En directo

Donostia Kultura Festak-en aurtengo eskaintza ofizialak zortzi kontzertu handi batuko ditu Sagueseko zabalgunean, bat jaietako gau bakoitzeko. Agertokitik pasatuko diren artisten erdia Espainiako Estatuan ezagunak dira eta hainbat kulturatako soinuak ekarrizko dituzte gurera. Horiekin batera, musikari euskaldunek ere izango dute beren tokia aurtengo Sagueseko eszenatokian.
Ezer baino lehen: ohi bezala, sarrera doan izango da eta kontzertuak 23.45ean hasiko dira. Sagues lepo egoten da gauero.
Sagueseko agertokiko eskaintzaren artean, bi itzulera eta emakumeen proposamen bereziki indartsuak.
Saguesen Prestatu den eskaintzan aipagarria da, adibidez, La Orquesta Mondragon-en itzulera. Asteartean joko du (hilak 11). Taldearen 50. urteurrena ospatuko dute. Hamar urte pasatu dira azken aldiz euren jaiotza ikusi zuen hiriko Aste Nagusira hurbildu zirenetik, Konstituzio plaza musika zaleez bete zuten aldi horretatik. Aurten 2016rako balentria errepikatzen saiatuko dira.
Beste euskal musikariei dagokienez, lehenik eta behin, emakumeen hitzordu bat: Aurora Beltran nafar musikariak Nat Simons madrildarrarekin batuko ditu indarrak igandean (hilak 9). Belaunaldi ezberdinetako rockak bat egingo du oholtzaren gainean.
Beste emakume bat: trikitia eta musika elektronikoa lotzen dituen Josune Arakistainen Sune proposamen berriak energiaz beteko du Sagues ostegunean (hilak 13).
Etzakiten ibilbidea duela 23 urte amaitu zen, baina Xabier Solanok gidatutako triki-pop talde hernaniarra agertokietara itzuli da eta ostiralean (hilak 15) Sagues dantzan jarriko du Aste Nagusiari amaiera emateko.
Estatutik dator musika
Estatu mailan ezagunak diren hainbat artista egongo dira Sagueseko eszenatokian. Biharko, jaien lehengo gaua zabaltzeko, Toledon sortutako Veintiuno taldea hautatu dute. Rock alternatiboa, indie rock eta indie pop estiloen nahasketa bitxia.
Astelehenean (hilak 10), Sanguijuelas del Guadiana extremadurar gazteek gitarrak Saguesen paseatzera aterako dituzte. Landa bizitza eta ‘berbenakoa’ aldarrikatzen duen popa, musika elektronikoa eta runba ukituko estilo freskoa dute. Estudioko lehen diskoa argitaratu berri dute.
Kataluniatik datozen soinuak ere entzungo dira Saguesen. Alde batetik, Malmo 040ko Bartzelonako gazteek estilo zintzo eta soinu garaikidea eskainiko dute asteazkenean (hilak 12). Gaur egungo pop-rockaren erreferentzia dira Estatuan.
Ostiralean (hilak 14), Lia Kalik bere milaka estiloen nahasketa (soul, reggae, runba, jazz, trap…) ekarriko du Donostiara.
Piratek 17 musika hitzordu prestatu zituzten, baina batzuk bertan behera geratuko dira, soinu teknikarien greba dela eta.
2003an bildu eta «Zer demontre gertatzen zaigu hiri ‘santu’ honetan horrelako jaiak izateko?», galdetu zioten beraien buruei Donostiako lehengo piratek. Interes pribatuentzat eta batez ere gaztelaniaz egiten zen Aste Nagusi horren salaketa gisa, 50 lagun inguru uretara abiatu ziren urte horretako abuztuaren 11n, eurek egindako txalupa xumeekin Kontxako hondartza ‘inbaditzeko’ asmoarekin.
Bi hamarkada igaro eta gero, lehen protesta hori kofradiek antolatutako egitarau alternatibo eta euskal musikaz beteriko Aste Nagusi Pirata bilakatu da, eta ‘abordatzea’ galdu ezin den klasiko bat bihurtu da. Klasikoa eta jendetsua, gainera!

Piratek 17 musika hitzordu prestatu zituzten euren aurtengo Aste Nagusi alternatiboan, baina batzuk bertan behera geratuko dira, soinu teknikarien greba dela eta. Flamenkako eta Trinitateko plazako eszenatokietan arituko dira egitarau piratako musikariak. Jaien lehenengo bi egunak Zaunka, Anari eta Ezezez taldeek, besteak beste, animatuko dituzte.
Astelehenean, milaka pirata uretan murgildu ondoren, 20.00ak inguruan hasiko da Flamenkako ur gaziz bustitako musika gaua. Tapia eta Leturiak irekiko du emanaldi sorta. Herri kantak eta trikitia uztartzen 40 urte baino gehiagoko historia du taldeak.
Tradizio hori reggae modernoarekin nahasten duen Xiberoots zuberotarrak gauari jarraipena emango dio eta, azkenik, Brava taldeak Flamenkako eszenatokia itxiko du, goizaldeko 1.00etatik aurrera.
Asteartean (hilak 11), txosnetako egun transfeministan, hainbat kontzertu izango dira Flamenkan. Gaua Svetlana queer talde katalanaren elektropop eta runbarekin hasiko da eta Aimarz-rekin, 2024an ‘Entzun dezatela’ abestiarekin euskal musika TikTok-en biralizatu zuen gaztearekin, jarraituko du.
Asteazkenean (hilak 12), folklore tradizionala eta elektronika garaikidea uztartzen dituen Neomak taldeak animatuko du piraten gaua.
Kontzertu handien, zarataren eta jendetzaren ordez, Trinitateko plazan ostegunerako (hilak 13) proposamen lasaiago bat egin dute Piratek. 17.00etan hasiko den bertso saioan Andoni Egañak eta Maddi Ane Txoperenak parte hartuko dute, besteak beste. Gero, poesiaz eta Silvio Rodriguezen abestiez beteriko gaua izango da, Kubarekin egingo den elkartasun saioaren barnean, 23.05ean.
Egun berean, Sua talde bizkaitarrak Flamenkako eszenatokia sugarrez estaliko du bere rock alternatibo eta pop-rock erritmo beroekin.
Ostiraleko (hilak 14) Piraten kontzertuak, oraingoz, bertan behera geratuko direla dirudi, soinu teknikarien greba dela eta. Piratek «langile hauen lan hitzarmen duin bat lortzeko borrokari elkartasun eta babes osoa» adierazi diote, sare sozialetan kaleratutako ohar baten bidez. Kontzertuen ordez, musikaz gozatzeko alternatiba bat eskaintzen dute egun horretako 21.55ean, Kalefaia DJ tematikoaren esku, Lasta espazioan, Flamenkatik gertu.
Larunbatean (hilak 15), Aste Nagusi alternatibo musikal honi Kilikik (1.00etan) eta Miruak (23.05ean) emango diote bukaera Flamenkako eszenatokian. Paraleloan, La Jodederako musikarien gitarrek girotuko dute Trinitate plaza (23.05), espazio horretako azken kontzertuan, entzuleak Euskal Herria eta Kubaren arteko joan-etorriko bidaia batera gonbidatuz.

Beteranotasunaren brisa eta doinu berrien enbata, Aste Nagusian
«Beharrak errekurtsoak sortzen ditu askotan, eta hori gertatu zen hemen»

Maneras rockeras de vivir incordiando a embusteros e incautos

Harding y Trifonov encumbran a la Mahler Chamber Orchestra

