En directo

NAIZ

ETSk ‘Konkista’ disko berria eta honen entzunaldi gidatua iragarri ditu

ETSk abenduaren 5ean ‘Konkista’ lan berria kaleratuko duela eta, aurretik, azaroaren 30ean, Gasteizen diskoaren entzunaldi gidatua egingo dituela iragarri du. Taldearen «orain arteko proiektu pertsonal eta abangoardistena» dela uste dute. 

ETSko Iñigo Etxearreta, aurtengo martxoan BECen.
ETSko Iñigo Etxearreta, aurtengo martxoan BECen. (Maitane CAMPOS)

Azken diskoa argitaratu zutenetik hiru urtera dator ETSren disko berria ‘Konkista’. Diskoa abenduaren 5ean argitaratuko dute, Durangoko Azokaren atarian, baina aurretik entzuteko aukera izango dute bakarren batzuek. Izan ere, iragarri dutenez, azaroaren 30ean entzunaldi gidatua eskainiko dute Gasteizen, Buesa Arenan. 

Martxoan lozorrora sartu ziren ETS taldekoak hiru aldiz Barakaldoko BEC bete ostean. «Askok taldea bertan desegingo zela uste zuen eta gezur hori zama bat ere izan da guretzat talde bezala», esan digu Iñigo Etxezarreta taldeko abeslari eta konposatzaileak NAIZ Irratiko estudiora egin duen bisitan. Madrilen eta Bartzelonan emango dituzten kontzertuen atarian dator diskoa, eta atseden horretan isilaldiari eutsi ezinari buruz galdetuta, «sekulan ere ez dugu halakorik esan» erantzun digu Iekorako musikariak. 

‘Konkista’ «kontrastez beteriko lana» dela aurreratu dute: «Bizitzaren irudikapen zintzoa da, kontraesanez eta anbibalentziaz betea. Kaos emozionaletik sortutako diskoa da, barneko konkista baterantz aurrera egiteko ditugun orbainak ulertzen saiatzen dena. Mundu guztiak bere lekua aurkituko duen babeslekua da». 

Hogei urte etenik gabe egin ostean, zortzi hilabetez herrian, Iekoran, izan da atsedena hartzen Etxezarreta. «Ez genuen diskoa aurten ateratzeko presiorik, sortzen pasa dut denbora hau baina atsedenak horretara eraman nauelako. Ez bazen diskorik izan, Madrilera eta Bartzelonara horrela joango ginen, BEC 2.0 bat egin eta kitto. Baina atsedena konposatzea da niretzat, terapia moduko bat, eta, azken bi urte hauek emozionalki oso indartsuak izan direnez, oso azkar etorri den disko bat dugu eskuartean», kontatu digu Etxezarretak.

Arabar Errioxako musikariak une profesional oso onak bizitzen ari den arren, «une pertsonal oso gogorrak izan direla» aitortu digu eta diskoa kontraste horien isla izango dela ere bai. Madril eta Bartzelonako emanaldiak prestatu gabe dituztela aipatu du, diskoaren mesedetan lanean aritu delako:« Hiru urte pasa dira konposatu gabe eta beharra nuen. Proiektuak handitzen direnean, enpresa bilakatzen dira eta nire burua kudeatzaile moduan ikusi dut une askotan. Hortaz, behar izan ditut hilabete hauek ulertzeko zergatik nagoen hemen. Batzuetan sufrimendua plazera baina handiagoa da eta hori hilabete hauetan konturatu naiz. Hortaz, datorren urteko kontzertuak albo batera uzteko eskatu nion lan-taldeari disko on bat prestatzeko. Gero erabakiko dugu nola txertatu disko hori Madrilen eta Bartzelonan, hor izango baitira disko honen aurkezpen kontzertu bakarrak. Hortaz, geratzen diren bost hilabete hauetan badakigu zein norabidetan egin behar dugun lan».

Industria ulertzea

Diskoa orain kaleratzea Durangoko Azokari begira egindako hautua izan ote den galdetu diogu Etxezarretari, ea azeleragailua sakatu duten abenduko hitzordura iristeko eta baiezkoa eman digu. «Azken asteetan pixka bat bai, nahiz eta komertzialki momentu honetan ez daukagun beharrik disko berri bat kaleratzeko. Madril eta Bartzelona kasik salduta daude. Baina behar nuen zerbait da, sortzaile bezala nire bizitza barruan sentitzen nuenarekin bat egin gabe zihoala sentitzen hasi nintzen. Hala, oso disko pertsonala da eta industria honen baitan hobeto sentitzeko sortu dut. Baina, aldi berean, otsailean edo martxoan kaleratzeko asmoa bazen ere, dena oso azkar zihoala ikusita, Durangora iristeko nahia sortu zen. Geroz eta disko gutxiago saltzen diren arren, artistok badugu handikeria puntu hori eta gustatzen zaigu maitatuak sentitzea. Sareetan zenbakiak baino ez dituzu ikusten, baina Durangon begietara begiratzen diozu jendeari eta hor ikusten duzu benetan sortzen duzun inpaktua», azaldu du Etxezarretak.

azioarteko ekoizleekin aritu da Zurbaoko pabilioian azaroaren 30ean aurkeztuko duen ‘Konkista’ diskoa lantzen. Nabalez kolonbiarra da horietako bat eta Miamin (AEB) egon zen Etxezarreta lau egunez lanean gero elkarrekin Iekoran diskoari errematea jartzeko. 

Komunitatea lagun

‘Konkista’ azaroaren 30ean, 18.00etan, aurkeztuko dute Buesa Arenan, «lehenengo aldiz eta behin bakarrik», Arabako Foru Aldundiak babestutako ekitaldi batean. «Bere komunitatearekin diskoa beste inork baino lehen partekatzeko eta taldearen eskutik kantu bakoitzaren atzean dauden istorioak eta emozioak ezagutzeko pentsatutako ekitaldia da», esan dute. 

‘Listening Party’ horretan proiektuarekin batera doazen ikus-entzunezko edukiak ere emango dira eta publikoarekin interakziorako uneak egongo direla aurreratu dute: «Hitzordu intimo eta sinbolikoa, plaza mugatuekin, ETSk bere jendearentzako opari gisa planteatzen duena». 

Sarrerak azaroaren 13an egongo dira eskuragarri 11.00etan lasttour.orgen eta aurresalmenta esklusibo bat egongo da ETS komunitatearentzat azaroaren 12an 11.00etan.