Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

38 emakumek elektrifikatu dituzte BOS eta Bizkaia Arena Ura Bere Bidean jaialdian

Gaur eta bihar izango du BECeko hitzordua Ura Bere Bidean jaialdiak. Euskal musikarien parte-hartze zabala izan du Bilbao Orkestra Sinfonikoaren doinuz lagunduta Fernando Velazquezen gidaritzapean. Zea Maysen ‘Elektrizitatea’ kantuan 38 emakume ere taularatu dira, kantuak duen indarra erakusteko. 

Jendez gainezka izan da beste urtebetez Ura Bere Bidean jaialdia ikusten Bizkaia Arenan.
Jendez gainezka izan da beste urtebetez Ura Bere Bidean jaialdia ikusten Bizkaia Arenan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Ez da makala urtero Fair Saturday fundazioak Ura Bere Bidean ekimenaren bidez sortzen duena. Iaz aipatu genuen Gabonak iragartzeko modua zirela Euskal Herrian, goxotasuna, senidetasuna eta emozioak puri-purian sentiarazten dituen ekimena baita. Kartela atera orduko sarrerek hegan egiten dute, estilo, garai eta toki desberdinetako euskal artisten proiektuek bat egiten dutelako BOSen musikarekin Fernando Velazquezek zuzenduta. Aurten 26 izan dira proiektuak eta, horrez gainera, beste 38 emakume abeslari ere igo dira BECeko oholtzara bi ordu eta erdi pasatxoko ikuskizunean.

Eskoziatik etorritako Valtos taldeak egin ditu atariko beroketa lanak, musika gaelikoa eta zeltiarra elektronikarekin uztartzen dituen proiektuak. Garaiz iritsita ere komeriak izan dira Barakaldoko sarbideetan eta publikoa beren eserlekuetan izan arte zertxobait atzeratu da emanaldia.

Aretoan tenperatura beroa izateak beti ere lagundu egiten duen arren, 18:00etan ateak zabaltzeak halako poteo giro bat sortzen du BECen eta zer esanik ez inguruko tabernetan. Emanaldiak sortzen duen irrikak eraginda-edo, lehen instantetik oihu, txalo eta txistuek hartzen dute Bizkaia Arena eta oholtzako musikarien irribarreetan esker ona nabari daiteke. Baita Fernando Velazquezengan ere.

20:15ean atera da Iban Garate aurkezpen lanak egitera. Belaunaldien arteko transmisioari eman dio garrantzia mezuan, etxe bereko belaunaldi desberdinetako zenbat kide dauden galdezka. Segidan, Palestina gogoan izan du eta elkartasun mezua adierazi herri palestinarrari. «Ondo pasa dezagun, euskararen eta euskal kulturaren festa bat da hau, euskal komunitatearen festa bat», esan eta BOS, Bilboko Koral Elkartea eta Fernando Velazquez aurkeztuta, dena abian jarri da.

Sorpresak hasieratik

Neomak taldekoak izan dira oholtzan agertzen lehenak, formazio berrian, bost emakume kantuan eta gizonezko perkusionista, disko berria kaleratzearen atarian aurkezpen eskutitza. Trikiti mundutik datorren Xabi Solano etorri da atzetik, «gau eta egun euskaraz bizi nahi dut» oihuka, jendearen konplizitatea bilatuz lehen unetik, jendartera ere jaitsi da Ereñotzuko musikaria.

Lauaxetaren koplak abestu dituzte segidan Eñaut Elorrietak eta Aiora Renteriak, lehen momentu hunkigarria sortuz. ‘Mendigoxaliarena’ eskaini dute eta zentzurik galdu ez duen mezu bat zabaldu lau haizeetara: «dana emon bihar jako maite den askatasunari». Aioraren begiak ere beteta ikusi zitezkeen, pasioa nola transmititzen duen bilbotarrak. Eta Velazquezen soken konponketak tentsioa gehitu diote uneari, oso momentu zinematografikoa. Publikoa altxa egin da kantua bukatzean.

Euskal musikaren iturri agorrezina

Hortik aurrera bata bestearen atzetik etorri dira, ur zaharra eta ur berria. Baina iturria ez dela agortzen agerikao izan da gaurko emanaldian ere. Sukena, Anne Lukin, Maren edota Bengo gazteak Evaristo, Gozategi, Latzen edo Leihotikanen ondoan ikustea da horren isla. Hori bai, guztiak ere dotore eta galako jantzita. Irudi bitxia sortzen du horrek urtea joan eta urtea etorri, akaso batzuekin ez gaudelako ohituta.

Sukena talde oñatiarreko Eider eta Nahia Herraez ahizpek ‘Oroitzen’ kantua eskaini dute. Debutari Ura Bere Bideanen, publikoak sarreratik abesten lagundu die ahizpei. Bi ahizpek elkarren arteko besarkada sentitu batekin utzi dute oholtza, malkoek ere bere bidea eginda.

