Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Kresalaren usaina lagun, hasi da Boga Boga festibala

Ohitura bihurtu da agidanez Donostian aire librean egiten diren jaialdietan zerura begira ibili behar izatea, eta Boga Boga festibalarekin ere halatsu gertatu da. Leon Benavente izan da lehen izen nabarmena hiru egunetatik lehendabizikoan.

Deadletter taldeak publikoa poltsikoratu du Boga Boga Festibaleko lehen egunean.
Deadletter taldeak publikoa poltsikoratu du Boga Boga Festibaleko lehen egunean. (Maialen ANDRES | FOKU)

Miramar Gauak zikloak zabaldu eta Boga Boga festibalak ixten du nolabait ere uda sasoian Donostiako itsasertzean egiten diren musika jaialdien ibilbidea. Chillida Leku, Kursaaleko terrazak edota Ondarretako hondartza izan ditu eszenatokien kokaleku txikitik eragin nahi duen jaialdiak eta aurten Miramar Jauregia eta Easo plaza izango dira festibalaren plazak.

Rabaten sortu zen Azuleja izan da aurtengo edizioa zabaldu duena, folka, popa, trapa… denetarik lantzen du unibertso elektroniko esperimental batean eta ‘C.R.I.N.G.E.’ diskoa aurkeztu du gaur arratsaldean Donostian. Ezkontza soineko bat jantzita, bera eta gitarra-jotzailea baino ez oholtzan. Gitarraren chorusa eta autotunea nagusi lehen konpasetan. Performatibotik ere badu egiten duenak, antzeztea eta abestea uztartzen ditu gorputz adierazpenarekin batera Azulejak. «Necesito fumar desesperadamente, alguien tiene un mechero?» galdegin eta bota diote txiskeroa publikotik, zigarroa piztu eta kantatzen hasteko. Proposamen arriskatu bezain interesgarria ezbairik gabe Boga Boga hasteko aukeratu dutena. Gitarra-jotzaileak ahotsarekin txistu, tronpeta eta abar luzea ere egiten zituen, gerora bikain abesten duela ere jabetu gara. «Quiero follar, quiero fallar» zion abestia etori da oraduan, indartsua oso. Intimotik ari zen abesten Azuleja baina beti indarra ateraz bukatu ditu abestiak, ingelesa eta gaztelera nahastuz. 

Eten gutxi egin ditu kantuen artean eta halako batean ‘Cachonda’ kantua iritsi da, bi ahotsetara, berotasuna samurtasunarekin uztartuz. Publikoan irribarrea nagusitu da jendearen aurpegietan abestiak irauten zuen denboran, gero euskaldunak hotzak omen garela esango dute. Hizkiz hizki errepikatu du ‘Cachonda’ hitza eta jendeari errepika horren parte izatera animatzen saiatu da, «no tengais vergüenza» esanaz jendea probokatuz. Maitasunaren bestaldea, erlazio baten hausturarena kontatu du segidan, itotasuna transmitituz bere perfomancearekin, haserrea kanporatuz amorrazioarekin eta bukaeran negarrez bailitzan oholtzatik lasterka irtenaz. Elementu gutxirekin ere dinamika handia lortu dute abestiz abesti. 

Erropa aldatu eta itzuli da oholtzara: «Perdón, a veces me pongo sentimental, pero ahora me apetece bailar», esan du Azulejak. Bere dantzariak aurkeztu eta publikoa ere dantzan jarri asmoz koreografia bat irakatsi du; ‘Bigfoot’ kantua erabili du horretarako, lotsati batzuk dantzan jarriz. Mikroa utzi du abestian eta ondoren etorri den ‘Stepson’ abestirako berriz hartu, «So many bitches» edo «Fuck you stepsons» bezalako esaldiak tartekatzeko, dantzariekin performanceak segiz. Bidenabar, disidentziak aldarrikatzen zituzten beren presentzia hutsarekin bi dantzariek. 

