Zuzenean

Ordu eta zazpi minutu berandu ireki dituzte Bilbao BBK LIven 2025eko edizioko ateak. Horrek ordutegi guztiak aldatzea ekarri du lehen unetik eta artistei ere modu batean edo bestean eragin die gertaerak. Dena dela, publikoa gogotsu sartu da Kobetamendiko eremura eta jarrera horri oholtza gainekoa gehituta, hasiera dotorea eman zaio gorabeherak-gorabehera.
Pepe DJa 17:00etarako hasita zegoen Basoan bere musika jarriz, puntual-puntual eta langileek eskertu dute hori. Bero sapari basoko itzalpean aurre egiteko modua bazegoelako. Musika goxoa lehen uneetarako.
Negutegian, Johnny Walker oholtzan, 18:00etan hasi da Eider Saez lazkaotarraren emanaldia. Eiderrek jarrera bikainarekin eman dio hasiera bere emanaldiari, behar zena baino 45 minutu beranduago hasi arren. Kazetarion aurrean hasi du emanaldia, «aukeratu beharra zegoelako, edo 45 minutu jo ateak zabaldu berritan edota emanaldi laburragoa eskaini. Eta horrelako plazetan, aprobetxatu beharra dago. Egiari zor, lagun eta familiakoak whatsapp mezuak bidaltzen ari zitzaizkigun iritsiko ote ziren edo ez jakiteko, baina, azkenean, iritsi dira eta pozik gaude, horrekin».
‘Ez espero ezer nigandik’ singlearekin ireki du emanaldia Eider Saezek. Bera zuriz eta beltzez jantzita eta taldekideak arropa zuriz goitik behera. ‘Nola aldatu gara?’ diskoari izena ematen dion abestia etorri da atzetik, kantu goxoa baina zer pentsatua ematen duen horietakoa. Hirugarren abesti batez gozatzeko parada ere izan dugu oholtzaz aldatu aurretik, nahiz eta ez geratu bere ondoan, kantuak esaten zuen moduan.
Mirua, labur bezain eder
Miruakoak hasita zeuden beren emanaldia eskaintzen Eider Saezenetik mugitu garenerako. Bigarren oholtzan, San Miguel deiturikoan, laukotea ‘Miruenea’ aurkezteko prest eta parean fandome dezente zutela. Itzalaren balioak badakigu laguntzen duela halako egunetan, baina itzalpean zeuden ikusleak ez ziren ikusle soilak, Miruaren zaleak zirela esan genezake. Iritsi garenenean nabaritu genezakeen Repsol oholtzan ere hasita zeudela Raya Diplomatica taldekoak, Javi Calvo zinemagilearen taldea. Baina horrek ez zion itzalik egin Miruari.
‘Zazpiak bat’ kantuarekin iritsi gara. Une horretan bertaratuei esplikatu die Mattin Zeberiok zergatik zegoen eserita eta zer ziren oinetan jantzita zituen zapatak. Izan ere, diskoa aurkeztu zigutenean kontatu ziguten moduan, Leturiaren eskola jaso zuen eta hark esanda bezala bere zapata propioak josi ditu tolosarrak zuzenekoetatarako. Tapia eta Leturiaren moldaketa hori egin ostean, Hofe igo da oholtzara. Gauean berandu izan da iruinerrikoaren txanda, Ca7riel & Paco Amoroso bikoarekin kontraprogramatuta, baina horrek ez dio eragin Miruakoekin ‘Loreak mendian’ kantua zuzenean abesteko. Diskoan parte hartu zuen eta zuzenean ere publikoak eskertu du Hoferen agerpena ezbairik gabe.
Publikoa bero, dantzan, abesten eta «Gora Euskal Herria Askatuta!» oihu egun duenik ere topatu dugu jendartean. Euskal folklorearekin berrikuntza bai, baina halako mezuek oraindik ere tokia dute eta beharrezkoak dira globalizatuagoak diren musika jaialdietan ere, nahiz eta publikotik etorri.