Nøgen donostiarrek “Nora” eskaini zuten, beren ereserkietako bat, publikoak txaloka erritmoari jarraika abiatu du abestia. Ane Negeruelak ere bere kantatzeko moduarekin publikoa berotzeko ahalegina egin du, baita lortu ere abestiaren bigarren zatian. Publikoa zutik berriz ere.

Donostiatik irten gabe jarraitu du emanaldiak, Olatz Salvadorren ‘Basan’ kantuaren moldaketa eder batekin. Sokak eta marimba hotsek lagundutako armonia bereziarekin lekuz kanpo harrapatu duenik ere izan da, baina Salvadorren belusezko ahotsak indarra hartu du kantuak aurrera egin duen heinean. Bi energia mota abesti bakar batean.

Lurraldetasuna errespetatuz

Jokin Pinatxo pistan jarritako piano batean eserita agertu da. «Ondoan gaur ez duzuen horri eskaini nahi diot abestia, agur esatea ez delako erreza izaten askotan», esan du Berako abeslariak. Osabari idatzi zion ‘Udazken egun hura’ abestu du, kantu sentikorra. BEC mutu utzi du eta momentu magiko horietako bat sortu.

Beste nafar batek hartu du testigua atzetik. Datorren urtean diskoa kaleratuko duela iragarri dute pantailetan. ‘Lisboa’ abestu du, pena Gorka Urbizu ondoan ez izatea, bigarren ahotsak are gehiago dotoretuko zuelako BOSen konponketa. Hala ere hor agertu da Mikel Urdangarin Urbizuren faltan, beste kolore bat emanaz abestiari.

Nafarroa eta Gipuzkoa elkartzen diren tokira, Oiartzunera hurrengo saltoa. Bengoren txanda izan da, berezkoa duen sentiberatasunari orkestrarerna gehituta ‘Denbora’ abestu du. Abestiaren azken zatian, orkestrak eta koralak abestiari energia dosia sartu eta Bengok bere breakdancer jatorria taularatu du, dantza eginaz.

Akats tekniko txiki-txiki bat izan da Ura Bere Bideaneko ‘Barcelona’ momentuan. Freddie Mercury eta Montserrat Caballe bailiran agertu dira Tomas Lizarazu eta Aiora Renteria ‘Ardi beltzak’ kantua abestu dute elkarrekin, Bulegoren ‘Aldatu aurretik’ diskorako ondu zuten kanta.

«Gure maitasun osoa adierazi nahi diogu Leire Martinezi» esanaz aurkeztu zuen Errenteriako abeslaria Iban Garatek. ‘Baratze bat’ abestu du Pier Paul Berzaitzekin batera, Leirek ere keinu dotorea egin dio eta BECek txalo zaparrada luzea eskaini dio, publikoak zutituta erantzun dio momentuari, Berzaitzi omenaldi xumea eginaz.

Iñaki Ortiz de Villalbak sartu orduko publikoa zutik mantentzea lortu du eta jendea txistuka eta saltoka jarri. Betagarriren ‘Euri tanta bakoitzean’ abestu du gasteiztarrak eta orkestraren haize dultzeen sekzioaren konponketa ederra nabari zitekeen, kobreek dirdira egin behar izaten duten kantuan.

Ustekabeko une hunkigarriak

Espero ez zen gonbidatu bat etorri da atzetik. Mabü, Txarlie Solanoren laguntzaz abestu du ‘Txoriak txori’, Solano pianoan moldaketa sentikor bat eginaz. Sorpresaz egin dute eta une intimoa eskaini, biek bakarrik egin baitute, orkestrarik gabe.

Leihotikanen unea etorri da segidan. ‘Ikusi mendizaleak’ eskaini dute, kalejira erraldoi bat sortu da BECeko pistan eta errepikan, «Gu euskaldunak gara, nafar erraldoia» abestu du Gorka Armendarizek lehen bueltetan eta zati instrumentalean «Gora Euskal Herria!» ere egin du oihu iruindarrak. Energia deskarga potentea inondik ere.

Latzen taldeko Aitor Uriarte segidan. Aste honetan bertan disko berria dakartela iragarri dute ‘Memento mori’ abestiarekin, baina ‘Kontzientzia ala infernua’ duela 30 urte ateratako diskoko ‘Laztana’ eskaini du, bere explorer zuria lepotik zintzilik zuela, harparekin duetoa eginaz. Piroteknia ere gehitu diote uneari, sabaira sugarrak jaurtiz oholtzaren aurrekaldetik. Halako batean pantailan neskatila bat agertu «Aupa aita» zion kartel bat eskuetan zuela. Uriarteren alaba zen, jendartetik igo eta aitarekin batera abestuz bukatu duelarik. Ze momentu eder eta hunkigarria. Elkar besarkatuz bukatu dute eta aita negar malkotan zela, Izar alabari miresmen begirada zuzenduz.