Pixkanaka jendea gerturatuz ari zen Miramar ingurura, publiko zabalegirik ez, baina hori da Boga Boga, festibal txiki bat. «Mi proyecto se llama ‘Cringe’ por algo y no voy a acabar esto con tristeza» esan du emanaldi bukaeran Azulejak, diskorari izena ematen dion pop hit batekin eta Marta eta Miguel dantzarien laguntzaz bukatuz show performatiboa. Printzesa soineko eta koroa buruan zuela hori guztia. Hasiera dibertigarria ezbairik gabe jaialdiari. Mikro gabe «Gracias» eta «Eskerrik asko» oihu egin du oholtzatik denak agurtzeko.

Saguxarra, ilunpean

Esperimentazioa eta elektronika lantzen dituen Saguxar proiektua etorri da atzetik, Ane Segurola da honen atzetik dagoen musikaria, irundarra, eta lehen lan interesgarria aurkeztu du gaurkoan, ‘Sei mila urte’. Izan ere, esan dugun moduan, txikiagoak eta ohikoak ez diren proiektuei ematen diete tokia Boga Boga festibalean, nahiz eta atzerriko artista interesgarri eta entzutetsuak ere iristen diren Donostiara. Baxua, gitarra, sintea eta pedal festa ahotsa prozesatuz, hori da Saguxarrek eskaintzen duena. NAIZ Irratian hainbatetan entzun dugun ‘Magma geldo hoztu da’ abestiarekin iritsi gara eta zuzenean diskoan bezain fidela esan dezakegu irundarraren musika. ‘Herenegun’ instrumentalarekin jarraitu du, ambient munduan sartuz. Miramar Jauregiaren barruko areto batean izan da emanaldia, Antzoki Ezkutua deitu dutenean, iluntasuna labanda koloreko argiek apurtzen zuten pareta zurian islatuta. 

Halako batean ingelesez abesten hasi da, lekuz kanpo harrapatu gaitu eta Massive Attack taldearen hit-a den ‘Teardrop’ iruditu zaigu. Bere burua aurkeztu duenean baieztatu digu abesti hori zela. Gutxienez 12 pedal zituen oinen parean Saguxarrek; garrantzitsuena akaso looperra. Saguxarra bezala beltzez jantzita agertu da jendaurrera gaurkoan, iluntasuna maite duela agerikoa da bere soinuetan. Gitarra gorria utzi eta baxu beltzera aldaketa egin du aldaketa orduan, ‘Behin’ kantua etorri da une horretan, erritmo azkarxeagoan, baxuaren indarra gainerako elementuen lo-fi eta oihartzun muturrekoarekin kontrastean jarriz. Teknikari propiorik ez izateak halakoak ekartzen ditu.

Bolumenez apal zegoen aretoa, etxeko salako entzunaldi bat zirudien, isiltasuna eskatzen zuen uneak eta publikoak errespetatu du. Baina halako ezinegona sumatu du Saguxarrek eta «Azkena eta banoa, lasai» bota du zorrotz mikrofonotik. Baxua utzi, ur trago bat egin eta sintea, ahotsak eta pedalak erabili ditu azkenekorako,. ‘Lurraren geruzak’ abesti mistikoa izan da, behetik gora egiten duen kantua, txeloa, harpa, egurrezko haizeak, perkusioa… Oso anbientala eta geruzez josia, azken zatiko sinte indartsuagoak barne. Abesti dotorea emanaldi laburrari bukaera emateko.