‘Lau begi eder’ singlea etorri da atzetik. Ordurako subgrabeen indarraz gozatzen ari ginen eta perkusioak zuzenean egiten duen ekarpena ere argi eta garbi erakutsi dute. Esan zuten zuzeneko indartsuago bat eskainiko zutela bira honetan eta ez dute horretan hutsik egin. ‘Morroxko’ kantuarekin arin-arina dantzatu dute oholtzan Malentxo Zeberio eta Maitane Iruin taldekideek eta jendartean dantza librean aritu denik ere ikusi ahal izan dugu. ‘Salda badago’ triki-pop ereserkiarekin eman diete bukaera, sekulako alaitasunarekin itxi dute saioa eta txalotzeko moduko jarrera izan dute, nahiz eta emanaldia eskaini behar dutena baino laburragoa izan. Ez dago zalantzarik talde honek Euskal Herriko plazak dantzan jarriko dituela uda honetan.
Viva Hinds!
Madrilgo banda da Hinds, bikoa izatez baina oholtzan jende gehiago biltzen duena. Ordu aldaketak eraginda, guztia hankaz gora jarri da, baina zuzeneko dotorea eskaini dutela esan daiteke. Diskoan baino jarrera oldarkorragoa dutela ere aipatu beharrekoa da, askok naifegiak direla esan izan duelako.
‘Coffee’ kantuarekin iritsi gara haien emanaldira eta segidan ‘Just Like Kids (Miau)’ kantua eskaini dute. Kantua aurkezterakoan, hitzetan bere bizipenak aipatzen direla esan dute, industriako gizonak kritikatzeko abestia dela. Eskerrik asko behin eta berriz esan dute oholtzatik eta publikoari jator izaera ere eman diete hitz egiterakoan. «Cuantos más novios tenemos más queremos a nuestras amigas, porque son las que se quedan ahí» bota dute ‘The bed The room The rain and you’ abestiaren atarian. Pulp taldeari ere keinuren bat egin diete abestiren batekin, baina kontzertua laburtu izanagatik ere bai. ‘Girl, so confusing’ Charli XCXen ahizpatasun kantuaren moldaketa eskaini eta ‘En forma’ hitarekin agurtu dira.
Tatta eta Densoren txanda
Karpa erdia baino zertxobait gutxiago betetea zela (beranduago gehiago bete da) ekin diete beren emanaldia Tattak eta Densok. ‘Alesardui’ izan da lehendabiziko abestietako bat eta errepikan karpako zorua dardarka hasi da, denak saltoka abestiaren alde elektronikoenean. Jarraian ‘Frio’ abestu du eta segidan ‘Si muriera esta noche’, jendea oso inplikatuta zegoela.
Azken diskoaren promoa egiteko unea etorri da gero eta diskoari izena ematen dion ‘Martin’ abestu du akustikoan. ‘Bihotzian’, La Txama eta Fanerekin daukaten azkena ere osorik tattak abestuta etorri da, haientzat ere txalo bat eskatuz abestiaren amaieran.
«Hoy hay luna llena, vamos a liarla un poco, si o no?» egin die galde bertaratuei, bero sapatan zegoen oholtzatik. Kontzertuak aurrera egin ahala kamiseta izerditan blai zeukan debagoienako musikariak. Jendea ere oso motibatuta nabari zen, eskuak airean eta abanikoak ikusgai inguru guztian.
‘Maritxu’ kantuan jendea zoratzear izan da eta «eskerri asko benetan, bihotzez» esanaz eskertu du unea Tattak. ‘Una rumba’ abestian guztiak estilo horretako dantzan ibili eta gero, Bengo eta Fane igo dira oholtzara publikoaren artetik, sorpresa moduan, ‘Zure falta dut’ abestera.
‘Zure atzetik’ hitarekin guztiak abesten zirela, bapatean abestia moztu da eta hasieratik hasi dira berriro: «no pasa nada, era de prueba», gaineratu du unean Tattak. «Azkena ta etxera, yo siempre digo, no hay que preocuparse» esan eta ‘Sin preocuparme’ Fanerekin eta gitarraren laguntzaz bukatu dute, jendea elkar hartuta izan den une hunkigarria, eta hala bukatu dute haiek ere, Fanek atzetik joan eta Tatta besarkatuz bukatu baita emanaldia.
Maria Arnal eta Japanese Breakfast kontrastean
Maria Arnalen proposamen berezi eta intimista eta Japanese Breakfasten ‘buenrollismoa’ izan ditugu aukeran segidan. Seikotea oholtzan zuen Japanese Breakfastek, multi intstrumentistak ia guztiak ere. Saxoak sintea jotzen zituen, teklatuak bibolina, gitarristak teklatuak, baxua eta bateria sendo eta Michelle Zauner abeslariak abestu, gitarra jo eta gonga ere astindu du tartean. ‘Paprika’ kantuan halako aldaketa bat eman dute indiera, aurreko abestietan country kutsua zuten doinuez gozatu baitugu talde estatubatuarrarekin. Denetariko publikoa zegoen lehen lerroetan, gazte, heldu eta helduagoak, gehienak atzerritarrak.