Maren gallartarra etorri da atzetik, ‘Izarren hautsa’ eskaini digu, gitarraren laguntzarekin, Laboaren bertsioan, gerrian kufiya palestinarra zintzilik zuela. Kontrastea segidan, goxotasunetik Aguraingo lautadako indarrera, Evaristo oholtzara La Pollaren ‘Ellos dicen mierda’ abestera. Kamisetan «Con niños no Miguel Maria» mezua zeraman, aldarrikapenen bat, topatzerik ez dugu izan ordea zerri egiten dion erreferentzia. Publikoko beteranoenak abesten eta dantzan. Belaunaldien arteko transmisioarena eta loturarena aipatu du arestian Iban Garete aurkezleak eta hori da gertatu dena BECen.

Festa lehertu da

Lehen medley unea Gozategirekin etorri da, ‘Kalanbreak’, ‘Gure txikitako kantak’, ‘Nirekin’ eta ‘Nor-nori-nork’ abestien nahasketa. «Askatasun haizea» zion Asier Gozategiren kamisetak, eta horixe da askok gaur sentitu duena. Horixe da gure herriak behar duena: askatasuna behingoz. Triki doinuekin egin du aurrera emanaldia, Süne etorri baita ‘Txitxarro’ kantuarekin BEC hankaz gora jartzera. Laser argiak ere ikusi ditugu Bizkaia Arenan, berriz ere azpiegitura sekulakoa dela erakutsiaz Ura Bere Bideanek. Festa lehertu egin da une honetatik aurrera.

Tomas Lizarazu berriz erre oholtzara, erropaz aldatuta, kolore bizietatik beltzera pasa da eta Marenekin ‘Gure izarrak’ eskaini du. Elba Azpillaga Bulegoko taldekideak pianoan jo du sarrera eta atzetik sartu dira BOS eta Bilbaoko Koral Elkartea, baita publikoa ere. Abesti hau jendeak bere egina du eta nabari da hori, batez ere gazteenen artean.

Bigarren medleya segidan, Gatibukoen eskutik. Abenduan agur esango dute Bizkaia Arenan bertan talde gernikarrak eta gaurkoan Alex Sarduik eta Haimar Arejitak ordezkatu dute taldea ‘Euritan dantzan‘, ‘Aske Matte’, ‘Gauak zerueri begire’ eta ‘Musturrek sartunde’ eskaini dituzte. Azken honen salsa konponketa oso dotore geratu zaie orkestrari eta Velazquezi, sorpresa atsegina. Gaur publikoak horrela erantzun badu, zer izango ote da abenduko agurra. Aperitif polita gaurkoa. Honekin lehen etentxoa izan du emanaldiak, bukaera irudikatuz, jendeak «Beste bat, beste bat» oihukatzen zuen bitartean.

Azken tximistak eta aurrera begirakoak

Hiru minutu baino ez du iraun etenaldiak. Maleta batekin agertu da Alex Sardui berriz ere oholtzan, Haimar Arejitak gitarra akustikoa lepoan zuela. ‘Agur kapitaina’ kantua jo dute, beren agur kantua. Pista gurutzatuz eta beste aldetik irtenda irudikatu dute Gatibu moduan azkenengoz izango direla Ura Bere Bidean ikuskizunean.

Eta zer esanik ez emakumeen aldetik. Zea Maysek Velazquezekin berarekin landu zuen ‘Elektrizitatea 25’ kantua eta gaurkoan 38 emakume abeslarik inguratu gaituzte Bizkaia Arenan, gehienak aurretik ere bideoklipean agertu zirenak. Elektrifikatu egin zuten BOS eta karga berezi bat sortu BECen. A zer nolako indar erakustaldia gure eszenako emakumeena. Festari ginga jartzeko modu bikaina.

Xabi Solano ‘Gogoak’ abestuz, Pello Reparaz ‘Akelarretan’ eta ‘Itzulera’ eskainiz eta En Tol Sarmiento azken medleya eginaz, ‘Sumendiak’, ‘Musikaren doinua’, ‘Beste behin’, ‘Ametsetan’ eta ‘Aukera berriak’ kantatuz bukatu da emanaldia konfeti leherketa batek lagunduta. Azken hauek, gainera, musika berria kaleratuko dutela esan du Iñigo Etxezarretak. Beste behin ere lan dotorea Fernando Velazquezek, Bilbao Koral Elkarteak eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak egin dutena.

Bihar izango da bigarren pasea eta abenduaren 13an, Donostiako Illunben, beste 25 euskal proiekturekin batera, ‘Ura Bere Bidean Kantuz’ izango da. Handituz doan proiektua da ezbairik gabe eta urtez urteko zita galduezin horietakoa bilakatu da. Urak dakarrena urak daroala esaten da, baina euskal musikarekin ez dadila halakorik gertatu eta segi dezagun halakoez gozatzen.