduko bat.
«Ez da guretzat zerbait berria, baizik eta gure bizitzaren antologia moduko bat»
Abestiak badu ereserki moduko hasiera bat, baina gero aldaketa asko entzuten dira; danbor organiko bat sumatzen da esaterako. Horren atzean bada istorioren bat?
Mattin Zeberio: Bai; danbor horrek badu bere istorioa. Ez genuen hasieratik erabaki danborra sartzea, baina ‘Soinumapa‘ izeneko euskal webgune batean aurkitu nuen ‘Erratzuko damak’ grabaketa zoragarri bat. Danbor erraldoiak indar handiarekin jotzen ziren bertan, eta soinua ikaragarri zirraragarria zen. Sampleatu egin nuen eta pentsatu nuen erritmo horrekin abesti bat sortzea mundiala izango zela.
Musika-hizkuntza berriaz ere ari zarete. Zer esan nahi duzue horrekin?
Malentxo Zeberio: Guk sentitzen genuen askotan musika batzuk entzun nahi genituenean Euskal Herritik kanpora joan behar genuela. Euskal Herrian pop-a badago, baina oso modu jakin batean. Eta euskaraz egitea, poparen molde horretan, batzuetan zaila egiten zaigu. Uste dut badagoela joera gauzak beti metaforen bidez esateko, baina guk honetan esan genuen: ‘Eta zergatik ez ditugu gauzak zuzen esaten’. Hori da hizkuntza berri baten bila gabiltzanean esan nahi duguna.
«Salda badago» kantuak triki-pop ukitua dakar. 90eko hamarkadako soinua da, zuen haurtzaroko doinuak?
Malentxo Zeberio: Bai, guretzat ezinbestekoa zen Maixa eta Ixiar edo Alaitz eta Maider bezalakoen eragina aitortzea. Haiek gure erreferenteak izan dira, eta horregatik ausartu gara triki-pop hori gure erara ekartzera.
Mattin Zeberio: Kasu horretan, funk brasildarra eta erritmo trikitilariak uztartzeko ideia neukan buruan. Eta baita joko moduan aritzea ere, batzuetan serio, besteetan esperimentazioz. Gainera, fitxaketa asko izan genituen: Peru Altube baterian, Maixa Lizarribar trikitian, eta Jorge Gonzalez gitarra jotzen. Guztiak ere pieza garrantzitsuak izan dira soinu borobila lortzeko.
‘Guda dantza’ abestian, elektronika eta indarra nabarmentzen dira. Baina polifoniak ere protagonismo handia du.
Malentxo Zeberio: Guk betidanik landu izan ditugu polifoniak. Hasieratik abestien ardatz nagusietakoa izan da ahots asko lantzea. Ahotsarekin lan egitea da guretzat naturalena, eta disko honetan ere indar handia du horrek. Gure helburua musikari zerbitzatzea izan da, ez gure buruari.
Mattin Zeberio: Polifoniak guretzat beti izan du magia berezi bat. Tolosako abesbatza lehiaketetan jasotakoa, Georgiako polifoniak eta horiek guztiak guretzat inspirazio-iturri dira. Horregatik, ahotsen tratamendua da disko honetako ardatz nagusietako bat.
‘Lau begi eder’ TOC taldearekin egindako lankidetzaren fruitua da. Nola sortu zen?
Malentxo Zeberio: Lankidetza naturala izan zen. Soinuaren bila genbiltzan eta TOCekoen ekarpenak diskoaren kolorea aberastu zuen. Bideoklipean eta bestelako ekimenetan ere parte hartu dute, gainera.
Mattin Zeberio: Abiapuntua Zea Maysen ‘Negua joan da ta’ sampleatu genuen momentutik dator. Lehen bertsioa ondo zegoen, baina sentitzen genuen zerbait gehiago behar zuela. TOC taldekoei proposatu genien, ‘hemen hezurdura bat duzue, ea zer bururatzen zaizuen’, eta haiek, beren baserrian, momentuan bertan grabatu zuten dena: gitarra, bateria, ahotsak…
Malentxo Zeberio: Bai, eta momentuko giroak asko lagundu zuen. Denak bertan, denak ideiarekin konektatuta. Giro hori entzuten da abestian.
Kantuaren soinua oso aberatsa da: gitarrak, erritmo aldaketak, perkusio tribala… Horiek guztiak nola eraikitzen dituzue?
Mattin Zeberio: Oso pixkanaka. ‘Kolpatzen ari den aizkora’, adibidez, galera baten inguruko kanta da. Gitarrako ideia txiki batetik abiatu, eta gerora geruzak eta geruzak gehitzen joan ginen. Helburua zen, nahiz eta elementu asko izan, logela batean grabatua zirudien sentsazio hori mantentzea.