Funkya etorri da kolpera ‘Be sweet’ abestiarekin. Beste unibertso bat guztiz. Iluntzea, freskotasuna… giro paregabea eta dantzara gonbidatzen zuena sortu da une horretan. ‘Everybody wants to love you’ kantuarekin Daft Punkianogoa zen aurreko girotik Two Door Cinema Club eta dream popa uztartzen zituenera jo dugu. Bira guztian egiten ari den bukaera bera eman diete ‘Diving Woman’ abestiarekin, eta indie unibertsoan bukatu dugu, beraz.
Kiwanukaren jam-a eta English Teacher-en sorpresa
Giro berezia nabari zen bigarren oholtzan Michael Kiwanuka handiaren txanda iritsi denean. Isiltasun zaratatsu moduko bat, hau da, jendea hizketan eta aldi berean adi egoten den kontzertu horietakoa. Zuri beltzeko irudiak eta hein batean zuri beltzeko musika ziren bertan ikusi eta entzun genitzakeenak, denboraren makina martxan jarri izan balitz bezala. Jam kutsuko emanaldia. Musika sentitzen duen artista dela eta ildo bereko taldea dituela argi geratu da. Aldarrikapen abestia den ‘Black Man in a White World’ entzun ostean, Emily Holligan and Simone Daley-Richards abeslarien gaitasuna ere azpimarratzekoa. Tamainako txalo zaparrada eskaini diete bertaratuek.
English Teacher momentu intimoan harrapatu dugu. Glastonburyn izan berri dira Lily Fontaine eta konapinia. ‘This Could Be Texas’ kantuaren erritmika eta haren aniztasuna nabarmendu dituzte, Fontaine abeslaria bera pianoan eseri da Blossom Calderone une horretan biolontxeloa jotzera pasa. Proposamen nahikoa eklektikoa iruditu zaigu. Spoken wordaren unibertsoko ‘Broken Biscuits’ etorri baita segidan, eta talde oso interesgarria dela argi utzi dute hor ere erritmo, soinu eta dinamikari dagokionez. Abesti berri bat hasi dira jotzen eta nahastu ere egin dira. «Human nature, second try», esan du orduan Fontainek eta bigarrengoan aurrera segi dute.
‘R&B’ jo dute segidan, estilo horretatik gutxi duen abestia. Badu zerbait Beatlesen mundukoa eta 90etako britpoparena ere bai. Nahasketa zinez berezia. ‘Nearly Daffodils’ abestian Nicholas Eden baxu-jotzailearen lana sekulakoa izan da, berak eraman du kantua hasi eta buka aurrera. Itzela. Abeslaria publikora ere jaitsi da une batez. Balada batekin etorri da agurra, ‘Albert road’ kantuarekin, hau ere ‘This could be Texas’ beren azken laneko kantua.
Pulp eta euskara
Pulp taldearen 569. kontzertua zela iragarri dute pantaila handitik talde ingelesaren kontzertuaren atarian. Mezuak euskaraz pantailetan, halako propaganda handirik gabe beste kasu batzuetan ez bezala. Naturaltasunez.
Soinua lehen unetik nabarmentzeko zerbait izan da. Zeinen bikain entzuten den guztia. ‘Spike Island’ kantuarekin hasi da emanaldia. Bederatzi pertsona oholtzan bost altueratan kokatuta, adin desberdinetakoak, belaunaldi asko bat eginda oholtzan. «Kaixo, zer moduz?» esan eta Pulp direla esanaz aurkeztu du taldea Jarvis Cocker abeslariak. «Txalo egin dezakezue?» galdegin du segidan eta publikoa txaloka hasi da. Bitik bi esaldi euskaraz. Hiru hizkuntzatan orotara, baina gurea babestuz.
‘More’ disko berriko ‘Grown Up’ etorri da atzetik, Xabi Bandiniri galdetu beharko genioke ea zer irudipen duen abestiaz, baina era berean The Clash mitikoen ‘London Callin'’ ospetsua ere etorri zaigu burura. Sheffieldgo Limit diskoteka aurkeztu digu eta bertara gonbidatu gaitu ‘Slow Jam’ abestiaren atarian Cockerrek. Diskoa hasi eta buka eskaini dute, ordena beste bat izan bada ere. Horrela etorri da kontzertuaren lehen erdia.