Ukitu ‘britisha’ eta itsasoan bidaia

Rock alternatibotik edaten du Deadletter taldeak, nahiz eta post-punk bezala ere bataiatu izan duten. Londresko bandak lehen distortsio eta elektrizitate altuko dosiak eskaini ditu, motorrak berotzen joan zitezen bertaratuak. Seikotea lerroan, rock formazio ohikoan; ahotsa, bateria, baxua, bi gitarra eta saxofoiarekin. Azken honek perkusioa ere jotzen zuen, baita abeslariak ere. Kontzertu eta kontzertu artean atsedenik ez dugu izan, kantu eta kantu artean ere tamainan. Egunak laburtzen ari direla argi geratu zaigu, 20:30ean gaua iritsi baita gaurkoan. Inprobisaziotik eta esperimentaziotik dezente izan duen tarte baten atzetik ‘More Heat’ energikoa etorri da ingelesen eskutik. Dantzarako aukera ematen duen taldea dela erakutsi dute, baita ‘Binge’ kantuarekin ere, ilunagoa izan arren. Gitarra eta saxoaren arteko elkarrizketa dotoreak, instrumental tarte zabalak… Hala ere oso talde festibaleroa da inondik ere Deadletter. ‘Deus’, ‘Mere Mortal’ eta ‘It flies’ eskaini ostean etorri da agurra, abiadura azkarrean etorri ere.

Judeline, Karmento, Rodrigo Cuevas… bada lerro horretan edo ildo horretatik koka genezake Le Parodyk egiten duen proposamena ere, esperimentalagoa akaso; giro bitxia sortu du malagarrak. Kanpai doinuak, sinteak eta tronpeta saio zabaltzeko. ‘Un remedio’ kantuarekin izan da hasiera, Andaluzia eta Afrika iparraldea batzen dituen doinuak dituen kantua, fusioari oinarri elektronikoak batuta. Perkusioan kriskitin tankerako soinuak eta Aste Santuko oihartzuna danbor eta tronpeten laguntzarekin; oso bitxia dena. Une batean sinte eta armonizazioak Galiziako folkera edo mundu zeltiarrera eraman gaitu, baina Ekuatore Gineako Las Hijas del Sol edo Värttinä finlandiarrak bezalako proiektuak gogora ekarriaz. Itsasoak batuko du dena ziurrenik. Eta ‘marko paregabea’ atzeko aldean zela zentzu gehiago zuen horrek. 

Jendea zelaian zutik, beste batzuk eserita eta gutxi batzuk hamakan jarrita kontzertua entzunaz, parkeko bankuak ere kotizatuta zeuden. Harmonizer batetik pasatako ahotsak, tronpeta sotilak, 808 indartsuak eta hautatutako erritmoak dantzara gonbidatzen zuen publikoa. Puttaneska artistarekin egindako ‘Virtudes’ etorri da atzetik, kaskainetak eta kriskitinak entzuten zirela, bonboa beltzetara zihoan bitartean. Soinu banku oso zabala Le Parodykoena. «Gracias por invitarnos, vaya pedazo de escenario», esan dute ‘La piedra’ aurkezterakoan. Bonbo eta kutxa nahikoa hip-hoperoak, trance sinteak eta txarles houseroa, dena oso anbiental giroan, hori dena zuen kantuak Chambao ekarri digu gogora. Atzetik, Camaronen bertsio technero bat ere eskaini dute, autotunea topera erabilita. Baina jendea pixkanaka gutxituz joan da oholtza parean, afaldu eta Leon Benavente ikustera joateko.

Gaueko protagonistak, Leon Benavente

Gaueko protagonista nagusiak, berriz, duela ez hainbeste Jazzalditik ere pasa eta sekulako kontzertua eskaini duten Leon Benavente taldekoak izan dira. ‘Nueva sinfonía sobre el caos’ lan berria aurkeztu dute eta, betiko moduan, zuzenekoan sekulako taldea direla erakutsi indiearen unibertsoan. ‘Úsame / Tírame’ kantuarekin hasi dute saioa, indartsu eta oso elektroniko. Oholtza txikiagoan ziren gaurkoan Zurriolako emanaldiarekin alderatuz, argi ikuskizuna xumeagoa izan da, baina zegoenarekin bikain jolastu dute. Jaialdiaren txikitasunak xarma eta berezitasun hori badu, taldeak oso gertutik jarraitu eta sentitzeko aukera ematen du.