Malentxo Zeberio: Eta nahasketan ere asko zaindu genuen hori. Perfekzio digitaletik urrun, sentsibilitate inperfektu horretan bilatu genuen indarra.
Zer leku dauka zuen proiektuan estetika bisualaren zera horrek?
Malentxo Zeberio: Nik uste dut handia duela. Ez estetika hutsagatik, baizik eta gure buruarekin ondo sentitzeko. Batzuetan egun txar bat duzunean, makillatu egiten zara, berezi jantzi eta kalera ateratzen zara. Horrek energia ematen digu. Eta hori kantuetan islatzen da. Azkenean, estetika ere adierazteko modu bat da.
Tradizioari buruzko gogoeta nabaria da diskoan. Zer harreman duzue folklorearekin?
Mattin Zeberio: Ez dugu epika sinplean sinesten. Guretzat garrantzitsuagoa da geure buruari galdetzea ea garai bateko zerk balio digun gaur egun edo garai bateko hark zer esan nahi duen guretzat. Tradizioa geure egiten dugu, geure modura. Eta horrek galdera asko dakartza.
«Ez dugu epika sinplean sinesten. Guretzat garrantzitsuagoa da geure buruari galdetzea ea garai bateko zerk balio digun gaur egun edo garai bateko hark zer esan nahi duen guretzat»
Malentxo Zeberio: Hausnarketa bat da. Zer hartu nahi dugu eta zertarako? Ez da erantzun bat, baizik eta galdera sorta bat. Hori islatu nahi izan dugu.
Maddi Oihenart ere ageri da lan honetan, ‘Gauerdiko kantorea’ abestian. Zer harreman duzue berarekin?
Malentxo Zeberio: Guretzat etxekoa da. Txikitatik gurekin egon da, lo egiten, bazkaltzen… Sarrerako ahotsa sortu genuenean, berehala esan genuen: ‘hau Maddirentzat da’. Eta poz-pozik parte hartu zuen.
Non grabatu zenuten diskoa?
Mattin Zeberio: Diskoa toki askotan grabatu dugu: Tolosa, Azkarate, Bilbo, Angelu, Madril… mugimenduan egindako diskoa da. Ez dugu estudio zurrun batean lan egin: mikrofono batekin eta ordenagailuarekin joan gara leku batetik bestera.
Zein erreferentzia musikal dituzue?
Malentxo Zeberio: Ez dugu erreferente bakarra, baina bai gustuko ditugula ikuspegi propioa garatu duten artistak. Rosalia edota Las Marias, adibidez. Tradizioarekin jolasten diren artistak dira, baina euren begiradatik lantzen dute eta horrek inspiratzen gaitu.
Mattin Zeberio: Eta ekoizpenean, pop-etik hartzen ditugu elementuak, baina beti zikin puntu batekin: erroa euskalduna izan daiteke, baina nahita manipulatu nahi dugu soinu hori. Sampleak ez ditugu ezagunak izateagatik erabili; aldatu, birsortu eta geure egin nahi ditugulako baizik.
Zer da, zuen ustez, disko honek transmititzen duena?
Malentxo Zeberio: Gure ustez, identitatearen eta kontraesanaren artean dabilen zerbait da. Tradizioa eta berrikuntza, goxotasuna eta aldarria, duda eta maitasuna. Ez da mezu itxi bat, baizik eta galdera bat: zer gara gu orain eta hemen?
Azken abestian, ‘Zazpiak bat’ delakoan, topikoak jolas bihurtzen dituzue. Zer moduz jaso duzue publikoaren erreakzioa?
Malentxo Zeberio: Abestia jolasa da, bai. Herri musika, ironia eta nostalgia uztartu ditugu. Hasieran melodia berri bat sortu genuen, baina azkenean ‘Loiolako Porrusaldaren’ originalera itzuli ginen, bertsio bat eginez. Batzuek topikoak ikusiko dituzte, eta beste batzuek, jolas libre bat.
Zuzenekoen sasoia ere iritsi da. Non izango zarete?
Malentxo Zeberio: Iruñean ‘Kantu eta Hitza’ zikloan izan ginen, Amurrion, Tolosako sanjoanetan… Sare sozialetan ere informazioa eguneratuta izango dugu, baina Bordelen, Bilbon, Alegian, Donostian, Deban eta Artian ere izango gara. Baita Hatortxu Rocken ere, Lakuntzako azken edizioan.

«Guretzat hip hopa gure historia kontatzeko erreminta egokiena da»

Eguraldia eta publikoa bero Kobetamendin Bilbao BBK Liven lehen egunean

Kneecapen herri zapalduen aldeko oihua Bilbao BBK Liven bigarren egunean

Gitarrak eta pop izarrak Bilbao BBK Liveren itxieran