‘Sorted for E's & Wizz’ etorri da atzetik, sintez jositako kantu akustiko lasaia izatez, 60etako izpiritua duena erabat. ‘Disco 2000’ jo dute gero eta lehen gitarra riffarekin batek «Start me up» egin du oihu kantuan, The Rolling Stones gogora etorrita, eta arrazoi faltarik ez zuen. Britainia handiko pop-rock eta indie musikaren historiari errepaso bat ematea bezalakoa izan baita Pulpen emanaldia.
Une esperimentala etorri da atzetik, errezitaldi moduko bat ‘F.E.E.L.I.N.G.C.A.L.L.E.D.L.O.V.E.’ harik eta errepikan bateria kolpeek beste giro bat sortu duten arte eta berriz ere dantzara eraman gaituzten, baxu erritmoari eta teklatuen geruzei segika. Argi diseinua ere goi mailakoa, halako taldeek hori dute, esperientzia eta kalitatea ertz guztietatik. Ez da ‘Common people’-ek egiten duena, nahiz eta haien kantuetako baten horixe bera izan. Kobetamendi guztia abesten jarri duen kantua.
Judeline publikoa gazteena elkartuz
Lerro hauek idazten ari ginen bitartean eta Pulpen klasikoenak ozen abesten ari baziren ere, oihu eta oihu artean Judelinen ahotsa ere entzun dugu. ‘La Tortura’ Shakiraren abestiak sorpresan harrapatu gaitu bere abesti zerrenda guztiaren artean, nahiz eta bere emanaldietan askotan egin izan duen.
Sekulako muntaia zeukan eta show oso horietako bat da eskaini duena, dantzari eta guzti. Eskuinaldean andamio itxurako egitura piramidal bat zeukan. Tarteka dantzariek horretan gora egiten zuten, ondoren zabua bilakatzen zen egitura hori bera kanta lasaiagoetan.
Ezkerretara Lara ‘Judeline’ bera, oro har dantzariekin interakzioan, tarteka fokua beregan bakarrik jartzen zuten arren. Abesti erromantikoenetan, kamiseta gabeko gizon batekin dantza iradokitzailean aritzen zen.«Chiquillo qué de gente por dios, esto qué es?» esan du Cadizko andaluzieran artistak.
‘Es dios bueno o solo poderoso' abestian bateria solo bat egin du, bandari ere garrantzia emateko modua bai baita hori. Askotan gisa honetako artistei halakoak leporatzen zaizkie, auto-tunea erabiltzen dutelako soilik badirudiela dena artifiziala dela. Eta ez da horrela.
‘Chica de cristal’ berriaren ondoan eskerrik asko esaten saiatu da eta bere gisara bada ere, lortu du. Bere lurretara, Cadizera (Caños de Mecakoa bera) udaran bagoaz arduratsuak izateko eta zaborrik ez uzteko eskatu du, turismo jasangarri baten aldeko mezua zabalduz. Hori bera Euskal Herriko hondartzetan gertatzen denari ere aplikatu diezaiokegu, gainera.
Jarraian, gitarra hartu du eta euskaraz «pendientes» nola esaten den galdetu du. ‘Belarritako’ esan du, eta ‘Zarcillos de plata’ abestu du segidan. Amaieran, berriro esan du «eskerrik asko» azentu andaluziarrarekin eta auto-tunea martxan zuen mikrofonotik.
‘2+1’ abestiarekin amaitu du, kantu nahikoa sexuala, baina ez du osorik abestu, agurtzeko modu bat izan dela esan daiteke beste ezer baino gehiago. Ca7riel & Paco Amoroso eta Hoferen txanda etorri da segidan, gaueko izarren zerrendako azkenak askorentza argentinarrak, nahiz eta ausartenek Bicep-en elektronikarekin luza dezaketen guztia.
Bihar ea zer gehiago kontatzen dugun. Kneecap, ekaitz-elektrikoa… ea nola igarotzen den guztia Kobetamendin.

Lluvia de elogios para el regreso de Oasis en la prensa británica

«Guretzat hip hopa gure historia kontatzeko erreminta egokiena da»

«Nire burua musikari bezala serio hartzea prozesu bat izan da»

Eguraldia eta publikoa bero Kobetamendin Bilbao BBK Liven lehen egunean