Azken diskoko ‘A la moda’ etorri da atzetik, gitarrak protagonismo handiagoa duena. Jostari eta dantzagarria eta baxua konstantzian. Baterian soinu aldaketak antzematen ziren triggerrei esker eta bi mikrofono zituen ahotserako, efektuarekin jolasteko. Bitxia iruditu zaigu koro denak aurretik grabatu eta botatakoak izan direla. ‘Nada’ abestiarekin kritika sozial bat gehiago taularatu dute, hortik asko baitu Leon Benaventek, bizitzaren zamaz eta gogo faltaz hitz egiten duen kantua izan da. Elektronikak presentzia gehiago hartu du abestiaren hainbat zatitan, dinamika asko du abestiak eta gitarra eta sintetizadoreen alternantzia maisuki erabili dute. 

Diskoz aldatu dugu eta spoken word hain berezgarri horretan etorri da ‘Amo’ abestia, Eva Amaralen kolaborazioa duena, nahiz eta gaurkoan hura agertu ez. Rock sendoagoa, erdi tempo batean kasik, abesti interesgarria. «Nos dimos a conocer con esta canción hace poquito, somos un grupo emergente. Quiero que cantéis a pulmón, que sea un coro», esan du pianoan eserita Abraham Boba abeslariak, beren eskualdeko suteak oroitu ostean. ‘Ánimo, valiente’ izan da abesti hori eta publikoak bikain erantzun du. Urdin turkesa eta fuksia kolorea nagusi, neoizko argien tonalitatean eta argitzalekin jolastuz. Dena elegantziaz, ohiko moduan.

Abiadurak eta elektrizitateak gora egin dute ‘California’ abestiarekin eta disko berriko ‘Baile existencialista’ kantuarekin, azken hau akaso aurreko lanetatik jarraikorrena den kantua. Indarra, spoken worda eta dantzagarritasun dosi interesgarria dituen abestia. Ahotsaren efektu robotiko-debaruzko bat ‘Mítico’ abesti pausatuagoan, nahiz eta eztanda egin eta erritmo dantzagarrietara joan garen berriz ere. Azken diskoa, ‘Nueva sinfonía sobre el caos’ aipatzen duen ‘Su verso’ kantua etorri da gero, eta indieago den unibertso batetik mugitu talde espainiarra. ‘Tipo D’ eskaini dute atzetik, eta erretiratu berri El Columpio Asesino talde nafarra ekarri digu gogora ezbairik gabe, ‘Toro’ kantuaren sinte soinu berbera baitu abesti honek konstante batean, nahiz eta gero ez izan ibilbide bera. Baxu eta baterian sekulako lana dagoen ‘Qué cruel’ kanturekin erritmoari eutsi dio taldeak.

Beste pausa bat duen abesti jostaria, diskoko single moduan etorri zen ‘La aventura’ kantutzarra entzun dugu segidan. Pop hit bat ezbairik gabe, baina Bobaren spoken word bereizgarriarekin. Berriz ere abiadura igo da ‘Ser brigada’ kantuarekin, hitzek espazio gehiena betetzen zuten piezan. Boba berriz ere jendea probokatuz aritu da interakzio bila eta jendea burua astinduz eta dantzan ikusi dugu, pozik denak. «Sois unos disfrutones», esan dio publikoari abeslariak

Azken zatiari hasiera eman diote ‘En el festín’ kantu elektronikoago batean, bateria oso houseroa eta dantzara bideratutako errepika eta sinteak lagun. Bukatzeko, rockeroagoa izan den atalera pasa gara ‘Gloria’ abestiarekin eta ‘Ayer salí’ abestirako publikora jaitsi da Boba, ohiturari jarraika. Abesti horrekin etorri da ordu eta laurdeneko emanaldiari agurra.

Azkenburuko sorpresa

Sorpresa, aldiz, Jacques artista paristarrak eman digu, ezezaguna zitzaigun eta indie-pop zinez interesgarriaz gozatu dugu. 

Miramar Jauregia galako jantzi da eta eskaintza Easo plazara eta DabaDabara luzatuko da, gainera, asteburuan. Txikitik, xumetik, baina kalitate bikaineko proposamenekin, denon eskura dagoen jaialdia, denoka elkarrekin arraunean egiteko aukera ematen duena. Hori da Boga Boga festibala.